Gaur goizean Bilbon izandako hilketa matxistak erabat baldintzatu du Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren azken eguna. Alderdiak azken txanpan sartuta dira dagoeneko, eta gehienek gaur dituzte boto eskatzeko azken ekitaldiak. Baina bortxa matxista kasuaren ondoren kanpaina etetea erabaki duenik bada. EH Bilduk iragarri, esaterako, bertan behera utzi dituela gaurko aurreikusita zituen ekitaldi oro. Gainerako alderdiek, berriz, agendari eustea erabai dute oraingoz; Fronte Zabalak eta Ahal Dugu-k atzo amaitu zuten kanpaina.
EH Bilduk bart gaueko hilketa matxista salatu du: «Azaroaren 25etik bi egunera, indarkeria matxistaren aurpegirik krudelena ezagutu du gure herriak, beste behin». Indar subiranistak «haserrea eta sumindura» adierazi ditu sare sozialetan idatzi duen mezu batean, eta ohartarazi «errealitate gordina» dela indarkeria matxista. «Gure doluminak eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako emakumearen senideei eta gertukoei», erantsi du.
Koalizio subiranista Iruñeko Labrit pilotalekuan zen egitekoa kanpaina amaierako ekitaldia, baina ez egitea erabaki du, «hilketa salatzeko eta dolua adierazteko». Sare sozialetan jakinarazi duenez, Hego Euskal Herrian goizean egitekoak zituen ekitaldiak ere ez ditu egingo. EH Bilduk militanteei eta herritarrei dei egin die parte hartu dezaten mugimendu feministak gaur arratsalderako eta datozen egunetarako antolatu dituen mobilizazioetan.
EAJ, PSE-EE eta PP aurrera
PSE-EEk Gasteizko Europa Biltzar jauregian egingo du kanpaina amaierako ekitaldia; ez du bertan behera utzi, oraingoz. Halere, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere hilketa salatu du, eta elkartasuna erakutsi die biktimaren hurbilekoei. «Atzerapausorik ez indarkeria matxistari aurre egiteko. Ez gara isilduko!», idatzi du sare sozialetan. Patxi Lopez PSE-EEren Bizkaiko zerrendaburuak ere gaitzetsi du hilketa matxista, eta herritarrei esan die igandean botoa ematerakoan aintzat hartzeko PPrekin gobernua osa dezakeen Voxek bortxa matxista ukatu egiten duela.
EAJk ere eutsi egingo dio agendari. Bilboko Areatzan egingo du iluntzeko ekitaldia, ohi duen moduan. 20:00etan izango da, eta bertan izango dira, besteak beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru zerrendaburuak: Gorka, Urtaran, Idoia Sagastizabal eta Maribel Vaquero. Baita EAJren EBBko presidente Aitor Esteban eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales ere.
Alderdi Popularrak, bestalde, Donostian itxiko du hauteskunde kanpaina. Costa Vasca hotelean egingo du ekitaldi politikoa, 18:30ean.
Gaitzespen mezuak
Ahal Dugu-k amaitutzat jo zuen atzo hauteskunde kanpaina, beraz, gaur ez du ekitaldirik egingo. Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ren koordinatzaile nagusiak, hala ere, sare sozialen bidez gaitzetsi du Bilboko hilketa matxista. Vaquerok baliabideak eskatu ditu idarkeria matxistari aurre egiteko: «Indarkeria matxistak hil egiten du. Erakundeok emakumeak babesteko betebeharra dugu, kalera negar egitera irten baino lehen».
Era berean, Lander Martinez Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburuak ere atzo iluntzena zabaldu zuen mezua: «Indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen osoa, eta konpromiso irmoa hura ukatzen dutenen aurrean. Aski da».

