Denbora gelditu izan balitz bezala, minutu erdi inguru arnasari eutsi diote Bilboko Etxebarria parkean bildutako herritarrek, eta txaloka eta algaraka hartu dute Ilargiak Eguzkia erabat estali duen momentua. Bi astroen arteko dantzak ekarritako iluntasunak lilura eragin du han batutakoen artean. 30 segundo inguru baino ez dira izan, baina, Etxebarria parkean bildutako hainbatek esan dutenez, hunkitu egin dira: «Gogoan izango dugu betiko». Euskal Herriko beste toki askotan ere antzekoa izan da emozioa.
30 segundo inguru baino ez. Hori izan da Ilargiak Eguzkia estali duen denbora osoa, Bilbo gaineko zeruan. Ilargia 19:30 aldera hasi da Eguzkia pixkanaka «jaten», eta herritarrek ordubete inguru itxaron behar izan dute Eguzkia nola desagertzen zen ikusteko. Itxaronaldia gorabehera, bilbotar askok eta egun hauetan bertan diren bisitari ugarik ez dute eklipsea huts egin nahi izan. Izan ere, egun hauetan behin baino gehiagotan entzun denez, askok «bizitzan behin baino ez» dute izango horrelako gertakizun bat ikusteko aukera. Kontuak egin: Euskal Herrian ikusi zen azken eguzki eklipse osoa 1912ko apirilaren 17an izan zen; orain dela ehun urte baino gehiago.
Adituen arabera, eta eguraldia lagun izanda ere, Bilbo ez zen lekurik egokienetako bat gaurko eguzki eklipse osoa ikusteko: batetik, hiribildua gutxigatik zegoen gertakizun astronomiko hori Euskal Herritik behatu ahal izateko eremuaren barruan; bestetik, eklipsea 20:30 aldera izanda, Eguzkiak oso behean egon behar zuen. Mendebalderantz oztoporik ez duen behatoki bat aukeratu behar zen Bilbon edo inguruetan eklipsea ikusi ahal izateko, batez ere hiribilduko eraikin handiak traba ez izateko.
Horiek horrela, besteak beste Kobeta eta Pagasarri mendietan, Artxandako begiratokian eta Etxebarria parkean bildu dira herritarrak eguzki eklipse osoaz gozatzeko. Bide batez, Eusko Jaurlaritzak egindako gomendioei kasu egin diete, beharrezkoak ez ziren joan-etorriak ez egiteko eskatu baitzuten agintariek, auto pilaketarik ez izateko.
Ikusi gehiago
Jaien aurrekoa
Bilboko jaietan, bertokoen eta kanpotarren topalekua izaten da Etxebarria parkea, han jartzen baitituzte atrakzioak. Hain zuzen, egun hauetan muntatze lanetan dabiltza feriako salerosleak, Aste Nagusia abuztuaren 22an hasiko baita. Haiek ere parketik ikusi dute eklipsea. Bilboko konpartsetako kideak, berriz, txosnak muntatzen harrapatu ditu, gaur baitzeukaten horretarako lehendabiziko eguna.
Etxebarria parkean ehunka lagun batu dira eklipsea ikusteko: arratsaldeak aurrera egin ahala iritsi da jendea, tantaka: besteak beste, bikoteak, lagun kuadrillak eta aita-amak seme-alabekin. Askok bainu jantzia ere eraman dute, uda giro paregabeaz gozatu eta bertoko ur txorrotan freskatzeko.
19:30ean iritsi zaie betaurrekoak jantzi eta zerura begiratzeko garaia. Edozelan ere, orduan gutxik babestu dituzte begiak, agintariek emandako gomendioei entzungor eginez. «Oraindik ez da hasi», esaten zuen baten batek.
Han izan da Txetxu Muñoz bilbotarra: «Urte askoan ez dugu izango holakorik ikusteko aukerarik; zer hoberik horrelako egun zoragarri batean eklipsea ikustera etortzea baino», adierazi du. «Ez ahazteko modukoa izango da».

Bilbokoa da Luis Maria Chapado ere, eta hark eta haren bikotekideak ere Etxeberria parkea aukeratu dute eklipsea ikusteko. Chapadok aitortu duenez, eklipsea Artxandan ikusteko asmoa zeukaten: «Baina, han jende asko egotea espero denez, bueltan gainezka egongo da funikularra, eta, seguruenik, ordubete baino gehiago itxaron beharko da hartzeko».
Hark ere «oso berezitzat» jo du gertaera, «betaurrekoekin Ilargiak Eguzkia nola jaten duen bakarrik ikusi arren, ilundu egingo baitu». Bada, Etxebarria parkean bildutakoen zorion aurpegiak ikusita, bete dira Muñozen eta Chapadoren aurreikuspenak.
Eguerdian, komeriak
Eguzki eklipserako ordu batzuk baino ez ziren falta, baina betaurrekoak buruhauste iturri izan dira eguerdian Bilbon. Ez zen inor ikusten halakoak jantzita; bai, ordea, halakoen bila. Cristina Uviñasek bereak enkargatuak zituen Ertzilla kaleko optika batean, baina jasotzerakoan galdetu du ea azkenean ez ote dituzten erretiratu, egunkarian irakurri duela. Arrazoi zuen: instituzio batzuek hainbat betaurreko modelo debekatu dituzte, eta gaur debekatu duten modeloaren frankiziakoak jopuntuan izan dituzte Balear uharteetan (Herrialde Katalanak). Ez Euskal Herrian. Hala ere, kezka agertu du emakumeak.
Saltzaileak ezetz esan dio, agian beste denda baten arazoa izan dela, eta beste lankide batek azalpenak eman dizkio dendara gero sartu den eta elkarrizketa entzun duen bati: argitu dio betaurreko horiek ilunegiak izateagatik erretiratu dituztela, jendeak kentzeko arriskua dagoelako. «Beraz, betaurrekoak izatez ez dira arriskutsuak». Baina albisteak ezustean harrapatu du. Arduradunei deitzen saiatu da, eta ez du erantzunik jaso. Haietakoak badira erosleei dirua itzuli beharko dietela esan du azkenean.
Bilbon, eklipse osoak minutu erdi baino ez du iraun; hala ere, agerikoa zen sukarra. Besteak beste, optiketako erakusleihoetan. «Ez dago eklipserako betaurrekorik», zioen beste optika baten kanpoan ipini duten kartel batek, eta mezu bera ageri zen hiriko beste askotan. Dena den, jendeak eskatzen jarraitu duela azaldu du Virginia Fernandez langileak: «Hirurehun genituen, eta guztiak erreserbatu dituzte».
Jendea sartu-irtenean ibili da, batzuk galdezka, besteak eskatutakoak jasotzera; eta izan da atzerritarren bat ea eklipsea non ikus zezakeen galdetzera joan dena. Azken orduan enkargatu zituen bereak Cristina Uviñasek, eta eguerdian oraindik ez zuen plan jakinik eklipsea ikusteko, inprobisatzea baino.

Pedro Goiri getxoztarrak (Bizkaia), berriz, argi zuen: «Badakit jende asko mugituko dela, baina nik Getxotik ikusiko dut, itsasoa eta bista ederrak ditugu eta. Ez dut behategirik onena topatuko agian, baina nahikoa zait». Nerea Uzkiagak ere ez zuen mugitzeko asmorik: arratsaldeak Plentziako hondartzan (Bizkaia) pasatzen ditu, eta bertan geratzeko asmoa zeukan eklipsea heltzean. Gogotsu zegoen, baina eklipsearen ordua hurbildu ahala beldur zen: «Baditut betaurrekoak, baina ez dakit azken orduan zer egingo dudan, begiratu ala buelta eman». Eusko Jaurlaritzak ez mugitzea aholkatu du. Mendiak, hondartzak, itsaslabarrak eta abar beteta egotea espero baitzen.
Eklipse turismoa
Turismo bulegoak ere gainezka egon dira: asko Bilboko jaietako programa eske zihoazen, eta beste asko, eklipsearen inguruko informazioaren bila: nondik ikusi, nola joan... Izan ere, batzuk eklipsea aitzakiatzat hartuta etorri dira Euskal Herrira.
Katia eta Rob Ebraert ama-semeak, esaterako, Gantetik (Belgika) etorri dira bi egunerako, espresuki eklipsea ikustera. Katiak eguzki eklipse bat ikusi zuen Frantzian duela urte batzuk, eta semeak esperientzia berbera izatea nahi zuelako etorri dira biak Euskal Herrira. Haien asmoa zen bizikletaren bat alokatu eta toki politen batera joatea, mendiren batera, akaso.
Italiatik etorri da Alessandra —ez du abizena eman nahi izan—, eguzki eklipsea ikusteko tokirik onena zela jakin zuelako, eta eskualdea ez zuelako ezagutzen. Azken orduko zalantzak argitzeko sartu da turismo bulegoan.