«Ni hemen nago Belateko adjudikazioa salatu dudalako, PSN salatu dudalako eta Santos Cerdan salatu dudalako». Asteartero legez, Javier Esparza UPNko eleduna Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeko aretoan sartu da, baina oraingo honetan ez da UPNri egokitutako txokoan eseri, galdekatuaren jarlekuan baizik. Ez zaio oraingoan egokitu tinko galderak egitea, beste taldeen galderei erantzutea baizik. Galdekatzailea, galdekatua.
Javier Esparza Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilari izan zen 2012tik 2015era, Yolanda Barcinaren agintaldian. 2014an, bere departamentuaren esku egon zen Nafarroako Ubidearen lehen fasea zabaltzean 15.275 hektarea ureztatzeko kontratuaren lizitazioa. Zehazki, adjudikazio prozesua Intia sozietate publikoak zuzendu zuen, eta 30 urterako ustiapen kontratua OHL eta Aguas de Barcelona enpresen elkarteari eman zitzaion amaieran—158 milioi euroko aurrekontua zuen—.
«Ni hemen nago Belateko adjudikazioa salatu dudalako, PSN salatu dudalako eta Santos Cerdan salatu dudalako»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
PSNk prozesu hartan esku hartze politikorik egon ote zen argitzeko deitu du batzordera. Duela hamabi urte egindako prozesuaren atzean, Belate dago. Esparzak Nafarroako Gobernuaren aurka erabilitako jarrera agerian utzi eta haren kontraesanak azalarazi nahi izan ditu PSNk; Esparzak, berriz, kontraerasora jokatu du, eta hasieratik PSNren asmo politikoa salatu du. «Hau mendekua da, gutxi dago hemen ikertzeko».
Galdekatzaileak ordubete izan ohi du galderak egiteko; galdekatuak, berriz, denbora sobera du talde guztiei erantzuteko. Hala, gidoitik atera eta kontu politikoez ere hitz egin du Esparzak. Otsailaren 11n, Santos Cerdan Antolamendu idazkari ohiak Esparzaren aurka hitz egin zuen batzordean, eta bi hilabete geroago, hari erantzun dio.
Cerdanekin bildu zen, 2017an
Adibidez, onartu du Santos Cerdanekin bildu zela Madrilen. Haren hitzetan, ez zen 2019an izan, «2017an baizik». UPNk aztertu nahi zuen aukerarik ba ote zen hurrengo legealdian Nafarroako Gobernua sozialistekin osatzeko. «Ondorioztatu nuen ezinezkoa izango zela erabakia Cerdanen esku egonez gero». Gaineratu du horregatik proposatu zuela Navarra Suma koalizioa osatzea Ciudadanosekin —gerora, PP gehitu zen—. Haren esanetan, garai hartan bolo-bolo zebilen Ciudadanosek PSOErekin Espainiako zenbait autonomia erkidegotako gobernuak hitzartu zitzakeela, «eta horrek Nafarroan eragin zezakeen».
Era berean, Esparzak azaldu du 2018ko urriaren 30ean Moncloan bildu zela Pedro Sanchezekin, Espainiako gobernuburua Uxue Barkos orduko lehendakariarekin bildu bezperan —lehen aldiz trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa adierazi zion Sanchezek Barkosi bilkura hartan—. PSOEko idazkari nagusiak diskrezioa eskatu zion Esparzari, eta hark gaur arte ez du horren berri eman. «Sanchez gobernura iritsi berri zen, eta Nafarroan biok geunden oposizioan», gogorarazi du. Haren asmoa zen Cerdanen eragin ahalmenetik at PSOErekin «komunikazio hari bat irekitzea», baina bide hura eta Navarra Sumaren apustua gaizki atera zitzaizkion UPNri.
«Moncloan esan zidaten PSOEk batzorde kudeatzaile bat jarriko zuela Maria Txibite eta Ramon Alzorriz kentzeko»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Izan ere, Sanchezek 2019ko apirilean hauteskunde orokorretara deitu zuen, eta, haien ostean, Ciudadanos hirugarren geratu zen, PPrengandik gertu. «Albert Riverak uste zuen Pablo Casadoren PP gainditu zezakeela, eta erabaki zuen PSOErekin akordiorik ez egitea ez autonomia erkidegoetan ez eta maila nazionalean ere. Bien arteko baturak Espainiako Gobernua osatzeko gehiengoa ematen zuen. Ondorioz, Nafarroan ere ez zen akordiorik egon», azaldu du.
Dena den, Esparzaren hitzetan, 2019ko uda hartan, Pedro Sanchezek ez zuen nahi PSNk EH Bildurekin akordiorik egitea: «Moncloan esan zidaten PSOEk batzorde kudeatzaile bat jarriko zuela Maria Txibite eta Ramon Alzorriz kentzeko eta haien ordez Javier Remirez eta Guzman Garmendia jartzeko». Aipu horrek sozialisten haserrea piztu du.
Iribarrenekin erlaziorik ez
Azkenik, Cerdani erantzunez, ukatu egin du Francisco Iribarren aita ponteko politikoa duela. Iribarren 2007ra arte Nafarroako Gobernuko presidenteorde izan zen, eta 2013an Aguas de Barcelona enpresako zuzendaritzan sartu zen, Nafarroako Ubidearen ureztatze lurren kontratua adjudikatu baino hilabete batzuk lehenago. Esparzak esan du Iribarrenen herrikidea dela, baina azaldu du ez zuela harekin harremanik, «beste belaunaldi batekoa» delako eta Agoiztik kanpo bizi zelako.
2014ko adjudikazio prozesuari dagokionez, azpimarratu du Nafarroako Kontuen Ganberak legezkotzat jo zuela eta garai hartako oposizioak ez zuela gaia politikoki salatu. Dena den, hainbat kontu geratu dira airean. Alde batetik, kontratazio mahaiak balorazio teknikoaren emaitza jakinarazi baino ordu batzuk lehenago, 2014ko otsailaren 10ean, Javier Esparza orduko kontseilariak prentsaurreko bat eman zuen eta elkargo profesionalen txostenak aintzat hartzeko gomendatu zion mahaiari. Esparzaren esanetan, gomendio hura kontrol neurri bat gehiago zen, eta mahaia aske zen nahi zuena egiteko. «Guk ez genion inondik ere presiorik sartu».
Beste alde batetik, prozesu hartan ez da argi geratu nola egin zen puntuazio teknikoa. Era berean, balorazio teknikoa egin eta eskaintza ekonomikoak aztertu aurretik, kontratazio mahaiak baimen moduko bat eskatu behar izan zion Intiako administrazio kontseiluari, eta bertako kide zen Esparza. Mugimendu hori erabat ezohikotzat jo du EH Bilduko Adolfo Araizek, eta Esparzak erantzun du prozesua legediaren arabera egin zela.