Asteburua pasatu bezain laster jauki zituzten auzitegira larunbateko mobilizazioetan atxilotutakoak, atzo, Baionako auzitegian. Manifestazio egunaren harira, bederatzi pertsona atxiki zituzten, eta horietarik zazpi behin-behinean atxilotu, Poliziari jaurtigailuak botatzea leporatuta, hots, «bortizkeria larriagotua» erabiltzea. Baionako prokuradoreak atzo gauean bidalitako agiriaren arabera, biri kartzela zigorra eman diete jada, gibelapenarekin.
Zehazki, bost hilabeteko zigorra da bat, eta sei hilabetekoa bestea, epe laburrean ber motako delitu bat berriz eginez gero bete beharko lituzketenak. Bi zigortuek ez zuten aurrekari judizialik, baina, prokuradoreak adierazi duenez, «fermutasun osoz erantzun» nahi izan diete larunbatean «segurtasun indarren kontra egin izan diren bortizkeriei». Bi akusatuek aitzinetik aitortu dituzte egindakoak, eta horrela eman dizkiete kondenak: gibelapenezko kartzela zigorraz gain, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko manifestazioetan parte hartzea debekatu zaie, baita armak eramatea ere.
Beste bi pertsona atzoko auzi saioetan bertan epaitzekoak zituzten, baina epaiketaren gibelapena galdegin dute, eta, beraz, auzi saioaren eguna iristen zaien artean, kartzelan sartu dituzte biak, behin-behinean. Bi pertsona horiek aurrekari judizialak zituzten.
Ikusi gehiago
Azken biak ostegunean epaitzekoak dituzte arratsaldeko auzi saioetan. Kontrol judizialpean egonen dira anartean, nahiz Baionako prokuradoreak haien behin-behinean atxilotzea galdegin zuen. Horiei ere datozen egunetan Pirinio Atlantikoetako Departamenduko manifestazioetan parte hartzea debekatu zaie, baita armak eramatea ere.
Zazpi pertsona atxiloturik ere, agirian sei pertsonaren egoeraz baizik ez dituzte zehaztapenak eman. Eta, adierazi dutenez, ikerketa gehiago martxan ezarriak dituzte «hirian izandako bortizkerian parte hartu dutenak identifikatu eta auzipetu ahal izateko». Batez ere, Baionako bideozaintza sistema baliatuz egiten dute lan hori.
Pertsonak segidan epaitu eta atxilotzeko dinamika, halere, ez da Baionakoa bakarrik: lizeotarren mobilizazioen denboran, jadanik Baionako prokuradoreak agiri batean idatzi zuen egoerari «zalu eta fermu erantzuteko» agindua betetzeko ahaleginetan ari zirela. «Azpimarratu nahi dugu gazte adingabeak direla gehienak, aurrekari penalik ez dutenak; hemendik aitzina, izanen dituzte», adierazi zuen fiskaltzak, zabaldutako ohar batean.