EH Bilduk eta EAJk balorazio gazi-gozoa egin dute Jaurlaritzak eta Madrilek adostutakoaz

Koalizio subiranistak esan du ez dela nahikoa eta ez diola erantzuten sortutako espektatibari. Jeltzaleek «beldurrak» albo batera uzteko eskatu diote Sanchezi.

Maribel Vaquero, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
Maribel Vaquero, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
aitor biain
2025eko uztailaren 16a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez EAJ, ez EH Bildu: lankidetzarako bitariko batzordean adostutakoak ez du inor asebete. Bi alderdiek ontzat jo dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atzoko bileran egindako akordioak, eta onartu dute autogobernuaren arloan lortutakoak aurrerapausoak direla. Alta, adierazi dute ez direla nahikoa, ez dietelako erantzuten bi aldeek hitzartua zutenari, eta gogorarazi dute Gernikako Estatutuak osatu gabe segitzen duela.

Koalizio abertzaleak ohar bidez egin du lehen balorazioa, eta adierazi du atzo Pradalesek iragarritakoa «partziala» dela, eta ez diola erantzun Jaurlaritzak bilera aurreko egunetan eta asteetan sortu zuen espektatibari. Izan ere, hasieran, Gasteizko gobernuak iragarri zuen Gizarte Segurantzari lotutako lehen neurri sorta lortzeko modua izango zuela atzo, baina eguna gerturatu ahala apalduz joan da aukera hori, Madrilek mesfidantza agertu baitu eskumenaren transferentziaren inguruan.

Bada, Gizarte Segurantzaren lehen atalak Jaurlaritzaren esku geratu badira ere, EH Bilduk azpimarratu du ez dela nahikoa, eta gogorarazi du berandu datozela: «46 urte beranduago iritsi dira, Gernikako Estatutuaren etengabeko urraketa eta higadura testuinguru batean». Edonola ere, autogobernuaren arloan urratsak egin eta «erabakiguneak berreskuratzea» ontzat jo du, eta Jaurlaritzari gogorarazi dio helburu hori lortzeko koalizioa bidelagun izango duela: «Beti aurkituko du EH Bilduren babes irmo eta erabakitzailea».

EAJren ohartarazpena

EAJk ere garrantzia eman dio eskumenen transferentziari, baina gogorarazi du Gizarte Segurantzaren eskumena «osorik» eskualdatu behar dela. Espainiako Kongresuan jeltzaleen eledun Maribel Vaquerok adierazi du lortu dela urteetan «itxita» egon den «ate bat zabaltzea»: «Aurrerapauso garrantzitsua da, pisu politiko nabarmena baitute». Hala ere, zehaztu du hasiera besterik ez dela, Gizarte Segurantzaren atalik garrantzitsuenak eskualdatzea falta delako oraindik.«Aurten beste aukera bat izango du oraindik», zehaztu du Vaquerok: «Hurrengo bitariko batzordean transferentzia gehiago onartu ahal izango ditu, batez ere Gizarte Segurantzari lotuta daudenak eta akordio honetatik kanpo geratu direnak».

Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, esan du jeltzaleek hori lortzeko lan egingo dutela, legealdia aurrera doan arren eta helburuak lortzeko tartea gero eta urriagoa den arren. Pedro Sanchezi gogorarazi dio Gernikako Estatutua eta inbestidurako ituna bete egin behar dituela. Urtebeteko epea du horretarako; bada, «beldurrak» albo batera utzi eta lanak azkartzeko deia egin dio Espainiako presidenteari.

Izan ere, Vaquerok uste du Gizarte Segurantzaren lehen neurri sorta osorik eskualdatzeko oztopo nagusia Espainiako kutxa bakarra hausteari hainbat alderdik eta sindikatuk dioten beldurra dela, bereziki Sumar alderdiak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Hala ere, azpimarratu du gobernuan bi alderdi egonagatik ere bakarra dela eta haren ardura Sanchezi dagokiola.

PSE ere Sumarri begira

Jaurlaritzak ere Yolanda Diazi eta hark zuzentzen duen Lan ministerioari egotzi die eskualdaketa adostu ez izana. Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak aitortu du «errezeloak» daudela, baina zehaztu du akordiotik kanpo geratu ziren atalak Sumarrek kudeatzen dituela, eta ez alderdi sozialistak. Izan ere, Espainiako Lan Ministerioari dagokio langabezian egoteagatik jasotzen den saria eta langabezia agortzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen den diru laguntza kudeatzea. Hala ere, esan du eskumen horiei ere bide eman behar zaiela, eta berretsi du Sanchezen konpromisoa ez dagoela zalantzan. 

Torresek batzordearen balorazio ona egin du; esan du edalontzia «erdi beteta» ikusi behar dela, Gizarte Segurantzaren «atea zabaltzea» lortu zelako. Bide berean lanean jarraituko dutela azpimarratu du sailburuak, falta diren eskumenak eskualdatzeko. Antzera mintzatu da Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Sanchezen gobernuak aurrea egiteko «borondatea» duela azpimarratu du, eta erantsi Sumar ere bide berean ari dela lanean.

PPk, aldiz, oso ezkor hitz egin du. Javier De Andresek adierazi du bitariko batzordea «amaituta dagoen legealdi baten emaitza» dela. Izan ere, azaldu du Espainiako Gobernuak ez duela proiekturik, eta Sanchez ez dela bere bazkideak gogobetetzen ari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.