Iker Aranari tiro egin zion ertzainaren abokatuak auzia ixteko eskatu du

Bi poliziaren lekukotzak baliatuz, abokatuak ezbaian jarri du Aranaren lesioak foam jaurtigai batek eragin izana.

Etxarri II husteko polizia operazioa, iazko apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxarri II husteko polizia operazioa, iazko apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 26a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Arana auzian ikerketapean dagoen ertzainaren defentsak auzia artxibatzeko eskatuko du. Iazko apirilaren 4an, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan, Arana auzokidea larri zauritu zuen Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek, eta barrabil bat galdu zuen. Istiluen kontrako polizia horren defentsak, baina, ukatu egin du lesio horiek jaurtigaiak eragin izana, ertzainak tiro egin zuen distantzia handia zelakoan.

Jose Antonio Bitos da ertzainaren abokatua. Euspeleko ordezkaria da, eta Falangearen kontrako protesten harira martxan den auzibidean akusazio gisa ere ari da. Hark ostiralean lekuko gisa deklaratu zuten bi ertzainen hitzak kontuan hartzea nahi du auzia ixteko. Europa Pressen arabera, ertzainek adierazi zuten «ezinezkoa» dela SIR jaurtigai batek halako kaltea eragitea tiroa egin zuen distantzia kontuan hartuta. Ertzaintzaren txostenaren arabera, 33,89 metroko distantziara jaurti zuen foam pilota ikerketapean dagoen agenteak.

Ertzaintzak bi jaurtigai mota ditu: SIR eta SIR-X. Bilboko kasuan, agenteak SIR jaurtigai bat bota zuen Aranaren kontra. Bien artetik, horiek dira distantzia laburragoetarako baliatzen dituztenak, kalte txikiagoak eragiten dituztelako. Halere, arriskutsuak dira horiek ere: Tecnalia enpresak Segurtasun Sailarentzat egindako txosten baten arabera, 15 metro baino gertuagotik jaurtiz gero, burezurreko haustura ere eragin dezakete.

Era berean, abokatuak argudio gisa baliatu du Arana ez zela zuzenean ospitalera joan, ordu batzuk geroago baizik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, baina, tiroa jaso eta gero barrabiletako minez alde egin zuen Aranak lekutik, eta goizaldean jo zuen larrialdietara; urgentziazko ebakuntza egin zioten. Sailburuak esandakoaren arabera, Arana besoak goian zituela gerturatu zen ertzainengana, han zirenei tiro egin zietalako kexu, eta ikerketapean den agenteak tiro egin zion. Hala, Zupiriak sinesgarritasuna eman zion Aranak egindako salaketari, eta hala esan zuen Eusko Legebiltzarrean: «Litekeena da ertzain batek desegoki jokatu izana».

Oztopoak ikerketan

Aranak salatu zuenez, ertzainak «barrabiletara apuntatu» eta tiro egin zion, Arana aurrez aurre zuela. «Ertzainak begiratu egin zidan, makurtu, eta zuzenean barrabiletara apuntatu zidan», adierazi zion BERRIAri. Hala berretsi zuen Aranak epailearen aurrean ere, abenduaren 11n. Bertaratutako dozenaka lagunen babesa izan zuen orduan, eta Poliziaren inpunitateari aurre egin beharra dagoela nabarmendu zuten haiek. Egun berean, baina, ikertutako poliziak ere deklaratu zuen, eta bestelako bertsio bat eman. Poliziaren defentsak Aranaren jarrera jarri nahi izan zuen jomugan, esanez polizia lerroa gainditu zuela eskuan botila bat zeramala. Argudio horri heldu zion, eta adierazi zuen poliziek «molotov koktelak prestatzen» ari ziren gazteak ere ikusi zituztela gertakari horren aurretik.

Bilboko 4. Instrukzio Epaitegian ari dira auzia ikertzen. Bidea, baina, ez da erraza izan, Aranak aitortu zuenez. Ertzaintzak izandako jarreraz kexu da. Batetik, agenteek halako operazioetan eramaten dituzten gorputzeko kameretatik ez zen irudi baliagarririk lortu; denera, 35 kamera zeuden. Bestetik, Aranak berak eta haren ingurukoek lortu behar izan zituzten jazotakoaren inguruko argazki eta bideoak, inguruko bizilagunei galdetuta. Hain zuzen, argazki eta bideo horiek ahalbidetu zuten tiro egin zion ertzaina identifikatzea, uztailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.