Epaileak bertan behera utzi du, behin-behinean, Sarrea Euskal Udalekua elkarteak aisialdi ekintzak antolatzeko debekua

Kautelazko neurriarekin ere, «zail» ikusten dute Bernedon aurtengo udaldia aurrera eramatea. Arabako Foru Aldundiak helegitea aurkeztuko dio erabaki horri.

Euskal Udalekuen aldeko agerraldia, joan den astean, Gasteizko Foruen plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Euskal Udalekuen aldeko agerraldia, joan den astean, Gasteizko Foruen plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Isabel Jaurena - Peru Amorrortu
Gasteiz
2026ko ekainaren 29a
09:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarrea Euskal Udalekua elkarteak aisialdi ekintzak antolatzeko debekua bertan behera utzi du epaileak, behin-behinean eta kautelazko neurri gisa. Ohar bidez eman dute horren berri Euskal Udalekuen antolatzaileek: «Gaur-gaurkoz, Sarrea legalki ahalbidetuta dago edozein aisialdi jarduera antolatzeko eta udalekuetan aurrera egiteko». Halere, aurten ez da udalekurik egonen Bernedon (Araba), eta debekuak hasi zirenean martxan jarritako alternatibei eutsiko diete. 

Ekainaren 4an bilakatu zen irmo Sarrea Euskal Udalekuak elkarteari jarritako zigor administratiboa. Ana del Val Arabako Foru Aldundiko kultur diputatuak jakinarazi zuen Bernedoko (Araba) udalekuak egitea debekatu ziola aldundiak Sarrea Euskal Udalekua elkarteari, baita Dorrekoa kultur elkarteari ere ―Euskal Udalekuen sarearen parte da―, «lege-iruzur saiakera» egitea leporatuta. 9.000 euroko isuna eta hiru urteko inhabilitazioak daude Sarreari ezarritako zigorren artean. Sarreari zigorra ezarri zioten argudiatuta azken bi urteetan ez zutela jardueraren jakinarazpenik egin.

Espedientea «legearen berme guztiekin» tramitatu dela ziurtatu zuen Del Valek, baita prozeduraren helburua «adingabeen interesa babestea eta legea errespetatzea» izan dela ere. Azaroan hasi zen espedientearen tramitazioa. Martxoaren 11n, Sarreak alegazioak aurkeztu zituen, baina aldundiak guztiak ukatu zituen, eta apirilaren 17an zigor proposamena helarazi zieten. Maiatzaren 21ean elkarteak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina hura ere arbuiatu du aldundiak. 

Antolatzaileek, baina, ez zuten etsi. Ekainaren hasierako zigorraren berri izatean, horren kontrako administrazio auzietarako helegitea aurkeztu zuten, ekainaren 22an. «Helegite horretan, eskatu genuen epaileak bertan behera uzteko, judizialki erabaki hau aztertzen zen bitartean, kautelazko neurri gisan jarduerak antolatzeko debekua, ebazpen horrek sortzen dituen kalteengatik», adierazi dute gaurko oharrean. Bada, epaileak aintzat hartu du eskaera: ortziralean izan zuten horren berri, hilaren 26an. Epaileak erabaki du errekurtso administratiboa ebatzi bitartean, behin-behinean, Sarrearen inhabilitazioa bertan behera uztea. «Diputazioari entzunaldirik egin gabe sinatu da ebazpen hau, dagokion urgentzia dela eta, ohiko kautelazko neurriek hilabete bat iraun ohi baitute ebazteko».

Epailearen arrazoiketak

Gasteizko administrazio auzien lehen epaitegiko jujearen erabakiaren arabera, «larritasun bereziko arrazoiak» direla-eta erabaki du aldundiaren inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uztea. Epaileak arrazoiketan dioenez, argi dago larritasun hori egon badagoela, «uda hasia baita, eta, inhabilitazioa aplikatuz gero, [Sarreak] ezingo bailituzke 2026rako programaturiko ekintzak egin». Epaitegiaren behin betiko erabakia 2026ko uda baino «askoz geroago» etorriko denez, epaileak beharrezko iritzi dio urgentziazko kautela neurri baten bitartez hiru urteko inhabilitazioa bertan behera uzteari.

Gainera, kalte ekonomikoez gain, epaileak argudiatu du Sarreak «moralari eta izen onari dagozkion kalteak» ere jasango lituzkeela, «50 urte baino gehiago dituen egitasmo baten etena» ekarriko bailuke inhabilitazioak, Sarreari «erakunde moduan gizartean ospe ona galtzea» ekartzearekin batera. Kalte hori aldundiak gerora ordain ekonomikoekin konpontzea ezinezkoa dela iritzita, epaileak erabaki du horrek justifikatzen duela inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uztea.

Inhabilitazioa bertan behera uzteak ez dakar, bestalde, «aldundiarentzako edo beste inorentzako kalterik». Hain zuzen ere, epaileak uste du «2023 eta 2024. urteetan ustez egindako arau hausteek ez dakartela adingabeentzat benetako arriskurik». Kontuan hartu beharra dago 2022ko Gazteriaren Legearen arabera, adingabeekin jarduerak antolatzen dituztenek aldundiei jakinarazi behar dietela, eta 2023, 2024 eta 2025. urteetan jakinarazpen hori ez egiteagatik zigortu zuela aldundiak Sarrea, eta ez 2025eko udalekuen ostean izandako sexu-eraso salaketengatik. «Arriskurik ezaz» mintzo denean, beraz, jakinarazpen administratibo horren faltari buruz ari da epailea.  

Aurten udalekurik ez

Halere, horrek ez du erran nahi aurtengo udan Bernedoko udalekuetan aurrera eginen dutenik: «Adingabeekin egiten dugu lan, eta gure helburua haur eta gazteei kalitatezko aisialdi jardun segurua eskaintzea da. Alderdi politiko eta medioek herrian izan duten jazarpen jarrera kontuan izanda, zail ikusten dugu Bernedon baldintza horietan aurtengo udaldia aurrera eramatea».

Antolatzaileek gogoratu dute debekuak iritsi zirenean udalekuen planteamendua berrantolatu zutela, eta haur eta gazteei alternatibak eskaini zizkietela; horiekin eginen dute aitzinera, eta, hortaz, aurten ez da udalekurik egonen Bernedon. Legezko bermeak izan arren, arduraz jokatu nahi dutela erran dute, prozesu guztian egin moduan. Izan ere, sinetsita daude haur eta gazteei eskaintza «ziur» bat egin behar dietela, eta ezin direla diputazioaren «azken orduko mugimenduen eta epaileen ebazpenen» zain egon. «Horrez gain, beharra dugu udalekuak beldurrik eta mehatxurik gabe garatzeko, medioek edota ultraeskuineko alderdi politikoek gure funtzionamendua oztopatuko duten beldurrik eta mehatxurik gabe, hain zuzen; eta ikasturtean zehar bizi izan dugun jazarpena ikusita, ez dugu horretarako bermerik ikusten Bernedon», gehitu dute.

«Zigor neurrigabea»

Salatu dute, halaber, ezarri dieten zigorra «neurrigabea» dela. Eta gogorarazi «guztiaren abiapuntua dutxa mistoen inguruko zurrunbilo mediatikoa» izan zela, eta horrek eragin dituela «ondorengo presio politikoak». Joan den ortzegunean egindako agerraldian, iazko udazkenean azaldu zuten mezua berretsi zuten: zuzenean jaso dituzten kexa guztiak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan direla, eta ez dutela hezitzaileen kontrako salaketarik jaso. Era berean, erran zuten ez dutela prozesu judizialari buruzko informazio ofizialik.

Gaur ere bide beretik mintzatu dira: «Benetan eraso salaketaren bat balego, jakin egin nahiko genuke, guk ere beharrezkoak diren neurriak hartzeko». Haien irudiko, agerian geratu da diputazioaren ebazpena «guztiz politikoa eta ideologikoa» izan dela, eta ez administratiboa: «Udalekua debekatu nahi zuten, eta edozertarako prest agertu dira helburu hori betetzeko».

Debekuak debeku, nabarmendu dute Sarrea elkarteak udalekuak «legez» antolatu ahal dituela, eta, hortaz, hemendik aitzinera ere beren proiektuaren alde egiten segituko dutela: «Gure proiektuaren defentsan jarraituko dugu errepresioari aurre egiten». Are, abuztuaren 29an Bernedon elkartuko dira, proiektuaren aldeko babes erakustaldi gisa, eta azken hilabeteetan jasandako «eraso politikoei eta administratiboei» erantzuteko.

Aldundiaren erantzuna

Epailearen erabakia jakin ondoren, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Ana del Valek, agerraldia egin du hedabideen aurrean. Foru diputatuak deitoratu duenez, epaileak «alde biei entzun gabe» hartu du erabakia. Izan ere, epaileak «larrialdiko kautelazko neurri» gisa erabaki du Sarreari ezarritako inhabilitazioa bertan behera uztea, horretarako «larritasun bereziko arrazoiak» ikusten dituelako. Del Valen arabera, «inoiz ez da gertatu» epaitegi batek aldundiaren zigor espediente baten neurriak horrela bertan behera uztea. 

Del Valek adierazi du asteazkenean amaituko dela epailearen erabaki horri alegazioak aurkezteko epea, eta ziurtatu aldundiak espedientearen dokumentazio guztia igorriko diola epaileari, eta alegazioak aurkeztuko dituela. Orduan, epaileak inhabilitazioaren etenaldia mantentzen duen edo ez erabaki beharko du. Foru diputatuak «zuhurtzia» eskatu du, eta esan epailearen erabakiak errespetatzen dituela, baina harridura adierazi du epaileak erabakia hartzeko erabilitako arrazoiketaren inguruan. 

Sarreak uda honetan jarduerarik antolatzeko aukera izango duen galdetuta, Del Valek adierazi du «agian abuztuko azken asteetan» zerbait antolatzeko aukera izango dutela, 30 eguneko aurrerapenarekin egin behar baitzaio aldundiari jardueren antolaketaren jakinarazpena. Hala ere, zalantzan jarri du Sarreak hori egiteko aukerarik izango ote duen, Bernedoko administrazio batzarrak bertan behera utzi baitzuen elkartearekin zuen alokairu kontratua, eta, hortaz, «ez dute non antolatu». Euskal Udalekuetakoek Bernedon udalekurik antolatuko ez dutela esan dutela ikusita, ez dirudi, beraz, aurtengo udan Bernedon udalekurik egongo denik. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA