Iazko udazkenean zabaldu zen Sarrea elkarteak Arabako Bernedo herrian egiten dituen udalekuen inguruko polemika. Guraso batzuek salatu zuten haurrak eta nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta gaztetxoak bi astez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. Denbora horretan guztian, isilik egon dira salaketa horiek egin zituzten adingabeen familiak. Orain, lehen aldiz, adingabe horien amek komunikatu bateratu bat plazaratu dute, isiltasun horren arrazoiak azaltzeko eta azken hilabeteetan auziak hartu duen bideari buruzko iritzia emateko.
Ikusi gehiago
Komunikatuaren hasieran bertan azaldu dute zergatik hautatu zuten isilik geratzea. «Hamar hilabete daramatzagu isilik. Hamar hilabete besteek gure ordez nola hitz egiten duten entzuten», adierazi dute. Nabarmendu dute isilik geratu badira ez dela hala izan «esateko ezer ez» zutelako, baizik eta uste zutelako «erakundeek eta arduradunek zegokiena egingo zutela, hau da, beraiei eta beren alabei entzutea.
Familien esanetan, bide instituzional guztiak baliatu zituzten auzia publiko egin aurretik. Lehenik, udalekuak antolatzen zituen elkarteari erreklamazioa aurkeztu zioten, baina jasotako erantzuna «etsigarria izan zen guztiz». Horren ondoren, Arabako Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzara, Gazteria erakundera, Emakundera eta Arartekora jo zuten: «Guri entzuteko, ikertzeko eta kezkatzen gintuzten egoera batzuk aztertzeko eskatu genuen», azaldu dute.
Aitzitik, salatu dute kasua hedabideetara iritsi zen arte ez zutela espero zuten erantzunik jaso. Salbuespen bakarra Arabako Foru Aldundia izan zela azpimarratu dute. «Kasua publiko egin zenean, harrera egin eta entzun zigun erakunde bakarra Arabako Foru Aldundia izan zen», diote, eta erakundeari eskerrak eman dizkiote euren kezkak «entzuteagatik eta errespetuz laguntzeagatik».
Familien ustez, egoera «zeharo desberdina» izan ahalko zen norbait haiekin eseri eta euren alabek kontatzeko zutena entzun izan balute. Haatik, ate ia denak itxita aurkitu zituztela salatu dute. Hori horrela izanik, ataka zailean geratu zirela onartu dute, zirt edo zart egin behar izan zutelako: «Isiltzea eta berriro gerta zitekeen arriskua onartzea edo publiko egitea aukeratu behar genuen, eta hitz egitea eta salaketa formala jartzea aukeratu genuen». Azaldu dutenez, hautu hura ez zen izan haientzat gustukoena, baina beste aukerarik ez zitzaien geratu.
«Inoiz ez dugu babestu gure alaben esperientzia erabiltzea inolako mugimenduri edo proiektu politiko edo soziali erasotzeko»
SALAKETA JARRI ZUTEN ADINGABEEN FAMILIAK
Adingabeen amak bereziki kezkatuta agertu dira azken hilabeteetan auziak izan duen hedadura eta oihartzun publikoarekin. Familien iritziz, hasieran adingabe batzuen egoeraren gaineko kezka zena «eztabaida politiko eta ideologiko» bihurtu da: «Badirudi mundu guztiak duela zerbait esateko, bizi izan dugunok izan ezik». Bereziki salatu dute eztabaidak transfeminismoari, ideologiari edo interes politikoei buruzkoak bihurtu direla, eta eurek inoiz aukeratu ez dituzten «bandoetan» kokatu dituztela. Horren aurrean, argi mintzatu dira: «Inoiz ez dugu babestu gure alaben esperientzia erabiltzea inolako mugimenduri edo proiektu politiko edo soziali erasotzeko».
Era berean, gezurtatu nahi izan dute euren salaketaren atzean motibazio ideologikorik dagoela. «Ez dugu ideologia bat salatu. Gertaera batzuk salatu ditugu, eta gure alabei entzutea eskatu dugu», azpimarratu dute.
Familiek azaldu dute isiltasuna ere babes neurri bat izan dela, baina ohartarazi dute ez dela adostasunarekin nahasi behar. «Hamar hilabetez entzun behar izan dugu nola eraikitzen ziren gertatutakoari buruzko kontakizun partzialak, bizi izan dugunok kontuan hartu gabe». Horregatik erabaki dute orain hitz egitea: «Isilik jarraitzeak ez dituelako gure alabak babesten».
Halaber, gogorarazi dute auzia epaitegietan dagoela eta ez dutela prozesu judiziala baldintzatu nahi. Horregatik, zehaztu dute komunikatuaren helburua ez dela gertakarien gaineko eztabaida juridikoa egitea, baizik eta azaltzea zergatik egon diren denbora luzez isilik, eta ahotsa altxatzeko beharrari bide ematea.
Adingabeen familiek gogorarazi dute eztabaida publikoaren erdigunean pertsonak daudela, eta adingabe batzuek ikusi behar izan dutela nola euren bizipenak zalantzan jarri dituzten. Era berean, adingabeen gurasoek ohartarazi dute ondorio emozional eta psikologikoak benetakoak direla, eta familiak ere higadura handia bizitzen ari direla. Intimitatea errespetatzeko xehetasunik ez ematea erabaki badute ere, mezu argia utzi dute: «Inork ez dezala ahaztu istorio honen atzean adingabeak daudela».
«Feministak eta abertzaleak gara»
Familiek beren burua ere definitu nahi izan dute. «Gutako asko euskaldunak, feministak eta abertzaleak gara», diote, eta horregatik «bereziki mindu» ditu ezagutzen ez duten leku ideologiko batean kokatu izanak. Azpimarratu dute ez dutela «inoiz borroka politiko edo ideologiko batean parte hartu nahi izan», eta euren asmo bakarra izan dela euren alabak entzutea eta babestea.
Bide horretan, exijitu dute ez dadila berriro halakorik gertatu. «Ez dugu etiketa gehiagorik nahi. Ez dugu nahi inork gure alabak erabiltzea beraienak ez diren eztabaidak irabazteko». Horren ordez, eskatu dute gauzak «gaizki egin zirela onartzeko», arduradunek erantzukizuna hartzeko, eta «beharrezko neurriak» hartzeko, «familia bakar batek ere ez dezan gauza bera bizi».
Azkenik, eskerrak eman dizkiete hilabete hauetan babesa adierazi dieten guztiei; bereziki, «epaitu gabe entzun» dietenei eta «beste aldera ez begiratzea» erabaki dutenei.