Bere 40. urteurrenean, EAk aldarrikatuko du euskal estatua dela eskuin muturraren kontrako «euste hormarik onena»

Eusko Alkartasunak irailaren 20an ospatuko du Alkartasun Eguna, Pasai Donibanen. Carlos Garaikoetxea lehendakaria gogoan izango dute.

Eba Blanco, ezkerrean, idazkari nagusiko kargura berriro aurkeztu ez zela iragarri zuenean. EA
Eba Blanco, ezkerrean, idazkari nagusiko kargura berriro aurkeztu ez zela iragarri zuenean. EA
nerea intxausti
2026ko irailaren 10a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Alkartasuna alderdiak Alkartasun Eguna ospatuko du Pasai Donibanen (Gipuzkoa) hurrengo igandean, hilaren 20an. Aurtengo edizioaren leloa Boga! izango da: adierazi nahi izan dute Euskal Herriak «herri bezala» egin behar duela arraunean, «norabide berean eta taldean». Alderdiaren esanetan, «euskal estatu bat da ultraeskuinaren aurrean euste hormarik onena». EAk 40 urte beteko ditu aurten.

Bereziki larrituta daude «PPren eta Voxen mehatxu ultrekin». Eba Blanco idazkari nagusiak ultraeskuina boterera iristearen arriskuaz ohartarazi du: «Norbaitek uste badu AfD alderdiak Alemaniako estatu federatu batean irabazteak ez digula eragiten, ez da jabetzen zer gerta dakigukeen. Espainia gobernatzea nazioarteko ultraeskuindarren helburuetako bat da. Gure eskubide indibidual eta kolektiboak serio mehatxatuta daude».

Uste dute «ultren ofentsibaren aurrean osasun hesia sendotu» behar dela, eta proposamena egin dute: euskal herritarren eskubide historikoak aldarrikatzeko presio soziala areagotzea eta, hala «lehenbailehen estatu burujabea» izatea lortzea. Estatus politiko berriaren inguruko eztabaidari buruz, gogoratu dute duela urtebete eskatu ziotela Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari «ahalik eta azkarren gutxieneko akordio bat» erdiestea: «Ultraeskuina gure gainean izanda, desiragarria litzateke estatus politiko berriari buruzko akordio hori berandu baino lehenago ixtea».

Omentzeko eguna

Iganderako plana jakinarazi dute. Goizean, Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita egingo dute eta, eguerdian, Pasai Donibaneko Santiago plazan egingo dute ekitaldi nagusia. Oiartzualdea eskualdearen egoera ezagutzeko mahai ingurua egingo dute, eta bereziki izango dute hizketagai Pasaiako portua; haren eskumenak, eskualdeko industrialdea eta arrantza. Solasaldian parte hartuko dute Ander Goikoetxea Arana EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko ordezkariak, Idurre Bideguren Gabantxo EH Bilduko senatariak eta Haritz Perez Martinez EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak.

Jakinarazi dute maiatzaren 4an zendu zen Carlos Garaikoetxea Urriza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gogoan izango dutela egun osoan. 

Blancoren azken urtea

Eba Blanco 2022ko otsailetik da EAko idazkari nagusia. Azken hilabeteak egiten ari da, baina. Azaroan alderdiaren kongresua egitekoak dira, eta Blancok aurreratu zuen ez zuela bere burua berriro zuzendaritzarako aurkeztuko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA