Eba Blancok EAko idazkari nagusi izateari utziko dio alderdiaren hurrengo kongresuan

EAko zuzendaritzak jakinarazi du Arabako Probintzia Auzitegiak atzera bota duela Maiorga Ramirezek aurkeztutako helegitea, eta, hala, 2019ko primarioen auziari amaiera eman zaiola.

Blanco, ezkerrean, gaur egindako agerraldian. EA
Blanco, ezkerrean, gaur egindako agerraldian. EA
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 30a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Alkartasunaren hurrengo Batzar Orokorrean, Eba Blanco Eusko Legebiltzarreko Mahaiko bigarren presidenteordeak amaiera emango dio alderdiko buru egin duen bideari. Gaur jakinarazi du erabakia, hain justu, EAren azken urteetako jarduna baldintzatu duen bide judizialari lotutako beste albiste bat ematearekin batera: Arabako Probintzia Auzitegiak atea itxi die ildo kritikoko kideek 2019ko primarioak errepikatzeko egindako eskaerei. «Epaitegiek gauza guztietan arrazoia eman digutenez, Maiorga Ramirezen sektoreko norbaitek barkamena eskatuko du?», esan du Blancok.

EAk 2022an egin zuen bere XIII. kongresua, eta aurten dagokio hurrengoa egitea. Hura izango du bidearen amaiera Blancok. Uste du EA «garai gozoan» dagoela, eta gehitu du lan egingo duela zuzendaritza aldaketa «lasaia» izan dadin. Ez du zehaztu nork ordezkatuko duen buruzagi lanetan, baina esan du zuzendaritza berria gai izango dela alderdiaren «afiliazio eta printzipioei etekinik handiena» ateratzeko. «Pozik noa jakinda, akatsak egin ditugun arren, funtsean gauzak ondo egin ditugula, eta alderdia zama askotatik libre utzi dugula, baita alde judizialetik ere», adierazi du.

Blancok 2019an hartu zuen idazkaritza nagusia, Pello Urizarren dimisioaren ostean. Hain zuzen, zuzendaritzara eraman zuen primario prozesu hark leherrarazi zuen ildo ofizialaren eta kritikoen arteko bataila —oinarrietako bat du EH Bildurekiko jarrera—. Bi hautagai aurkeztu ziren: Blanco bera eta Maiorga Ramirez, baina azken horren hautagaitza bertan behera utzi zuen alderdiko Hauteskunde Antolaketa Batzordeak, Ipar Euskal Herrian nahikoa abal lortu ez zituela ebatzita.

Horrek prozesu judizial luze bati eman zion hasiera. EAko zuzendaritzak gaur itxitzat jo duen prozesua, baina gorabehera ugari izan dituena. Ramirezek alderdiaren erabakiaren kontrako salaketa jarri zuen, eta Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zion, 2019ko primarioak errepikatu behar zirela ebatzita. EAko zuzendaritzak, baina, helegite bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Hark 2023ko abenduan ebatzi zuen Ramirezen «oinarrizko eskubideak» urratu zituztela, baina EAren esku utzi zuen barne araudia ebazpenak adierazitakora egokitzea. Hain zuzen, gaur jakinarazitako ebazpenarekin, alderdiak betetzat jotzen du Gorenak agindutakoa.

Izan ere, jada primarioak ez dira EAk alderdiko idazkari nagusia aukeratzeko duen formula. 2022ko otsaileko XIII. Nazio Biltzarrean erabaki zuten estatutuak aldatzea eta aurrerantzean Nazio Biltzarreko kideek bozkatzea alderdia nork zuzenduko duen; Blancoren alde egin zuten. Erabaki horiek XIV. Ezohiko Biltzarrean berretsi zituzten, urte bereko azaroan, Gasteizko Auzitegiak behin-behinean eten baitzituen otsailean bozkatutakoak. Zergatik? Kritikoek kongresu hartan hartutako erabakien kontra jo zuten. Ondoren, azaroko kongresuaren aurka ere egin zuten, baina bi kasuetan epaileek ezetsi egin zituzten eskaerak, aldaketak ontzat jota.

«Sei urte baino gehiago daramatzagu Maiorga Ramirezen sektorearen salaketa zibil eta penalei, erasoei, jazarpenari eta irain publiko eta pribatuei aurre egiten», salatu du Blancok, eta ildo kritikoko buruari egotzi dio «botoa emanez irabazi ezin izan duena epaitegietan irabazten saiatzea», eta nabarmendu horrek alderdiari eragin dizkion «kalteak».

Hitz horiekin, Blancok ez die soilik primarioei lotutako auzi judizialei egin erreferentzia, bestelako auzibide batzuk ere egon baitira tartean. Batetik, kritikoek EAko zuzendaritzako zenbait kideren kontrako salaketa penal bat aurkeztu zuten, dokumentuak faltsutzea egotzita. Hura, baina, artxibatu egin zuten. Bestetik, alderdia Ramirez eta haren ildoko beste zenbait alderdikideren kidegoak eten zituen lau urtez, baina Gasteizko epaitegi batek baliogabetu egin zituen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.