Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek atzo jada esan zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxearekin hitz egiteko asmoa zuela, eta, gaur, elkarrizketa batean jakinarazi du bilera pribatu bat egitekoak direla biak. Bi erakundeen arteko harremanak bideratzea eta baretzea izango da bilkura horren helburua. Izan ere, guztiz gaiztotu dira egunotan, eta tentsioa agerikoa izan da. Â
Horra desadostasunak agerian uzteko kronologia. Lehengo astean, presazko agerraldi batean, EHUko arduradun nagusiak salatu zuen Jaurlaritzak aski ataka zailean utziko zuela unibertsitate publikoa iragarritako aurrekontuekin: «Aurrekontu hauek geldialdia ekarriko dute unibertsitatera». Asteburuan, sailburuak erantzuna eman zion Aieruak blogean : esan zuen «dialektika hiperbolikoak» ez zuela hobetuko erakundearen finantzaketa, eta eskatu unibertsitate publikoa «arma politiko» gisa ez erabiltzeko. Auzitan jarri zituen, halaber, unibertsitateak aurrekontua handitzeko eskariarekin batera proposatutako «jarduera gehigarriak». «Proposamenetako ia batek ere ez du eduki akademikorik», deitoratu zuen. Ondotik, erantzuna eman zion berriro errektoreak: «errespetu instituzionala» eskatu zuen. Horretaz gainera, eskari jakin bat ere egin zuen: premiazko bilera bat Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin eta Perez Iglesiasekin berarekin.
EHUk ere baieztatu du bi buruzagiek bilera pribatu bat egiteko asmoa dutela. Ez dute esan noiz izango den. EHUko errektorea Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitekoa da azaroaren 19an, eta horren aurretik izango da bilera. Hori da eman duten zehaztapen bakarra.Â
Diru gehiago
Gaur egin dioten elkarrizketan, Perez Iglesiasek berriz esan du ez dagoela tarterik EHUren aurrekontua handitzeko; are, gogoratu du inoiz baino diru gehiago jarriko dutela. Jarritako diru sailaren alde mintzatu da asteon Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak aurkezteko egindako agerraldian ere. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 653,3 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %6,6 handiagoa. EHUrako izango dira 426 milioi euro.Â
Alderdien galderei erantzunez, Perez Iglesiasek nabarmendu zuen EHUrako finantzaketan «bi igoera handi» izan direla sailburu denetik. Zehaztu zuen EHUri egingo dioten ekarpen arrunta 339,2 milioi eurokoa izango dela, iaz baino %6,9 handiagoa.
EHUk esana du, ordea, 607 milioi euroko aurrekontuaren premia duela. Helburu nagusien artean eraldaketa digitala, pertsonen zaintza, azpiegiturak eta ikerketa transferentzia aipatu dituzte unibertsitateko buruek. «Errektoretza talde hau ez zen kargura iritsi —unibertsitate komunitatearen %63,85eko babesa eskuratuta— unibertsitate publikoan bizi den prekaritatea kudeatzeko», azaldu zuen errektoreak aurrekontuak apalegiak zirela esateko egin zuen agerraldian. «Bizirik irautea ezin da helburua izan. Euskal Herriko Unibertsitateak merezi duena eskatu baino ez dugu egiten, bikaintasuna eta herri honek merezi duen kalitatezko unibertsitate publikoa ziurtatuak izateko».Â
EHUren Zientzia Astearen inaugurazioa izan zen atzo eta han topo egin zuten Perez Iglesiasek eta Bengoetxeak.Â