Bengoetxeak erakundeen arteko errespetua berreskuratzeko eskatu dio Perez Iglesiasi

EHUko errektorea «harrituta» dago Eusko Jaurlaritzako sailburuaren atzoko adierazpenak entzun eta gero, eta uste du ezinbestekoa dela berriz lankidetzan aritzea.

Juan Ignacio Perez Iglesias eta Joxerramon Bengoetxea, azaroaren 5eko ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Juan Ignacio Perez Iglesias eta Joxerramon Bengoetxea, azaroaren 5eko ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 27a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren agerraldia atzo Eusko Legebiltzarrean; gaur, berriz, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen erantzuna. Errektorearentzat «zakarra» izan zen sailburuaren atzoko agerraldia. «Deskalifikazio pertsonalak» alde batera uzteko eskatu dio. EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko gatazka gehiago gaiztotzen ari da egunetik egunera. Gatazka instituzionala. Gatazka publikoa, komunikabideen, agerraldien eta blogen bidez hauspotua.

Perez Iglesiasek gogor jo zuen atzo Bengoetxearen eta haren diru eskaeren kontra. Errektoreari egotzi zion ez zuela informazioa «osorik» eman, «datu okerrak» zabaldu zituela eta ezinezkoa dela akordioak lortzea errektore taldeak emandako «egia-oste edo egitate alternatiboekin».

Bengoetxea «harrituta» dago Perez Iglesiasek esandakoa entzun eta gero. Bere iritziz, Eusko Jaurlaritzari egin dion finantzaketa eskaera «gertaera alternatiboetan» oinarrituta dagoela esateak gutxietsi egiten du gobernu baten eta unibertsitate publiko baten artean egon behar duen «begirunea». Egoera hori ikusita, erakundeen eta haien ordezkarien arteko errespetuari berriro heltzeko eskatu dio sailburuari.

«Lankidetza estua eta leiala»

Errespetuaz gain, Bengoetxearentzat ezinbestekoa da bi erakundeen arteko lankidetza harremana berreskuratzea. Prest dago ahalegin guztiak egiteko kalitatezko unibertsitate publiko bat lortzeko, eta uste du horrek EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko «lankidetza estua eta leiala» izatera behartzen dituela.

EHUk, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua ikusita, inbertsio gehiago eskatu dio gobernuari, unibertsitatearen «degradazioari» aurre egiteko. 192 milioi euro gehiago. Gatazka publikoa zela eta gaiztotua zegoela, Perez Iglesiasek eta Bengoetxeak bilera bat egin zuten azaroaren 14an Lakuan (Gasteiz), desadostasunak argitzeko asmoz. Bilera hartan, Bengoetxeak Perez Iglesiasi eman zion EHUren eskaera oinarri duen txosten teknikoa, 500 orritik gorakoa. EHUren egoerari buruzko diagnostikoa da. «Dokumentu sendo eta egokia da modu eraikitzailean aurre hartzeko erakundearen premiei», azaldu du errektoreak, «eta irekia kontrasteari, kritika informatuari eta hobetzeko proposamenei».

Errektorearentzat «bereziki harrigarria» da harreman instituzionala bideratu eta gero «errektorearen eta bere taldearen deslegitimazioa iradokitzea datu okerrak, manipulazioak eta egia-ostearenak diren baliabide erretorikoak erabiltzea egotzita». Bengoetxeak gogoratu du duela urtebete irabazi zituztela EHUko hauteskundeak, unibertsitateko komunitatearen babes zabalarekin: boto haztatuaren %63,63 lortu zuen. Errektoreak nabarmendu du «antzua» dela auzitan jartzea «euskal unibertsitate publikoa demokratikoki ordezkatzen dutenen zintzotasuna eta konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.