Belateko tuneletan orain arte 33 milioi euro ordaindu dira

Lurralde Kohesioko kontseilariak Nafarroako Parlamentuan azaldu du 191 metro falta direla bi aldeak lotzeko, eta bi hilabete inguru beharko dituztela horretarako. Obraren zuzendaria aldatzeko eskaera egin dio berriki enpresa elkarteari.

Oscar Txibite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilaria. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oscar Txibite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilaria. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2026ko maiatzaren 6a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez gaituzue kikilduko, ez gaituzue geraraziko». Nahiz eta eskuineko oposizioak irregulartasun susmoak zabaltzen saiatu, Oscar Txibite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak azpimarratu du Belateko tunelaren obrek aurrera jarraitzen dutela. Dagoeneko, aurreikusitakoaren erdia inguru ordaindu da: martxora arte 33 milioi euro inguru. Gainera, 191 metro falta dira tunelaren bi aldeak lortzeko. Egunero hiru metro zulatzen dituztenez, Txibitek iradoki du sanferminetarako amaituko dela lanen lehen fasea; zulatzea, alegia.

UPNk deituta, berriro ere Txibite parlamentura joan da azalpenak ematera. Kontseilariak gogorarazi du 2023ko udan kargua hartu zuenetik parlamentuan Belateri buruz 144 ekinaldiri erantzun diela, eta «gardentasun osoz» jardun duela. «Gainerakoa zarata eta gezurrak besterik ez dira», erantzun dio UPNri.

Egun, Acciona eta Oses eraikuntza enpresen elkarteak jarraitzen du lanean, irailean Servinabar atera zenez geroztik. Lanak hasi eta gutxira, hasierako 76 milioi euroko aurrekontua igotzeko proposatu zioten enpresek Nafarroako Gobernuari. Esan zuten orotara beste 8,5 milioi euro beharko zituztela, eta gainkostuak %10 gainditzen zuenez, espedientea ireki zen.

Tramitazioan aurrera egin zuen, eta, iazko azaroan, Kontu Hartzaile Nagusiak eten egin zuen espedientea, bere ustez 6,2 milioi euro justifikatu gabe zeudelako. Erabaki haren ondotik, Pedro Lopez Herri Lanen zuzendaria kargugabetu zuen gobernuak, eta duela bi aste, apirilaren 15ean, obraren zuzendaria kentzea proposatu dio enpresa elkarteari, formalki. Haren erantzunaren zain daude. 

Txibitek gaur berretsi du lizitazioan aurreikusi ez ziren konplexutasun teknikoen ondorio dela kostuen igoera. «Hondeamakinak lanean hasi arte, ez dago ziurtasun osoz jakiterik zerekin topatuko diren, eta, makinak han sartu direnean, konplexutasuna handitu da: ur gehiago zegoen, ezegonkortasun handiagoa, eta, ondorioz, bestelako konponbide teknikoak behar izan dira».

Ezegonkortasuna batik bat arbela agertu izanak eragin du. Lizitazioan kalkulatu baino lehenago agertu zitzaien enpresei, eta Txibitek azaldu du zulatzeko metodoak aldatu eta ingurua eusteko neurriak sendotu egin behar izan direla. «Mendiak ez du lana erraztu», aipatu du.  

Moldaketa lantzen

Alta, kontu hartzaileak azaroan arrazoitu zuen adjudikazioan proposatutakoaren diferente ari zirela enpresak, euren interesen arabera. Orain, espediente horren moldaketa lantzen ari dira, «azalpen teknikoak hobetzeko». Oraindik ez dute amaitu, baina kontu hartzailearekin batera ari dira lanean. Aurreratu du espediente horretatik kanpo utziko dutela lehergailuen gordailua (416.000 euro): enpresek gainkostuen proposamenean sartu zuten, baina kontu hartzailearen iritzia aintzat hartu da —ez dagokio administrazioari hori ordaintzea—.

Behin zulatzea amaitu eta tunelaren bi aldeak lotuta, asko geratuko da oraindik ere egiteko. Izan ere, tunelak 2.856 metro ditu, eta zoruaren lanak egin beharko dira. Horri dagokionez, Txibite ez da ausartu esatera noiz amai dezaketen. Espero du zailtasun tekniko berekin topatzea, eta uste du lan horiek egiteko «sei edo zortzi hilabete» beharko dituztela. Ez du baztertu berriro ere kostuak handitzeko beste espediente bat egin behar izatea: «Gaur egun ez, baina probabilitate handiak daude». Hori dena amaituta, errepidea eta tunel baten ohiko instalazioak eraiki beharko dira.

UPNko Pedro Gonzalezek salatu du enpresek hasieratik zutela pentsatua kostuak handitzea, eta espero zutela Nafarroako Gobernuak «eragozpenik ez jartzea». Sevillan susmopean den zubi batekin horixe gertatu dela aipatu du: «Kontua da hemen ez dutela denborarik izan hitzartutako komisioak ordaintzeko». PSNko Javier Lekunberrik barrezka erantzun dio. «Printzipio juridiko bitxia da hori. Ez duzu denborarik izan hiltzeko, baina hiltzaile bat zara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA