Errugabetasun printzipioa aldarrikatu du berriz Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. «Ez dut ezer ezkutatzeko». UPNk azalpenak eskatu dizkio Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak Servinabarren txartel bat erabili zuelako, eta diru horren parte bat Belateko tunelen ordainketetatik etorri zela argudiatuta. Txibitek erantzun du ez duela erlaziorik ikusten bataren eta bestearen artean, datak ez datozelako bat.
Nafarroako Parlamentuak ateak ireki ditu oporren erdian. Foru Araubideko batzordera deitu du UPNk. «Beti nago prest etortzeko», adierazi du bertan Txibitek. Javier Esparzak hasieratik leporatu dio ustelkeria susmo ororen aurrean «ez ikusiarena» egitea. «Guztia jakiten dugunean, gobernua aurrean eramango du», ohartarazi dio. Txibitek, baina, salatu du bere aurkako «sorgin ehiza bat» dagoela . «Ez dago ezer nire kontra, eta ez da egongo».
Zalaparta guztiaren erdian dago Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak azken astean kaleratutako txostena, Santos Cerdanen finantza egoerari buruzkoa. Haren arabera, Servinabar enpresak hainbat enpresa bazkideren dirua jaso zuen aurrezki kontu batean —tartean, Belateko tunelen enpresa elkartetik %3 inguru, 129.000 euro—.
Informazio horren arabera, kontu horren parte bat beste kontu batera mugitu zuen Servinabarrek, eta harekin erlazionatutako txartel bat erabili zuen Cerdanek 2021etik 2024 hasierara arte. 230.000 euro inguru zeuden kontu horretan, eta 33.000 euro gastatu zituen Cerdanek, batik bat jatetxeetan, hoteletan, garraioan.
«Oraingo txosten honetan ere ez dago gobernuko kide bakar bat ere ikerketapean. Ez dago ezer»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Hain zuzen ere, datu horri erreparatu dio Txibitek. Izan ere, 2024ko otsailean erabili zuen azkenekoz txartela Cerdanek, eta Nafarroako Gobernuak lau hilabete geroago egin zuen Belateko tunelaren lanagatiko lehen ordainketa, 2024ko ekainean. «Utzi iezadazue oinarrizko kontu bat azpimarratzen. Beren lanagatik enpresei ordaintzea gure betebeharra da. Zenbaitek iradoki nahi dute enpresei ordaintzea susmagarria dela, baina legez gure betebeharra da».
Guardia Zibilaren txostena ikerketapean den auzibide baten barruan egin da, eta sekretupean egon behar luke. Alta, haren edukia hainbat komunikabidek eta webgunek argitaratu dute. Txibitek gogora ekarri du ez dela dokumentu publikoa, eta horregatik filtrazio horiek «delitu bat» izan daitezkeela. Haren esanetan, guardia zibilek bildutako zantzuak biltzen dituelako, baina epaileari dagokiolako horiek baloratzea eta instrukzioa amaituta epaiketara deitzea edo ez. «Gobernua higatzeko kontakizun politikoa eratzeko balio dute», salatu du.
Gogoratu du Nafarroako Gobernuak auzibidean parte hartzea eskatu zuela, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuela eskaera, Nafarroako kontratu publikorik ez zegoelako ikerketapean. «Oraingo txosten honetan ere ez dago gobernuko kide bakar bat ere ikerketapean. Ez dago ezer». Txibiteren arabera, aipatzen diren kontratuak «erreferentzia» gisa erabiltzen dira, eta ezin da bestelako ondoriorik atera. «Ez du proposatzen Nafarroako kontraturik ikertzea edo gobernuko kiderik».

Servinabarren txartel hori Cerdanek nolatan erabili zuen argitzea «enpresari» dagokiola erantzun du. «Gobernuan ez dugu informaziorik enpresen kontuez eta txartelez, eta horiek erabiltzen dituztenez».
Txibiteren arabera, «penagarria da» Guardia Zibilaren txostenak «epai edo zigor baten gisa erabiltzea eta horregatik hainbat pertsonari min egitea. Azalpenak emateko aukerarik izan ez duten pertsonak jarri dituzte fokuaren pean», kritikatu du. Bere idazkariaren aurka egin du UPNk, eta argi utzi die ez duela amore emango: «Ez duzue lortuko ni joatea».
Esparzaren abisua
Azken hilabeteetan, UPNko Javier Esparzak hainbat aldiz jokatu du esaten duen baino gehiago dakienaren itxurak eginez. Gaur ere antzera egin du, eta Txibiteri galdetu dio ez ote den beldur Antxon Alonsoren edota Santos Cerdanen Whatsapp mezuren bat agertuko ote den Belateri buruz. «Bermatu dezakezu ez dela 'bingo Iruñean' dioen mezurik azalduko?». Esparzak ez du argitu joko erretoriko bat ote zen ala etor daitekeenaren aurrerapen bat.
EH Bilduk «abantailaz jokatzea» leporatu dio UPNri, auzibidean parte hartzen ari delako eta «publikoa ez den informazioa izateko aukera duelako». Haren esanetan, UPNren jardunbidea «guztiz gaitzesgarria» da, «frogatu eta epaitu gabeko gertaerak frogatutzat eta epaitutzat ematen dituelako».
Geroa Baiko Pablo Azkonak, berriz, informazioen inguruko «kezka» azaldu du. «Erabat gaitzetsi behar da norbaitek bere kargu publikoa erabili badu aberasteko, baina ez dugu onartuko susmoak erabiltzea kontakizun politiko bat sortzeko».
PPko Javier Garciak presidenteari eskatu dio aitzakiak albo batera uzteko. «Jakiten ari garen guztia eta gero, esaten baduzu ez zenekiela ezer eta ez zenuela ezer susmatzen, bi aukera daude: edo zure gobernuak ez du kontrol neurririk, edo sinestezina dena sinets dezatela eskatzen ari zara nafarrei».
Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren ustez, Guardia Zibilaren txostenak berretsi du Santos Cerdanek ez zuela etikarik, eta Servinabar enpresarekin lotura handia zuela. «Dena den, Nafarroako herri lanen adjudikazioak manipulatu izanaren frogarik ez da ageri».