Gibelatu egin dute Sopelako lau herritarren kontrako epaiketa

Otsailaren 4rako aurreikusita zegoen saioa. Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzen dute lau sopelarrendako.

Sopelako 4ekin1 plataformak egindako batzar informatiboa, azaroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sopelako 4ekin1 plataformak azaroan egindako batzar informatiboa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 13a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatu dute lau sopelarrendako, joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea egotzita. Otsailaren 4rako aurreikusita zegoen epaiketa, baina saioa gibelatu dutela jakinarazi du gaur Sopelako 4ekin 1 plataformak. Are, epaiketak ez du datarik oraingoz. Plataformak salatu du gibelapen hori «beste oztopo bat» dela: «Egoerari aurre egiteko zailtasun nabarmenak ekartzen ditu, eta lau auzipetuei zama erantsia gehitzen die». Hala, urtarrilaren 31n Sopelan (Bizkaia) eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu dute. 

Izan ere, sinetsita daude Euskal Herriak erantzun egin behar diola egoera horri, eta ahalik eta herritar gehien bildu behar direla egoerari aurre egiteko. Hortaz, Sopelako, Uribe Kostako eta Euskal Herriko herritar orori dei egin diete urtarrileko mobilizazioan parte hartzeko, baita auzia gizartean zabaltzen laguntzeko ere. 

Hiru delitu egitea leporatzen diete lau herritarrei: mehatxu jarraituak, hertsatzeak eta kalte jarraituak. 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren herrian, bi proiekturen kontrako herri dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, «gatazka nabarmena» piztu zen herriko udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean.

Horiek horrela, martxan jarri zuten «lau herritarren kontrako operazioa», plataformakoek abenduan egindako prentsaurrekoan kontatu zutenez. «Hain dira ahulak lau sopeloztarrak auzipetzeko dituzten frogak, ezen auzia birritan artxibatu duten. Eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu da», erran zuten. Halere, akusazioak zigor eskaerak mantendu ditu, eta kasuak aurrera segitzen du; plataformaren irudiko, hori «onartezina eta guztiz larria» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.