Oporretatik itzuliko dira, hartara behartuta. Nafarroako Parlamentuak ateak irekiko ditu ostiralean, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azalpenak emango ditu Foru Araubideko Batzordean. Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak Santos Cerdanen eta haren senideen finantzak aztertu ditu, eta UPNk agerraldia egiteko eskatu dio dokumentu horren ingurukoak xehatzeko.
Txosten horren edukiari buruzko zeharkako informazioa baino ez dago, eta UPNk abantaila dauka. Izan ere, herri akusazio gisa dihardu auzian, eta, ostiralean, guardia zibilek landutako txosten horretako diagrama bat aurkeztu zuen Cristina Ibarrolak.
«UPNk eta PPk idatzita daukate epaia, eta presidenteari eskatu diote dimisioa eman dezala, haren azalpenak entzuteko betarik eman gabe»
JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko eleduna
Ikertzaileen arabera, Servinabar enpresaren kontu batean biltzen ziren hainbat adjudikaziotatik lortutako diru sarrerak. Guardia zibilek landutako eskema horren arabera, kontu horretako diruaren %3 —129.000 euro, alegia— Belateko enpresa elkartetik etorri zen. Erriberri eta Mediaciones Martinez enpresek %10 inguru jarri zuten, eta gainerako dirua, berriz, Logroñoko autobide bat egiteko enpresa elkarteak (%54), Accionak (%15) eta Cycasa harrobi enpresak (%9,5). Servinabarrek 230.000 euro mugitu zituen kontu nagusi horretatik beste aurrezki kontu batera, eta hari lotutako kreditu txartela erabili zuen Cerdanek. Hiru urtean, 2021etik 2024ra, txartel horretatik 33.000 euro gastatu zituen jatetxeetan, garraioan, hoteletan, erosketetan... —parterik handiena, 25.000 euro, jatetxeetan—.
Txosten horretan Belateko tunela aipatze hutsak eskuineko oposizioa aztoratu du. Ostiralean bertan, «berehala dimititzeko» eskatu zion Ibarrolak Maria Txibiteri; astelehenean, berriz, tonua apaldu eta «azalpenak emateko» eskatu zioten. PPko Sergio Sayasek ere beste horrenbeste egin zuen, eta, eskaera horren harira, parlamentuak ateak ireki ditu gaur goizean. Eledunen batzordeak, bilera egin, eta UPNren eskaera onartu du. Txibitek ostiralean egingo du agerraldia.
Gobernuaren azalpenak
Javier Remirez eledunak adierazi du ez duela UPNk eta PPk Txibiteren ostiraleko azalpenei egiazki erreparatuko dieten «itxaropen handirik». Gaur eguerdian, Nafarroako Gobernuaren kontseilu osteko agerraldian, azpimarratu du bi alderdi horiek «aldez aurretik idatzita» dauzkatela ondorioak. «Susmoa orokortzeko estrategiatzat» jo du hori Remirezek, eta estrategia horretan eskuin muturrarekin bat egitea leporatu die bai UPNri eta bai PPri.
Remirezek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak ez duela txostenaren edukiaren berri. Berez, iragan urtean Nafarroako Gobernuak akusazio partikular gisa aurkezteko eskaera egin zion Auzitegi Gorenari, Acciona eta Servinabar enpresen ustezko irregulartasunetan kaltetua izan zitekeelakoan. Gorenak, baina, erantzun zion Nafarroan enpresa horiei egindako adjudikazioan ez zeudela auzian sartuta ordu hartan.
«Txibitek ezin du ez ikusiarena egin, nafarren diruak Santos Cerdanen poltsikoan amaitu baitu»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Remirezek datu horri heldu nahi izan dio. «Gu ez gara prozesu horren parte. Nafarroako Gobernuak auzibidean parte hartu nahi izan du, eta ukatu egin zaigu aukera hori, oraingoz ez baitago Nafarroako Gobernuari eragiten dion ikerketa arlo bakar bat ere. Bakar bat ere ez. Ez dago susmorik, ezta ustelkeria zantzurik ere; ez dago gobernuko kideren baten gaineko susmorik». azpimarratu du. Haren ustez, horixe da egia judiziala orain, eta eskuineko alderdiek horren gaineko estrategia bat dute. «UPNk eta PPk epaia idatzita daukate, eta presidenteari eskatu diote dimisioa eman dezala, haren azalpenak entzuteko betarik eman gabe».
UPNren kritika
UPNko Javier Esparzaren hitzetan, Txibitek «ezin du ez ikusiarena egin, nafarren diruak Santos Cerdanen poltsikoan amaitu baitu». Salatu du Belateko tunelaren adjudikazioari lotutako dirua erabili duela Cerdanek. «Azalpen asko ditu emateko. Ea behingoz onartzen duten harremana dagoela Belateren, Santos Cerdanen eta Nafarroako Gobernuaren artean».
EH BIlduko Laura Aznalek, bestalde, agerraldia egitea bera kritikatu du. «Eskura ez dugun txosten batean oinarrituta dago. Balorazio bat egiteko, haren edukiaren berri izan behar dugu. Bestela ez dago oinarririk».
«Eskura ez dugun txosten batean oinarrituta dago. Balorazio bat egiteko, haren edukiaren berri izan behar dugu. Bestela ez dago oinarririk»
LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna
Geroa Baiko Pablo Azkonak Txibite entzun nahi du, baina hark ere azpimarratu du ez dagoela edukiaren berririk. Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren ustez, berriz, txostenean apenas ageri den ikerketa batzordearen ondorioetan bildutakoez bestelakorik. «Txostenak ez du argitzen herri lanetan esku hartzerik egon ote den».