Berrehundik gora pertsonak egin dute agerraldia: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate eta udal hautetsiek, alderdi eta sentsibilitate askotakoek, eta euskalgintzako ordezkari ugarik. Bilbon elkartu dira gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak dei eginda, eta gaitzetsi egin dituzte EAEko udal legeak euskara lehenesteko ematen dituen aukerak mugatzearen aldeko sententziak.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia. Hain justu ere, hortxe osatu dituzte udal legea eta hura euskararen arloan propio garatzen duen 179/2019 dekretua kimatu dituzten hainbat sententzia. Horietako bat, Voxen eskariz abiarazitakoa, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen lehengo astean. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du salaketarako adierazpen bateratua: «Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena da».
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritzak araubidearen defentsa egin zuen helegite baten bidez, baina artikulu bakar batean eman diote arrazoia. Euskara lehenesten bada «koofizialtasuna urratzen» dela ebatzi dute sententzia horretan, eta gaurko agerraldian parte hartu dutenek adierazi nahi izan dute ez daudela ados horrekin: «Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere. Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada, neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak».
Salatu nahi dute, gainera, sententzia horrek eta tankerakoek auzitan jartzen dituztela «erakundeen erabakimena eta euskal gizartearen borondatea». «Baliogabetutako dekretua Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen udal legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak», gogoratu dute protestarako deia egitean.
Udalei eta tokiko erakundeei herritarrekin dituzten harremanetan euskara «lehenesteko» bidea ematen dieten artikuluak baliogabetuta, «euskararen normalizazioan aurrera egitea» zinetan zaila dela esan dute. Baliogabetu diren artikuluek modua ematen dute euskaraz aritzeko hainbat egoeratan. 9.2 artikuluak, esaterako, aukera ematen die udalei «euskaraz funtzionatzeko» neurriak hartzeko, «bereziki euskararen arnasguneetan». 11. artikuluaren lehen atalak, berriz, eskumena aitortzen die udalei «hizkuntza arloko udal eskumen propioa oinarri hartuta (...) dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera» hizkuntza irizpideak ezartzeko. 17.1 artikuluak, berriz, ahozko harremanetan euskara lehenesteko aukera ematen du.
«Egoera larria da»
«Egoera larria da», ohartarazi dute euskalgintzako ordezkariek eta udal hautetsiek. Nabarmendu dutenez, euskara hizkuntza gutxitua da, «mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua». Euskalgintzak esana du euskara larrialdian dagoela. Kontrara, goraipatu egin dute euskararen aldeko zenbait neurri hartzeko bidea urratzen aritzea ere: esaterako, ontzat jo dute azken hilabeteetan erakundeek eta eragile politikoek «ahalegin berezia» egin izana euskarak ofizialki lekua izan dezan Europako erakundeetan.
Gaurko agerraldian adierazi dutenez, noiz-eta euskarak hizkuntza minorizatu izateari uzteko ekintza politikoak premiazkoen direnean ugaritu dira halako neurrien aurkako sententziak, «euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak»: lan eskaintza publikoak baliogabetzea Eusko Legebiltzarrak «adostasun zabalez» onartutako legeen kontra eginda...
Horren guztiaren harira, «batasunez» erantzuteko beharra nabarmendu dute. Gaurkoa horren erakusgarri. Bertan izan da besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto (EAJ), baita Eudeleko lehendakari Esther Apraiz eta UEMAko lehendakari Martin Aramendi ere. Ez dira joan Donostiako alkate Eneko Goia (EAJ) —udalbatzarra zuten ordu horretan, baina deialdiari babesa adierazi dio—, ezta Gasteizko alkate Maider Etxebarria ere (PSE-EE).
Ekiteko garaia dela uste dute: «Neurririk hartu ezean, oztopoak ugaritu egingo dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direnez egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da». Hain zuzen, «segurtasun juridikoa» indartu behar dela iruditzen zaie, eta horretarako «beharrezko lege aldaketak» galdegin dituzte. EAJk eta EH Bilduk proposamenak eginak dituzte.
Erakundeek ez ezik, herriak ere tira egin behar duela diote: «Euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu, ahalik eta adostasun handienaz eta zabalenaz herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko». Izan ere: «Euskara behar dugu, eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena». Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginda, euskararen erabilerak «dagokion lekua» behar duela berretsi dute, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartu dute: «Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko. Beste pizkunde aro bati bide emateko».
Beste epai batzuk
179/2019 dekretuaren kontrako epaiak ez ezik, udal legearen kontrakoak ere izan dira. 2023ko uztailaren 6an jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuela. Euskaraz jarduteko modua ematen die artikulu horrek udal erakundeei, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egitekoa. Oihartzun handia izan zuen sententzia hark, ahots asko ozendu ziren haren kontra, eta Kontseiluak gaurkoaren tankerako agerraldi bat antolatu zuen orduan ere, alkateekin, hautetsiekin eta euskalgintzako ordezkariekin. Bilbon izan zen hura ere. «Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek», salatu zuten protesta hartan.