Esparruak bereganatzea eskubideak irabaztea delako, Emakundek ekintza hori ipiniko du erdigunean Martxoaren 8ko kanpainan. Gaur abiatu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo duten kanpaina, Eman tokia berdintasunari lelopean. Ezinbestekotzat jo dute azken urteetan indarra hartu duten diskurtso antifeministei aurre egitea, eta, horretarako, «bizitzaren esparru guztietan» desberdintasunak murriztea izango da aurtengo kanpainaren helburua. Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek elkarlanean egin dute kanpaina, eta elkarlanean aurkeztu dute gaur goizean, Lehendakaritzan.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak «mezu bakarra eta bateratua» zabaldu beharra azpimarratu du, eta, hain zuzen ere, horixe bera egin dute Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak, Trinidad Vicente Bizkaiko Berdintasun zuzendariak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza foru diputatuak eta Esther Apraiz Eudeleko elkarteburuak. Guztiek «bizitzaren esparru guztietan» ekin beharra azpimarratu dute, eta ohartarazi berdintasun legeez gain herritar guztien inplikazioa funtsezkoa dela.
Elgarrestak esku hartu beharreko hainbat arlo aipatu ditu: «Lan munduan berdintasun planak sustatu behar ditugu, baina apalategian geldituko ez diren planak, benetan emakumeen kontziliazioa bermatuko dutenak, haiei goi karguetara iristea ahalbidetuko dietenak. Eskolan hezkidetza sustatzea izango da lehentasuna, eta, horretarako, emakumeek historian, kiroletan, zientzietan eta beste zenbait esparrutan egindako ekarpenak nabarmendu behar ditugu. Horren bitartez lortuko dugu estereotipoekin apurtzea».
Isasik azaldu du gaur aurkeztutako kanpainak berretsi egiten duela aldundiek feminismoarekin duten konpromisoa, eta Vicentek konpromiso horixe bera eskatu die herritarrei: «Ekintza zehatzetatik abiatu behar da, hor egin daiteke-eta benetako aldaketa». Eta, aldi berean, adierazi du emakumeen alde egindako politikak ez direla mehatxu moduan ikusi behar, kontrara baizik: «Gizartearen erdiaren egoera hobetzea lortzen badugu, gizarte osoa hobetuko dugu».
Hain zuzen ere, Apraiz gizonei mintzatu zaie: «Beharrezkoak ditugu berdintasunaren alde aktibistak diren eta antifeminismoaren borrokan konplizeak diren gizonak». Eta Gurtubaik borroka horiek egin behar diren esparruak zerrendatu ditu: «Berdintasuna zapaltzen dugun esparru oro defendatu eta sustatu behar dugu: eskoletan, lanean, esparru digitalean...».
Beste solaskideek esandakoari jarraituz, Elgarrestak adierazi du «keinu bakoitzak eragina» duela egundaino eman diren aurrerapausoak ezbaian jartzen dituzten diskurtsoak borrokatzeko orduan, eta berdintasuna ez dela «lorpen bermatua, zaindu eta babestu beharreko esparrua baizik».