Barakaldoko hilketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deitu du hiriburuetako deialdietara, eta Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxearekin batera antolatu du Barakaldoko mobilizazioa. Itaiak eta Euskal Herriko Gazte Feministek bat egin dute deialdiekin.

Ertzaintza, erailketa gertatu zen Barakaldoko etxearen atarian, atzo goizean. EFE
Ertzaintza, erailketa gertatu zen Barakaldoko etxearen atarian, atzo goizean. EFE
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko abenduaren 23a
12:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean Barakaldon (Bizkaia) gertatutako hilketa matxista salatzeko, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kaleak hartzeko deia zabaldu du, eta hainbat mobilizazio antolatu ditu Barakaldon bertan eta Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Barakaldoko mobilizaziorako deia Argitan herriko emakumeentzako aholku etxearekin batera egin du.

Lehenengo protesta Donostian egingo dute: 18:30ean elkartuko dira, Bulebarrean. Barakaldon, Bide Onera plazan hasiko da mobilizazioa, 19:00etan. Handik ordu erdira elkartuko dira Bilbon —Unamuno plazan— eta Gasteizen —Andre Maria Zuriaren plazan—. Gaurko mobilizazioetan azkena Iruñean egingo dute: 20:00etan, Udaletxe plazan. Barakaldoko Udalak, berriz, 12:00etarako deitu ditu herritarrak, indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratzea egiteko.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa elkarteak antolatutako deialdiekin bat egin dute Euskal Herriko Gazte Feministek eta Itaiak. Azken horrek, hiriburuetan ez ezik, beste herri batzuetan ere egingo ditu elkarretaratzeak: Azkoitian, Tolosan (Gipuzkoa), Altsasun, Lizarran (Nafarroa) eta Gernika-Lumon (Bizkaia), besteak beste.

Legebiltzarrean ere bai

Eusko Legebiltzarrean, datorren urteko aurrekontuak onartzeko saioa egin dute gaur, baina atzoko hilketa salatzeko tartea ere hartu dute. Saioaren hasieran, Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak adierazpen instituzional bat irakurri du, eta, horren ostean, minutu bateko isilunea egin dute.

Aurrekontuen saiora sartu aurretik, Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuak baieztatu egin du atzo atxilotu zuten gizonak bortxa erabili zuela emakumeak «bizitza galdu zuen arte»; oraindik epailearen aurretik igarotzeko zain dago atxilotua. Eta iragarri du gaur bertan eramango dutela akusatua epailearen aurrera.

Barakaldoko Udalak adierazi du auzian parte hartuko duela, herri akusazio gisa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.