Baionako ospitaleak kudeatuko du Donibane Lohizuneko klinikako larrialdi zerbitzua

Orotako medikuntza zerbitzu berria plantatuko dute, baita onkologia zerbitzu bat ere, astean bi egunez irekiko dutena. Eskualdeko Osasun Agentziak diruz lagunduko du proiektua.

Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdien zerbitzuaren mantentzearen aldeko mobilizazioa, otsailean. PATXI BELTZAIZ
Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzuaren mantentzearen aldeko mobilizazioa, otsailean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2025eko irailaren 8a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) poliklinikako larrialdi zerbitzua irekirik atxikiko zutela hitzeman zuen Frantziako Osasun ministroak uztailean. Ondoko galdera zen: nola? Iritsi da erantzuna: Baionako ospitaleak kudeatuko du. Hori baino gehiago, orotako medikuntza zerbitzu berria plantatuko dute, baita onkologia zerbitzu bat ere, astean bi egunez irekiko dutena.

Baionako ospitalearen laguntza ez ezik, Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziaren (ARS) laguntza ere jasoko du poliklinikak, batez ere obrak egin beharko direlako. Orduan, diruz sostengatuko du proiektua ARSak, larrialdien zerbitzu berria 2026ko otsailean abiarazteko gisan. Mementokotz aurreikusten dute ARSak obrak diruztatzea baina funtzionamendua Baionako ospitalearen gain uztea. Zehaztu behar da Baionako ospitaleak 21 milioi euroko defizita zuela iaz, eta ekonomiak egiteko plan bat eramaten hasiak direla, hainbat artatzaileri kontratuak etenez, adibidez.

Tokiko eragileak udan zehar bildu dira aterabide baten atzemateko eta larrialdien zerbitzua ez hesteko, zeina irailaren 15ean gertatu behar baitzen. Negoziazio horiek poliklinikako zuzendaria gabe egin dituzte, elkarrizketak errazteko. Hain zuzen, ekainean zuzendaritzak jakinarazi zuen ez zuela berrituko larrialdi zerbitzuaren atxikitzeko ARSari egin behar zaion galdea, diru galtzeak handiegiak zirelakoan; zerbitzua irailean hetsi behar zuten, ondorioz.

Berria zabaldu bezain laster, langileak eta inguruetako ordezkari politikoak asaldatu ziren, hala nola jean François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza eta Peio Dufau hautesbarrutiko diputatua. Frantziako Asanblean zela, Donibane Lohizuneko klinikaren egoeraz ohartarazi zion Dufauk Osasun ministroari, eta, azkenean, Yannick Neuder ministroa poliklinikara hurbildu zen uztail hondarrean. Funtsean, bazuen zenbait hilabete larrialdien zerbitzua egoera txarrean zegoela: gau batzuetan hestera behartuak ziren, eta, azkenean, poliklinikako zuzendaritzak deliberatu zuen ez berritzea larrialdi zerbitzuak aitzina egiteko kontratua. Eragileak beldur ziren erabaki horrek ekarriko zituen ondorio nabarmenez, batez ere beste larrialdi zerbitzuetan eraginen zituen jende saldoez, Baionan eta Donapaleun (Nafarroa Beherea).

Larrialdi zerbitzua irekirik mantentzearen alde, greba aldiari hatsarre eman zioten langileek, CFDT sindikatuak bultzaturik, batez ere; lau egun iraun zuen. Orokorkiago, lan baldintza hobeak ere eskatu zituzten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.