Barkosek garrantzia kendu dio Cerdanen rolari: «Nire harremanak beti izan ziren Maria Txibiterekin»

Bere agintaldian izandako herri lanen inguruko galderei erantzuteko deitu zuten Barkos batzordera, baina Esparzak Cerdani eta Alonsori erreparatu die nagusiki. Presidente ohiak esan du bilera «gutxi batzuk» izan zituela Alonsorekin.

Barkos gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Barkos gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko maiatzaren 12a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Satisfazioz nator batzorde honetara, argi defendituta ikusi baitut nire gobernuan egin ziren adjudikazioen legezkotasuna». Hitz horiek esan ditu Uxue Barkos Nafarroako presidente ohiak lurralde hartako parlamentuko ikerketa batzordean hitza hartu behar izan duenean, eta horixe bera defenditu du egindako adierazpen guztietan. Alderdietako eledunek ere ez dute zalantzan jarri Barkos, ezta UPNko Javier Esparzak ere. Hark PSN jarri nahi izan du ezbaian, eta Antxon Alonso Servinabarreko buruarekin eta Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiarekin izandako harremanez galdetu dio batik bat. Barkosek, baina, garrantzia kendu dio Cerdanekin izandako harremanari: «Bilera bat baino gehiago izan genuen, baina nire harremanak beti izan ziren gaur egungo presidente Maria Txibiterekin. Errespetu osoa [PSNko] idazkari nagusiaren figurari, harekin negoziatu dut beti».

Bere agintaldian (2015-2019) egindako esleipen publikoen inguruko galderei erantzuteko deitu zuten Barkos ikerketa batzordera, eta zenbait adjudikazioren inguruan galdetu dion arren, Esparzak Alonso eta Cerdan izan ditu hizpide nagusi. Lehenari dagokionez, Barkosek adierazi du ez duela oroitzen nork aurkeztu zion, baina gehitu du Geoalcali enpresaren ordezkari gisa ezagutu zuela, Mina Muga proiektuari lotuta. Haren hitzetan, bilera «gutxi batzuk» besterik ez zituzten egin, Espainiako Gobernuak hartu baitzuen proiektua tramitatzeko ardura.

Horiek hala, ez ditu ontzat jo Geoalcaliko zuzendari nagusi izandako Pedro Rodriguezek batzorde berean esanak. Hark adierazi zuen Barkosekin biltzera joan eta gela barruan topatu zuela jada Alonso, iradokiz hark eta Barkosek harremana zutela. Barkosek ukatu egin du: «Ez dut halakorik gogoan, eta ez zait arrazoizkoa iruditzen inola ere».

Esparzak gehiago sakondu du Cerdanen kasuan, eta adierazi du hark interes politiko eta ideologikoetatik harago lan egin zuela Pedro Sanchez eta Txibite gobernuetara iristeko eta haiek bere interes pertsonalen alde erabili ahal izateko. Are gehiago, Alderdi Sozialistaren jardunaren «kontrol osoa» hark zuela esan du: «Denok dakigu Cerdanek Otegirekin negoziatu zuela EH Bilduren babesa Madrilen, ziurrenik baita Nafarroan ere, eta aitortu zuen Iruñeko zentsura mozioa ere negoziatu zuela. Cerdan ez zen bigarren mailako aktore bat».

«Ulertuko duzu ez naizela hasiko justifikatzen edo ziurtatzen zein den haien egitura edo botere oreka», erantzun dio Barkosek, Cerdanek PSN barruan izan zezakeen rolaz galdetuta. Era berean, ukatu egin du 2019ko eta 2023ko gobernu akordioak harekin negoziatu izana. Are gehiago, behin baino gehiagotan berretsi du Txibiterekin negoziatu zuela «beti»: «Interes legitimo bat zegoen indar progresistek gobernu bat osatzeko».

Era berean, Barkosek adierazi du Cerdanek ez zuela inongo rolik izan bere agintaldian Espainiako Gobernuarekin izandako harremanetan, eta adierazi du zegokien ministerioekin hitz egiten zuela hala behar zenean; edonola ere, EAJren laguntzarekin. Une hori baliatu du Barkosek Esparzari dardo bat jaurtitzeko, esan baitio berak ez zuela «Madrilen bilerarik egin» gobernura iristeko. Hain zuzen, Esparzak egin zuen agerraldian, UPNko eledunak aitortu zuen Sanchezekin bilera bat egin zuela 2018an, hurrengo Nafarroako Parlamenturako bozen ostean UPNren eta PSNren arteko akordio bat sustatzeko asmoz.

UPNren jarreraz kexu

Gobernua babesten duten alderdietako ordezkarien itaunketak atseginagoak izan dira. Javier Lekunberri PSNko kideak gogoratu du auzitegiak ez direla Nafarroako obra bakar bat ere ikertzen ari, eta salatu du batzordean «obrei lotutako» auziez hitz egin beharrean «harreman politikoez eta alderdi politikoek hartzen dituzten erabakiez» mintzo direla zenbait eledun: «Baliteke baten batek pentsatzea ez dela Nafarroako obrez esateko beste ezer geratuko».

Hitz horien atzean UPNrentzako mezu argi bat zegoen, baita Pablo Azkonak Geroa Baiko eledunak esandakoen atzean ere. Haren esanetan, ikerketak balio izan du, besteak beste, argi uzteko erregionalistek «egoera zail batean» utzi zutela Belateko tunelen auzia.

Adolfo Araiz EH Bilduko ordezkariak, berriz, ikerketa batzordearen beraren jardunaz galdetu dio Barkosi, eskatu baitio alderatzeko Nafarroako Parlamentua egiten ari den lana eta Espainiako Senatuarena. Barkosek uste du bien arteko aldea nabarmena dela. «Kezka sortzen duen errealitate bat ikusita, parlamentu honen erantzuna hilabeteetan serioski lan egin duen ikerketa batzorde bat sortzea izan da», adierazi du Nafarroako batzordeaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA