«Bere koloreagatik hil dute Babacar»

Hondarribiko senegaldar komunitateak samina eta haserrea erakutsi ditu kalean, udaltzain batek Babacar Weler tiroz hil duela eta. Udal gobernuko ordezkariak eta Senegalgo kontsula ere izan dira han.

HONDARRIBIA
Babacar Weler hil zuten tokian egindako omenaldia. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
Hondarribia
2026ko irailaren 29a
19:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Beste modu bat egon behar zuen Babacar gelditzeko». Hitz horiek behin eta berriz errepikatu dituzte gaur Hondarribian (Gipuzkoa), udaltzain batek bezperan Babacar Weler tiroz hil izana salatzeko eginiko elkarretaratzean. Hondarribiko senegaldar komunitatearen samina eta haserrea oso presente egon dira, eta herriko eta eskualdeko jende ugari elkartu da haiei babesa emateko. Tartean izan dira Senegalgo kontsula eta udal gobernuko zenbait zinegotzi ere. Manifestazioa antolatu dute larunbaterako, udaltzainen egoitzatik abiatuta, 17:00etan.

Gaurko protestan, jendetza bildu arren, ez da ez udaltzainik eta ez ertzainik egon inguruan. Hogei lagun inguruk hartu dute hitza. Welerren heriotzagatik duten mina, haserrea eta ulertezintasuna azaldu dituzte, eta behin eta berriz jarri dute zalantzan Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren bertsioa. «Poliziak arazo bat zuen Babacarren kolorearekin eta arrazarekin».

Komunitateko kideek azaldu dutenez, Weler ezaguna zen Hondarribian. Urteak zeramatzan herrian bizitzen, hainbat lanetan aritua zen, besteak beste eraikuntzan, eta familia eta anaia ere bertan zituen. Arrantzan aritzen diren senegaldar asko bizi dira han, eta gaurko elkarretaratzean behin eta berriz azpimarratu dute herriarekin duten lotura. «Hondarribian urteak daramatzagu, eta inoiz ez dugu arazorik izan. Beltzak ala zuriak, denok gara bizilagunak. Bizi egin behar da, eta bizitzen utzi», esan du emakume batek.

Beste hizlari batek nabarmendu du Senegalgo komunitatea herrian errotuta dagoela: «Lan egitera eta gure haurrak haztera etorri gara. Hemengo jendeak badaki zer den migrazioa, migratzaile izatea, baina Poliziak ez». Gertatutakoaren inguruan komunikabide batzuk «gezurretan» ari direla ere salatu du.

«Hark bazekien egunen batean poliziek hilko zutela. Familia oso bat hil dute»

BABACAR WELERREN ANAIA

Babacarren anaiak ere hartu du hitza, labur: «Hark bazekien egunen batean poliziek hilko zutela. Familia oso bat hil dute». Beste lagun batek azaldu du gizona polizien beldur zela; gogoratu du nola udan itsasora bota behar izan zuen bere burua, Polizia atzetik zuelako. Ondoren, ontzi batean aurkitu zuen labana batekin oihuka aritu zitzaien. Hautsak harrotu zituen gertakari horrek herrian, baina zabaldutako bertsioekin oso kritiko azaldu dira Welerren lagunak. «Herri honetan beldurrez bizi behar al dugu? Inork ez du halakorik merezi, ezta guk ere».

HONDARRIBIA
Hildako senegaldarraren senideak eta lagunak, gaur egindako elkarretaratzean. GORKA RUBIO / FOKU

Mankosengal elkarteko presidente Awa Seckek BERRIAri azaldu dionez, aurretik buru osasuneko krisialdiak izan zituenean, Weler ospitalera eraman eta han artatu zuten, inori minik eragin gabe. Irungo Zubia gizarteratze zentroaren erabiltzaile izandakoa ere bazen, eta Donostiako Klinika Psikiatriko Forentsean ere hainbat aldiz sartu zuten. Azkenaldian, ordea, kalean bizi zen, eta sendagaiak hartzeari utzia zion, Seckeren arabera.

«Eragotz zitekeen»

Hondarribiko gizarte zerbitzuek ere bazuten haren egoeraren berri. Igor Enparan alkateak azaldu duenez —Abotsanitz taldekoa da—, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Osakidetzarekin ere ari ziren lanean, «oso egoera zaurgarrian» zegoelako. Alkateak ikerketa «inpartziala, independentea eta profesionala» galdegin du, baina, aldi berean, pauso bat harago jo du: «Eragotz zitekeen gertakari bat» izan dela azpimarratu du. «Gizarte bezala, ez gara gai izan egoera honi aurre egiteko; erakundeen arteko koordinazio handiagoa behar da».

Sentsazio hori nagusitu da gaurko protestan ere. Hainbatek galdetu dute ea ezin ote zen polizia gehiago bidali, hura menderatzeko beste bitartekorik erabili edo egoera beste modu batera bideratu. Komunitateko kide batek nabarmendu du gertatutakoa «huts egite kolektiboa» izan dela, eta udaltzainak, udala, Eusko Jaurlaritza eta gizarte zerbitzuak aipatu ditu, besteak beste. «Hemen denok huts egin dugu».

«Gizarte bezala, ez gara gai izan egoera honi aurre egiteko; erakundeen arteko koordinazio handiagoa behar da»

IGOR ENPARANHondarribiko alkatea

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, Welerrek, labana bat eskuan, zenbait pertsona mehatxatu zituen San Pedro kaleko ostatu batean. Udaltzainak eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta, sailaren bertsioaren arabera, Ertzaintzako agente bati lesioak eragiten saiatu ondoren, udaltzain batek tiro egin zion; hiru, lekukoen arabera.

Udalbatzak, udal talde guztien izenean egindako adierazpen bateratuan, dolumina helarazi dio familiari, eta hausnarketa sakona eskatu du, gizarteak eta erakundeek Welerri eman behar zioten babesaren inguruan. Adierazpenak, ordea, ez du berariaz aipatzen tiro egin zuen udaltzainaren jarduna.

EAJren udal taldeak, gainera, ñabardura batzuk egin ditu beste ohar batean. Udaltzain eta ertzainei babesa agertu die, eta agenteek beren lana segurtasunez egiteko eta beren osotasun fisikoa eta ingurukoena babesteko eskubidea dutela nabarmendu du. Halaber, kritikatu egin du «udal gobernuko kide den alderdi batek» mobilizazioak sustatu izana, gertatutakoa «Poliziaren hilketa» gisa aurkeztuz ikerketa amaitu aurretik.

Gipuzkoako Aldundiak «sakon» deitoratu du Welerren heriotza. Irune Berasaluze bozeramaileak esan du horrelako kasuak «porrota» direla «gizarte osoarentzat».

Bestalde, SOS Arrazakeriak zalantzan jarri ditu Poliziaren jarduna eta osasun mentaleko politikak. Erakundeak eskatu du Welerren heriotzak izan beharreko erantzun judiziala ez dadila lausotu «haren heriotzaren erantzulea polizia izateagatik».

Ertzaintzako ERNE sindikatuak, berriz, babes osoa adierazi die atxiloketa saioan esku hartu zuten agenteei, eta taser pistolak eramatearen alde egin du. Sindikatuaren arabera, horrelako bitartekoek «atzera-bueltarik ez duten gertaerak» eragotz ditzakete.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA