Bernedoko udalekuko udako txanda guztiak debekatu ditu Arabako Aldundiak

Uztaileko lehen txanda debekatzeko arrazoi berak eman ditu. Dorreko kultur elkarteari Sarrioren oinordekoa izatea egotzi zion Ana del Val kultura diputatuak.

Bernedoko udalekuak, artxiboko irudi batean. EUSKAL UDALEKUAK
Bernedo udalekuak, artxiboko irudi batean. EUSKAL UDALEKUAK
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 17a
10:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Aldundiak Bernedoko udalekuko udako txanda guztiak debekatu dizkio Dorreko kultur elkarteari. Aldundiak baieztatu duenez, lehen txanda debekatu ondoren, Dorrekoak udalekuen beste egonaldiak antolatzeko eskaera egin zuen, eta ezezkoa jaso du. Arrazoiak lehen hamabostaldiko baimena ukatzeko eman zituzten berak dira. 

«Kultura eta kirol diputatuek ekainaren 5eko agerraldian emaniko arrazoiengatik debekatu dira txanda berriak», zehaztu dio aldundiak BERRIAri. Egun hartan, Ana del Val diputatuak azaldu zuen zergatik ezarri zioten debekua Sarrea Euskal Udaleku Elkarteari, urte luzez Bernedoko udalekuak antolatu zituenari, eta, aldi berean, iragarri zuen bertan behera geldituko zela aurtengo uztailaren 1etik 15era Dorrekoak antolatu asmo zuen txanda ere. 

Beste txandekin zer gertatuko zen argitzeko zegoen. Erabakiak ez du ezustean harrapatu Euskal Udalekuak elkartea, atzo sare sozialetan zabaldu zuten bideoan ulertzera eman baitzuten aldundiak bide beretik joko zuela espero zutela. 

Sarreari baimena ukatzeko arrazoia «akats administratibo bat» izan dela argudiatu izan dute Euskal Udalekuek, eta Dorrekok akats hori konponduta egin zuela eskaera. Del Valek, baina, Sarrearen oinordeko izatea egotzi zion Dorrekori, haren jardunarekin jarraitzeko sorturiko «erakunde instrumentala» delakoan. Halaber, gaineratu zuen egoitza erabiltzeko alokairu kontratua Sarrearen izenean dagoela, eta ez Dorrekorenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE