Epaitegian deklaratu dute Etxarri II gaztetxea husteko operazioan bi gazte jipoitzea egotzitako ertzainek

Gaztetxeko kideek salatu dute gazteetako bat artean furgonetan zegoela jipoitu zutela. Kasua daraman epaileak onartu egin ditu gazteen lesioen inguruko mediku txostenak.

Ertzainak, Etxarri II gaztetxearen aurrean, kaleratzearen egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ertzainak, Etxarri II gaztetxearen aurrean, kaleratzearen egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko otsailaren 12a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizean bi ertzainek deklaratu dute Bilboko Epaitegian, hiriko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan bi gazte jipoitzea egotzita. Iazko apirilean hustu zuten gaztetxea, eta operazio horretan hustea salatzera joandako hainbat lagun zauritu zituen Poliziak; besteak beste, Iker Arana, Ertzaintzaren foam jaurtigai baten ondorioz barrabil bat galdu zuen 33 urteko gizona. 

Gaztetxeko kideek ohar bidez jakinarazi dutenez, bi gazteak atxilotuta zeuden bitartean jipoitu zituzten ertzainek: are, haien arabera, horietako bat artean furgoneta barruan zegoela jipoitu zuten, bi eskuak lotuta zeuzkala. Horrez gain, salatu dute ez dagoela bi gazteen atxiloketaren grabaziorik, iritzita atxiloketan eta ondoren gertatu zenaren inguruko frogarik ez izatea Ertzaintzaren «erabateko inpunitatearen» adierazle dela. Ikerketan parte hartzeko eta gertatutakoa argitzeko exijitu dezatela galdegin diete Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta arduradun politikoei.

Kasua daraman epaileak onartu egin ditu bi gazteek jasandako lesioak zehazten dituzten mediku txostenak, eta hiru ertzain deitu ditu deklaratzera. Batek joan den astean deklaratu zuen. Iazko apirileko operazio horrez geroztik, hutsik dago Etxarri II gaztetxea. 

Aranaren auzia

Ertzaintzak berak egindako grabazioen faltan, Justizia Aranarentzat plataformak bideo bat argitaratu zuen iragan astean, non ikusten den foam jaurtigai batek nola jo zuen Arana. Urtarril bukaeran ikerketa artxibatzeko eskatu zuen akusatutako ertzainaren defentsak, baina plataforma horretako kideek espero dute bideo horren bidez ikerketak aurrera egin ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.