Global Sumud Flotillako boluntarioa

Itzi: «Badakigu Israelek esku hartuko duela, baina irmo goaz gure helburua betetzera»

Gazara bidean da Itzi, Global Sumud Flotillako itsasontzietako batean. Gogoan ditu zerrendara laguntza eramateko aurreko saiakerak: «Legea urratzen baldin bada, Israelek urratuko du, ez guk».

Global Sumud Flotillako ontzi bat, Bartzelonako portuan, igandean. J.P. GANDUL / EFE
Global Sumud Flotillako ontzi bat, Bartzelonako portuan, igandean. J.P. GANDUL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 2a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ura, ura, ura eta ura». Itsasontziko kareletik horixe besterik ez du ikusten Itzik, eta horixe besterik ez du ikusiko egun batzuez. Atzo iluntzean, Global Sumud Flotilla beste behin atera zen Bartzelonatik Gazako zerrendarantz, bezperako «kristoren ekaitzak» lehorrera itzularazi zituelako barku guztiak. Handixeagoak dira horietako batzuk, eta ez dute hainbesteko balantzarik egiten itsaso zakarrean; beste batzuk, berriz, txikixeagoak dira, eta gehiago mugitzen dira olatuen artean. Belaontziek atzera egitea erabaki dute gaur, baina berriro abiatzekoak dira ahalik eta lasterren, flotillako boluntario euskaldunaren arabera; ez du abizenik eman izan nahi, segurtasunagatik. Eguraldia oso alde izan ez arren, «aurrera jarraitzen dugu; behingoagatik, bagoaz harantz».

Egun batzuetako bidaiari ekin diote flotillakoek, eta Mediterraneo itsasoaren erdian zailtasun teknikoak izan dituzten arren, azkenean, Itzik lortu du telefonoz hitz egitea. Elkarrizketaz elkarrizketa ibili da telefonoa hartu duenetik, eta ez zaio axola ekintzaren helburua «hamaikagarrenez» errepikatzea: «Genozidioa geldiaraztea», nola edo hala. Gogorarazi du zerrendako erasoaldia ez dela azken bi urteotako kontua, Israel aspaldi hasi zelako palestinarren kontra, eta salatu du 2023ko urriaren 7tik egoerak «muturrera» besterik ez duela egin.

Israelek erabakitzen du zer laguntza eta zenbat laguntza sartzen den Gazara. Azken hilabeteotan neurriak gogortu ditu, mertzenarioek kudeatzen dute banaketa zerrendako hiruzpalau gunetan, eta goseteak jota daude palestinarrak; setioa hasi zenetik dagoeneko 350 lagun hil dira gutxienez gosearen gosez. «Laguntza humanitarioa Gazako herriari eman nahi diogu. Blokeo ilegal hori apurtu nahi dugu, eta mugetan gerarazita dagoen laguntza horri zerrendarako sarbidea ematea», esan du boluntarioak.

Saiakera dezente egin dira Gazara laguntza eramateko, flotillen bidez; azken hirurak Conscience, Madleen eta Handala itsasontziak izan dira. Maiatzean, ekainean eta uztailean itsasoratu ziren, hurrenez hurren, eta horietan zihoazenek ez zuten lortu zerrendara iristea: Conscience itsasontziari eraso egin zion Israelek, eta beste bi barkuetako aktibistak atxilo hartu zituen nazioarteko uretan. «Erronka dira flotillak», dio Itzik, «eta badakigu tropa sionistek zer egiten duten horietako bakoitzarekin. Badakigu Israelek esku hartuko duela, baina irmo goaz gure helburua betetzera, baina irmo goaz gure helburua betetzera». Bidean, beste zenbait itsasontzi batuko zaizkie; guztiak, helmuga berarekin. Argudiatu du nazioarteko uretan nabigatuko dutela une oro, eta «erabat legala» dela laguntza humanitarioa gatazka eremuetara eramatea. «Orduan, legea urratzen baldin bada, Israelek urratuko du, ez guk», erantsi du.

FLOTILLAKO ONTZI TXIKIENAK BERRIZ ERE BARTZELONAKO PORTURA ITZULI DIRA

Eguraldi txarra dela medio, Global Sumud Flotilla osatzen duten itsasontzi txikienak Bartzelonako portura itzuli dira bigarren aldiz. Herenegun hogei itsasontzi inguru atera ziren Gazara iristeko asmoz, baina guztiek buelta hartu behar izan zuten baldintza meteorologikoengatik. Atzo iluntzean berriz itsasoratu ziren ontzi gehienak —bi portuan geratu ziren—, baina horietatik bostek atzera egin behar izan dute gauean.

Israelgo tropak atzetik izateko aukera gorabehera, bidaia ez da alferrekoa izango: «Ikusi zer lortu zuten gure aurrekoek. Izan ere, oraingoa inoiz antolatu den flotillarik handiena eta jendetsuena da. [Israelen tropek] esku hartzearen ondorioa gara gu geu. Horixe lortu dute: ahalegin gehiago egitea». Eta Itzi ziur da ekintza gehiago helduko direla jarraian: «Kemena eskatzen du itsasoratzeak, eta hori kutsatu egiten da. Espero dugu hurrengo flotilla are handiagoa izatea».

«Ardura handiz jokatuko dugu gazatarrei huts ez egiteko», esan du. «Itxaropena eman behar diegu; [Global Sumud Flotillaren] leloak dioen bezala, ez daude bakarrik, eta beti prest egongo gara haiekin batera borroka egiteko».

Etxea urruti badu ere, hara begira jarri da Itzi. «Manifestaldi asko egin ditugu gurean, elkartasun oso handia erakusten diegu palestinarrei». Haren ustez, beharrezkoak dira zerrendako erasoaldia salatzeko hitzak, betiere ekintzek lagunduta. «Nahikoa ez delako sentipena genuen», eta, hain zuzen, horrexegatik erabaki zuten lau euskal herritarrek Bartzelonarantz abiatzea, eta Bartzelonatik Gazarantz. «Orain arte egin nahi izan duguna, egin ahal izan ez duguna». Dena den, «sionismoari aurre egiteko arma bat daukagu gure herrian», azaldu du: boikota. «Historiak erakutsi digu beste batzuetan balio izan duela, eta oraingoan ziur gaude hala izango dela».

Igandean itsasontzi handi batean zen Itzi, eta txikiago batean dago orain. «Aldea badago balantzan». Zorabiatuta ibili da, baina indarberritu da dagoeneko. «Handitasun honen erdian gaude, kulunkan, eta pentsatzeko denbora asko daukagu. Nondik gatozen, nora goazen, zergatik gertatzen diren gauza hauek guztiak...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.