«Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioak» etenik ez duen honetan, IA Ikasle Abertzaleak taldeak argi du «palestinar erresistentziari elkartasuna adierazteko eta Israel eta haren konplizeak seinalatzeko borrokarako espazio» izan behar dutela heziguneek. Hala erakutsi zuten herenegun, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian deitutako mobilizazio jendetsuan, Donostian. Eta hala egingo dute aurrerantzean ere. Datorren ostegunean mobilizazioa egingo dute EHUko campusetan, eta asmoa dute bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan ere beste deialdi batzuk egiteko.
Ikusi gehiago
Ibaetako campusean egin dute Ikasle Abertzaleek agerraldia gaur, eta gogoratu dute Israelek 80.000 palestinar baino gehiago erail dituela eta beste horrenbeste gosez hiltzen utzi dituela. «Hori aski ez, eta Israelek laguntza humanitarioari eraso egiten jarraitzen du», erantsi dute, hainbat herrialdetako herritarrak daramatzan Global Sumud flotillari erreferentzia eginez. Horiek horrela, nazioarteko ekinaldira batu dira: «Israelek ontzidia blokeatzen badu, unibertsitateak hartuko ditugu».
Taldearen arabera, ikasle mugimenduak badu zer egin. Alde batetik, «diskurtso hutsal eta oportunisten» aurka, deia egin dute «palestinar erresistentziaren alde borrokatu eta palestinarren defendatzeko eskubidearen alde» etengabe mobilizatzeko. Izan ere, salatu dute saiakerak egon direla asteazkenean egindako mobilizazioa kriminalizatzeko. «Arreta Israelen eta haren konplizeengan jarri behar da, eta ez Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen diren horiengan», azpimarratu dute. Egunean bertan, «errepresio indarrek» izandako jarrera salatu zuten ikasleek.
Bestalde, ezinbestekotzat jo dute genozidioaren konplize guztiak —«instituzioak, enpresak, alderdi politikoak…»— seinalatzea eta haiek estu hartzea, Israelekin duten harreman oro eten dezaten eta Israeli boikota egin diezaioten. Alde horretatik, uste dute ikasleen lana dela Euskal Herriko unibertsitateak presionatzea, oraindik ere harremanak dituztelako Israelekin.
EHUren harremana Israelekin
EHUk, esaterako, «genozidioarekin zerikusi zuzena izan duten lau enpresarekin» du harremana gaur-gaurkoz, Ikasle Abertzaleen arabera: izan enpresa gela bat dutelako, enplegu azoketara gonbidatzen dituztelako, praktikaldi eta gradu amaierako lan eskaintzak egiten dituztelako edota unibertsitatea materialez hornitzen dutelako. Izen zehatzak ere eman dituzte: «Lehena, CAF da, Jerusalemgo lurralde okupatuetan trenbideak eraikitzeaz arduratu den enpresa; bigarrena, ITP Aero, Israelgo armadaren hegazkinak mantentzen laguntzen duen enpresa; hirugarrena, Sener, Israelen operazio militarretan erabilitako hegazkinen sentsoreak diseinatu ditu; eta laugarrena, HP, Israelgo Defentsa Teknologia garatzeaz arduratu den enpresa». Horrez gain, jakinarazi dute EHUk Israelgo enpresa batzuekin kolaboratzen duela TheraTools, Mitgest, Bold eta IRISCC proiektuetan.
Europako alderdi politikoen konplizitatea ere kritikatu dute. Euren hitzetan, «Gazako genozidioa modu oso oportunistan» salatu, ez dute «neurri errealik» martxan jarri Israeli boikota egiteko; gainera, Palestinaren alde mobilizatzen diren herritarrak erreprimitu egiten dituzte oraindik ere, Ikasle Abertzaleen arabera. Gogorarazi dute, esate baterako, Espainiako Vueltan Bilbon gertatutakoa, baita horren ostean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eginiko adierazpenak ere. Zera esan zuen RNE irratian emandako elkarrizketan: «Protesta egin daiteke segurtasuna arriskuan jarri gabe. Gertatutakoa ez zen atsegina izan, eta emandako irudia ez zen ona izan». Argi utzi dute ikasleek: «Gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea».