ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Berriztagarrien instalazioek sortzen dituzten inpaktuak berretsi ditu EAEko ingurumen administrazioak

Inpaktuak onartu badituzte ere, klima larrialdiaren kontrako borrokan gako direla esan dute. Bi urteko epea eman diote Jaurlaritzari berriztagarrien LPSa onartzeko.

ENERGIA EOLIKOA
Parke eoliko bat, Oñatin (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 18a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia berriztagarria ekoizteko instalazioek ingurumenean inpaktua izango dutela onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen administrazioak, baina, era berean, azaldu du kalte horiek ez direla «larriak» izango. Eusko Jaurlaritzak oraindik onartu ez duen Energia Berriztagarriei buruzko Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) ingurumen adierazpen estrategikoan adierazi du hori EAEko ingurumen administrazioak, jasotako 4.387 alegazioei erantzunez. Behin adierazpen estrategikoa argitaratuta, Eusko Jaurlaritzari gehienez bi urte eman dizkiote LPSa onartzeko.

LPSak jasotako alegazio gehienak, norbanakoenak bereziki, planak jasotzen dituen esklusio guneei eta aukeratutako kokapen eremuei buruzkoak dira —azpiegiturak kokatzeko lehenesten diren lekuak dira horiek, bi faktore batuta: ingurumen sentikortasuna eta baliabide naturala egotea—, baita energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturek ingurumenean izango duten inpaktuei buruzkoak ere. Alegazio batzuetan energia kontsumoa gutxitzeko planen falta azpimarratu zen, baina Eusko Jaurlaritzak azaldu du LPSa «lurraldea antolatzeko tresna bat» dela, eta ez dagokiola halakorik egitea.

Beste alegazio batzuetan esklusio eremuak handitzea eskatzen zen, onura publikoko mendiak, sai zuriarentzako eremu kritikoen inguruko erradioak, kultura ondasun jakin batzuk, korridore ekologikoak, funtzio anitzeko ingurumen intereseko eremuak eta paisaia interes bereziko eremuak babesteko, adibidez. Horiei erantzunez, Jaurlaritzak azaldu du berriztagarriek ez dutela eragozten onura publikoko mendien erabilera tradizionala, hegazti nekrofagoen kudeaketan funtsezko diren interes bereziko eremuak eta elikatzeko babesguneak azpiegiturak eraikitzeko «baztertu dituztela» eta korridore ekologikoak babestea ukatu dutela, besteak beste.

Eolikoek, inpaktu gehien

LPSaren ingurumen adierazpen estrategikoan ez dituzte aztertu berriztagarrien instalazioek behar dituzten bigarren mailako azpiegiturak —ebakuazio, transformazio eta konexio instalazioak—, «azterketa zehatzagoa egitea beste tresna batzuei» dagokielako. Hala ere, horiek ere «ingurumen inpaktu handiak sortzen dituzten jarduerak» direla onartu dute, baina, LPSak horiek arautzen ez dituztenez, ez dituzte kontuan hartu.

Lurraren erabilerari dagokionez, adierazpen estrategikoan ez dute uste parke eolikoek «lurzoruaren kontsumo handirik» izango dutenik. Kalkulatu dutenez, Jaurlaritzak 2030erako ezarria duen energia estrategiaren helburuekin lerrokatuta, parke eolikoek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremuaren %1,45 hartuko lukete. Halaber, zehaztu dute eraldaketak ez direla garrantzitsuak izango, eta «kalitate handieneko lurzoruak zonakatze irizpideen bidez» babesten direla. Eguzki parkeek, berriz, inpaktu «moderatua» izango dutela zehaztu dute, «landa lurren azalera garrantzitsuen okupazioagatik», nahiz eta neurri arintzaile batzuek egoera hobetuko dutela uste duten; esaterako, eguzki panelen zentralak eta nekazaritza jarduerak uztartzeko neurriak.

Baina azpiegiturek faunan izango duten eraginak aztertzerakoan, konturatu dira eolikoek fauna basatiarengan kalte «larriak» sortuko dituela, «instalazio horiek eragiten duten zuzeneko hilkortasunagatik». Baina ez soilik horregatik, baita habitaten galeragatik eta hesi efektuagatik ere. Hori dela eta, ingurumen administrazioak esan du espezie mehatxatuenen jarraipena egin beharko dela, baita azpiegituren eraginaren balorazioa ere. Parke fotovoltaikoetan ez dute horrenbesteko kalterik aurreikusi, baina nabarmendu dute horietako gehienak Araban kokatuko direla, eta horrek «eragin larria» izan dezakeela «mehatxatutako estepako hegaztien populazioetan», zereal zelaiak, zuhaixka eremuak eta sastraka eremuak ezinbestekoak direlako haien habitatetan.

Azaldu dutenez, eremu babestuetan ez dute eragin larririk sortuko, zonifikazioagatik, baina kalteak korridore ekologikoetara zabaltzeko arriskua dagoela onartu dute, horiek ez direlako babestutako eremuetan sartuko. Kalte horiek espezie hegalarietara mugatuko direla azaldu dute, zentral eolikoei dagokienez. Baina zentral fotovoltaikoek lurreko espezieen konektibitatean «neurri moderatuko inpaktu negatiboa» sortuko dutela azaldu dute, hesi efektua sortzen dutelako. Hala ere, neurri zuzentzaileek inpaktua arinduko dutela aurreikusi dute.

Beste afera batzuetako inpaktuak aztertu eta gero, ondorioztatu dute bi teknologiek ingurumen inpaktu negatiboak eragiten dituztela, eolikoek batez ere, baina ez dela iristen «inola ere lurralde mailako inpaktu kritikora». Kontrara, haize errotek eta eguzki plakek ekarpen handia egiten dutela azaldu dute, bereziki klima aldaketaren kontrako borrokan, independentzia energetikoan, enpleguan, ekonomia ereduan eta bizi kalitatean. Hala eta guztiz ere, gogorarazi dute berriztagarriak jartzeko aukeratutako zona gehiago sortzeko aukera dutela lurralde plan partzialek eta hiri antolamendurako plan orokorrek, eta horrek ingurumen inpaktuak aztertzerakoan «ziurgabetasuna» sortuko duela uste dute. Hori dela eta, LPSaren ikuskapen eta jarraipen neurriak uste baino garrantzitsuagoak direla nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA