Bost hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorra ezarri diete Baionako mobilizazioetan atxilotutako biri

Zenbait poliziari pinaburuak bota izana leporatu diete: gertakariak onartu dituzte bi gazteek. Gibelapenezko kartzela zigorraz gain, bi urtez armak eramateko debekua ere ezarri diete.

Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko urriaren 22a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbateko Baionako mobilizazioetan atxilotu zituzten beste bi pertsona epaitu dituzte gaur, Baionako auzitegian: bost hilabeteko kartzela zigorra eman diete, gibelapenarekin. Bi urtez armak eramateko debekua ere eman diete. Bi gazteetarik bat kanpoko aktibitate formatzailea da lanbidez, eta onartu diote justiziako bilduman auziaz deus ez agerraraztea, bestela ezin bailuke gehiago haurrekin lan egin.

Zehazki, honako ekintza hauek leporatu dizkiete: aurpegia nahitara gorde izana; Poliziaren kontrako bortizkeria, ezgaitasun larriagoturik ondorioztatu ez duena; «arma batekin» jende metatze batean parte hartu izana —poliziei pinaburuak jaurtitzea egotzi diete zehazki—; bortizkeria edo andeatzeak antolatzera zihoan talde batean parte hartu izana. Azken hori aparte, denak onartu zituzten bi gizonek, eta errudun izendatu dituzten horiendako. Denbora berean, azken horrengatik hobengabetu dituzte biak, ez zelako elementurik frogatzeko halako egitaterik taldean betetzeko asmorik zutenik frogatzeko; prokuradoreak, alta, kalifikazio hori ere mantentzeko galdegin zuen.

Bi gazteak aski lasaiturik ageri izan dira epaimahaiaren ebazpena entzutean, lana galtzeko arriskua zuena, batez ere. Epaileak erabakitzera atera aitzin, prokuradoreak bere hitz hartzea egin du, aitzinetik iragan diren auzipetuei baino tonu larriagoa erabiliz: «Afera negargarria da, eta zinez kezkaturik nago. Leporatzen zaizkienak biziki grabeak dira. Baionan gara, ez Parisko aldiri batean, halakorik gertatzeko xantza gehiago litzatekeen gune batean...». Hamar hilabeteko gibelapenezko zigorra galdegin zuen berak, baita Pirinio Atlantikoetako Departamenduan manifestatzeko debekua ere.

Halere, bi gazteen abokatuak azpimarratu duenez, «pinaburuak dira bota dituztenak, ez da ongi, baina ez da agian azpimarratutako larritasunaren heinekoa». Gainera, zehaztu du jaurtigaiak Poliziarengandik ehun metrora bota zituztela gazteek.

Burua tapatzeari dagokionez, prokuradoreak erran du «ez dela gordetzen bere egitateak asumitzen dituenik». Baina abokatuak oroitarazi du Poliziak erabilitako negar gasez babesteko erabili dituztela maska kirurgikoak eta igeritako betaurrekoak.

Manifestazio baten testuinguruan gertatu baitira gaur leporatu zaizkienak. Bizitzaren garestitzea eta eros ahalmenaren apaltzea salatzeko, hamar milaka jende atera ziren karrikara joan den larunbatean, urriaren 17an, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Baionan ere manifestazioa egin zuten 5.000 bat pertsonak, eta, orokorrean bazterrak anple egon baziren ere, zenbait istilu izan ziren Baionako suprefeturaren inguruetan: Poliziak gertakari horien ondorioz atxiki zituen gaur epaimahaiaren aitzinera agertu diren 24 urteko bi gizonak.

Kontrol judizialpean izan dira gaurko auzia heldu arte, nahiz Baionako prokuradoreak haien behin-behinean atxilotzea galdegin zuen.

«Fermutasunez erantzun»

Asteburua pasatu bezain laster jauki zituzten auzitegira larunbateko mobilizazioetan atxilotutakoak: manifestazio egunaren harira atxikitako bederatzi pertsonen artean, zazpi behin-behinean atxilotu zituzten, eta horietarik sei auzipetu dituzte. Prokuradoreak geroztik jakinarazi duenez, sei auzipetuetako biri kartzela zigorra eman diete jada, gibelapenarekin. Gaurko auziaren berdintsua izan da astelehenean egin zietena: bi zigortuek ez zuten aurrekari judizialik, eta aitzinetik aitortu dituzte egindakoak. Gibelapenezko kartzela zigorraz gain, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko manifestazioetan parte hartzea debekatu zaie, baita armak eramatea ere.

Azken bi pertsonek epaiketaren gibelapena galdegin dute, eta, beraz, auzi saioaren eguna iristen zaien artean, kartzelan sartu dituzte biak, behin-behinean. Bi pertsona horiek aurrekari judizialak dituzte.

Pertsonak segidan epaitu eta atxilotzeko dinamika, halere, ez da Baionakoa bakarrik: lizeotarren mobilizazioen denboran, jadanik, Baionako prokuradoreak agiri batean idatzi zuen egoerari «zalu eta fermu erantzuteko» agindua betetzeko ahaleginetan ari zirela. «Azpimarratu nahi dugu gazte adingabeak direla gehienak, aurrekari penalik ez dutenak; hemendik aitzina, izanen dituzte», adierazi zuen fiskaltzak, zabaldutako ohar batean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA