Perez Iglesias: «Egia-oste edo egitate alternatiboekin oso zaila da akordioak lortzea»

Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburuak berriro ere esan du gezurra dela EHU behar beste finantzatua ez dagoela, eta errektoreari aurpegiratu dio «informazio okerra» ematea.

Juan Ignacio Perez Iglesias sailburua, goizean, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Juan Ignacio Perez Iglesias sailburua, goizean, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2025eko azaroaren 26a
13:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida apaldu ez, eta koska bat gehiago egin du gora EHU Euskal Herriko Unibetsitatearen finantzaketari buruz azken asteotan sortutako ika-mikak. Bai behintzat gaur goizean Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian egindako adierazpenei erreparatuz gero. Sailburuak berak eskatu du presazko agerraldia egitea batzordean, eta helburu bakarra izan du: Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak joan den astean egindako agerraldiari erantzutea, eta hark emandako datuak «gezurtatzea».

Sailburuak azaldu du bere ardura ez dela EHUri kontuak ematea, «baizik eta herriaren ordezkariei», eta horretarako foro «egokiena» Eusko Legebiltzarra dela. Perez Iglesiasek irmo ukatu du EHUk behar besteko finantzaketa ez izatea, eta errektoreari leporatu dio informazioa «osorik» ez ematea, baita «datu okerrak» zabaltzea ere. Eta akordiorako borondatea erakutsi badu ere, ohartarazi du errektore taldeak emandako «informazio okerrek» ezinezko egiten dutela itunak egitea: «Egia-oste edo egitate alternatiboekin oso zaila da akordioak lortzea».

Eusko Jaurlaritzaren eta EHUko errektorearen arteko giroa hil hasieran hasi zen gaiztotzen, gobernuak aurrekontu proiektua argitara eman ondoren. Presazko agerraldi batean, EHUko arduradun nagusiak salatu zuen Jaurlaritzak aski ataka zailean utziko zuela unibertsitate publikoa iragarritako aurrekontuekin: «Aurrekontu hauek geldialdia ekarriko dute unibertsitatera». Ondoren, sailburuak erantzuna eman zion Aieruak blogean: esan zuen «dialektika hiperbolikoak» ez zuela hobetuko erakundearen finantzaketa, eta eskatu unibertsitate publikoa «arma politiko» gisa ez erabiltzeko. Ondotik, erantzuna eman zion berriro errektoreak: «errespetu instituzionala» eskatu zuen, eta bilera bat egiteko proposamena egin zion sailburuari; baina ez dute batzarrik egin.

Ika-mika ez zen hor amaitu. Hilaren 19an legebiltzarrean agerraldia egin zuen Bengoetxeak, eta unibertsitatearen premiei aurre egiteko beharrezkoa den finantzaketa xehe azaltzen duen dokumentua aurkeztu zuen. Txosten horretan zehazten da 192 milioi euroko inbertsioa ezinbestekoa dela unibertsitatearen «degradazioa» saihesteko. 

Datu horiek gezurtatzeko egin du agerraldia gaur Perez Iglesiasek; eta berak ere hainbat datu eman ditu EHUren finantzaketa eskasia ukatzeko. Gogora ekarri du 2004an EHUko errektore izan zenean, unibertsitateak hirurehun milioi euroko aurrekontua eta 30 milioi euroko defizita zituela: «Hori bazen finantzaketa nahikorik ez izatea». Urteekin, baina, egoera hobetu egin dela esan du, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzak unibertsitatearen aurrekontuaren %86 jartzen duela; Espainiako Estatuko erkidegoetan, berriz, batezbestekoa %81ekoa dela argitu du. Jaurlaritzak unibertsitatearen alde egiten duen «ahaleginaren» erakusle da hori, haren hitzetan.

Halaber, Jaurlaritzaren ekarpena BPG Barne Produktu Gordinaren %0,5 dela azaldu du, eta ez errektoreak aipatutako %0,4a. I+Garen finantzaketari dagokionez, errektoreak emandako datuak okerrak direla azpimarratu du Perez Iglesiasek, 2024an I+G publikoan gastatutako 740 milioi eurotatik EHUk 240 milioi jaso zituelako.

Irakasleen soldaten inguruan ere zuzenketa egin dio Bengoetxeari: adibidez, zehaztu du katedradun baten hilabeteko batez besteko soldata 4.500 eurokoa dela, eta ez 3.500 eurokoa. Ikertzaile gazteen soldatak, ordea, «apalak» direla onartu du, eta hurrengo urteetan igo beharko liratekeela esan. Irakasle kopuruari eta leku faltari buruz, berriz, sailburuak gogorarazi du ratioak «estatuko onenetarikoak» direla —hamar ikasle irakasleko—, eta 2028tik aurrera ikasle kopurua beherantz joango denez, ez dela beharrezkoa izango irakasle kopurua handitzea.

«Egiten zaidan proposamena baldin bada aurrekontua %50 igotzea, ez dago modurik akordioak lortzeko»

JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASEusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua 

Azalpen horiek emanda, akordiorako prestutasuna duela berretsi du Perez Iglesiasek, betiere «egiazko» datuetan oinarritzen bada. Hala, EHUko errektoreari aurpegiratu dio bere argudioak defendatzeko «ebidentzia osatugabearen falazia» erabiltzea. Zehazki, Bengoetxeari «eufemismoak» erabiltzea leporatu dio soldata eskasak eta zaintza falta lotzeagatik: «George Orwellen neolengoaiarekin ezin da akordiorik egin, ez baitakigu zertaz ari garen, eta lengoaia zuzen erabiltzea oso garrantzitsua da».

EHUren finantzaketari buruzko eztabaida «tentuz eta erantzukizunez» egitea eskatu du sailburuak, akordiorik lortuko bada. Unibertsitatearen alde egiten ari dela azaldu du, eta azpimarratu laster 50 urte egingo dituela EHUn lanean: «Nola egingo dut nire etxearen kontra?», galdetu du. Onartu du EHUk baliabide gehiago behar dituela, baita horien alde «borrokatzeko» konpromisoa agertu ere, baina argi utzita inolaz ere ez dela posible izango egun EHUko errektoretza taldeak proposatutako zumeekin: «Egiten zaidan proposamena baldin bada aurrekontua %50 igotzea, ez dago modurik akordioak lortzeko».

Oposizioa, kritiko

Talde politikoen txandan, kritiko agertu dira oposizioko taldeak. EH Bilduk eta Sumarrek azpimarratu dute EHUk finantzaketa handiagoa behar duela. Biek ala biek deitoratu egin dute eztabaida garraztu izana, eta adierazi dute Perez Iglesiasen adierazpen publikoak «ezohikoak» eta «desegokiak» izan direla. Igor Arresek (EH Bildu) salatu du sailburuak agerraldia egin izana «errektoreari erantzuteko», gaia «diskrezioz eta adostasunez» landu beharrean. Jon Hernandezen (Sumar) arabera, sindikatuek eta unibertsitateko eragileek ere eskatu dute finantzaketa handitzea.

Muriel Larreak (PP) sailburuari gogorarazi dio unibertsitatearen azpiegiturak zaharkituta daudela —«itoginez» beteta daudela fakultateak— eta digitalizazioan urrats nahikorik ez duela egin.

Bestalde, sailburuaren azalpenak ontzat eman dituzte EAJk eta PSE-EEk, eta bi aldeen arteko elkarrizketak onbideratzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.