Argi dute udal ordezkariek: lehengo astean Espainiako Auzitegi Gorenak euskarazko jardunbideak ahalbidetzeko araudiaren kontra ebatzitako sententziak eragina izan dezake udalen funtzionamenduan, barrura begirako funtzionamenduan. Baita herritarrei eskain diezaieketen harreran ere.
Aramaioko (Araba) alkate Asier Agirreren (EH Bildu) iritziz, «lasaitasuna» ematen zien araudia indarrean egoteak. Gainera, gehitu du tirabira judizialak kalte egiten diola herri txiki batek normaltasunez jarduteko behar duen segurtasunari. Epaiaren arrazoibideetako bat da euskara ezin dela lehenetsi, horrek arazoak eragin ditzakeela iritzita. Udal ordezkariek, ordea, ez dute horrelakorik atzeman izan. Zarautzen (Gipuzkoa), esaterako, ez da «sekula» arazo bat izan, Irene Urbieta (EAJ) zinegotziaren eta UEMAko lehendakariordearen ustez: «Herritarrari harrera egiterakoan berak behar duen hizkuntzan hitz egiten zaio; aurreneko hitza euskaraz, baina gazteleraz erantzunez gero gazteleraz egiten zaio harrera». Gehitu du Voxek liskarra sortzeko ekarri duen diskurtso politikora eraman dela auzia, errealitatearekin bat egiten ez duen arren.
Joana Mendiburu (EH Bildu) Oiartzungo (Gipuzkoa) alkateak esan du epaiak ziurgabetasuna sortu duela udal ordezkariengan: «Ez dakigu etorkizunean zer eskatuko zaigun kanpotik; guk berdin jarraitu nahi dugu, eta horretarako baldintzak ditugu». Eskabideetako bat lan eskaintzen hizkuntza eskakizunei lotutakoa izan daiteke. Hala ere, Urbietak azpimarratu du eskakizun horiek bermatzeko «bideak urratzen» saiatu beharko dutela, «aliantzak topatzen».
«Lehenago kezkatuta geunden kolokan zegoelako arnasguneek euskararen bultzadan betetzen duten funtzioa. Orain, administrazio barruan normaltasunari eutsi ahal izatea dago kolokan. Egoera horrek haserrea ere sortzen du»
JOANA MENDIBURU Oiartzungo alkatea
Asteotan epaiaren albistea ez da izan euskararen egoeraren inguruan kezka sortu duen albiste bakarra. Izan ere, Siadecok plazaratu zuen ikerketak ere kezka sortu du. Euskararen datu demolinguistikoak aztertuta, atzeraldi bat iragarri dute, eta arnasguneen eremuan, bereziki, ahultze bat. Horri azken sententzia hori gehitzeak «kezka areagotzea» ekarri du, Mendibururen irudiko: «Lehenago kezkatuta geunden kolokan zegoelako arnasguneek euskararen bultzadan betetzen duten funtzioa. Orain, administrazio barruan normaltasunari eutsi ahal izatea dago kolokan. Egoera horrek haserrea ere sortzen du».
«Denok batera»
Gaurko deialdian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi nagusi biek parte hartu dute: EAJk eta EH Bilduk. Derioko (Bizkaia) alkate eta EUDELeko lehendakari Esther Aparizen (EAJ) iritziz, euskarari bere lekua emateko «denek batera» lan egin behar dute. Mendiburuk gehitu du erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa dela, eta Urbietak azpimarratu du «alderdikeriak» alde batera utzi behar direla, euskara «alderdi politiko bat» baino «bizitzeko modu bat» delako; amaitzeko adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales pausoak ematen hasi dela beste herrialde batzuekin elkarlana sustatzeko hizkuntza eskubideen defentsan.
Ikusi gehiago