Frantziako lizeotarren oldarraldiari lotu zaizkie Baionako lizeoetako ikasleak ere. Cassin, Lauga, Etxepare, Paul Bert, Louis-de-Foix, Cantau... Hezkuntzarako baliabide gehiago eskatu, eta azken egunetan indarkeria poliziala jasan duten Frantziako ikasleei babesa adierazi: horiek dituzte motibazioak.
Cassin lizeoaren aitzinean ehun bat lizeotar bildu dira goizean goizik egoitzarako sarrera blokeatzeko asmoz. Lauga lizeoan berdin, baina fite abiatu dira Poliziaren eta lizeotarren arteko tentsioak. Mugimendu anitz izan da, eta, ikasle batzuek kontatu dutenez, matrakarekin joak izan dira zenbait. Negar gasa ere bota diete bertaratutako gazteei.
Horregatik, eta saldo handian egotea nahiago zutelako, ikasleak joan-jinka ibili dira Lauga eta Cassin lizeoen artean, patar batez besterik ez baitira bereiziak.
BERRIAri jakitera eman zaizkion informazioen arabera, gutienez hiru gazte atxilotu dituzte Baionan goizeko mobilizazioak hasi direnetik.
Goizaldi erditsuan, Baiona Ttipiko Paul Bert lizeoaren inguruetan, ikasleak eskuin-ezker korrika ari ziren, poliziei ihes egin nahian. Anonimoki mintzatzera ausartu diren bi neska gaztek horien beldurra adierazi dute: «Adingabeei gasak bota dizkiete, identifikatu gabeko autoetan hurbiltzen dira, ez dute erraten poliziak direnik... Zernahi da. Izialdura da hemen». Ahotsa kexu eta dardarti, lizeoara buruz abiatu dira berriz, «lizeotarren defenditzera», mobilizazioetara juntatu badira ikaslegoaren asearengatik izan delako hatsarrean: «Ezin dugu gehiago. Parcoursup sistemak izorratzen gaitu, irakasleak eskas ditugu, ura sartzen da teilatuetarik, 13:00etarik goiti ez da gehiago jatekorik kantinan jakinik ere bost euro ordaintzen dugula bazkaria... Momentu batez aski da».
Baionako Paul Bert lizeoaren aitzinean ikasleen kontra kargatu du Poliziak, negar eragiteko gasa erabilita. Ikasleak alde guztietara korrika egin dute. Nahasmendu handia dago. 10:30ean dute manifestazioa. @berria pic.twitter.com/X7NMEU5eDI
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) October 1, 2026
Azken egunetan irudi bortitzak izan dira, Poliziak gogor egin baitu ikasleen kontra: negar-gasa erabili dute Parisen, flashball tiroak egin, eta granada bat bota diote ikasle bati metro batetik.
Orain baionesak ere batu zaizkie mobilizazioetara.