EH Bilduk salatu du EAJk eta PSEk «ekidistantziaz» jokatu dutela De Andresen adierazpenen harira

PPk aitortu du «agian» De Andresek ez zituela hitz egokiak erabili. Kortajarenak EAJren «lagunkeria» ere gaitzetsi du, eta Busturialdeko herritarrak zoriondu, Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua atzera bota ostean.

Kortajarena, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Kortajarena, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 20a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ere nabari da EAEko PPko presidente Javier de Andresek EH Bildu «suntsitu» beharraz esandakoen oihartzuna. Alderdi Popularreko legebiltzarkide Santiago Lopezek adierazi duenez, De Andresek berak aitortu du «agian» ez zela hitz «aproposena» izan, baina berretsi du EH Bildu «anomalia politiko bat» dela. Koalizio subiranistak, baina, bestelako ikuspegia du, eta Nerea Kortajarena Programa idazkaria argi aritu da adierazpen «oso larri» horietaz eta ondorengo erreakzioez: EAJri eta PSE-EEri egotzi die «isiltasunez eta ekidistantziaz» erantzun izana.

Hedabideei egindako adierazpenetan, «mehatxuaren politika» erabiltzea egotzi dio Kortajarenak De Andresi, eta kexu azaldu da gainerako alderdiek izandako erreakzio «harrigarria» dela eta —Sumarrek soilik salatu zituen adierazpenak—. «Ez mehatxuaren politikak, ez isiltasunaren edo ekidistantziaren politikak ez ditu ordezkatzen euskal herritarrak», esan du, EAJren eta PSEren erreakzioei erreparatuz, zuzenean alderdirik aipatu ez badu ere.

Izan ere, koalizioko Programa idazkariak adierazi du eurek argi dutela, eta PP eta Vox «mehatxu bat» direla euskal gizartearentzat. «Ez gara etsaiz nahasten», esan du, eta, horren harira, «eskuin erreakzionario espainolistarekin» akordioak egitea arbuiatu du; besteak beste, aste honetan EAJ, PSE-EE eta PP ados jarri izana arartekoa izendatzeko.

Hain zuzen, De Andresek arartekoaren izendapenaren inguruko eztabaidan esan zituen hitz horiek, eta bilkura hartaz aritu dira gaur goizean Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan. Lopezek han adierazi du «agian» PPko buruak ez zituela hitzik egokienak erabili. Baina, era berean, koalizio subiranistaren kontrako oposizio gogorrari eutsi dio, Ernaik azken asteetan egindako ekintzak eta Arnaldo Otegi koalizioko idazkari nagusia hizpide hartuta. «Espainian eta Europan ez dago beste alderdirik idazkari nagusi gisa torturatzaile bat daukanik», esan du.

EAJko eta PSE-EEko kideek, De Andresen hitzak desegokiak izan zirela esatearekin batera, EH Bilduren jarrerari erreparatu diote, hura kritikatzeko. Aritz Abaroa jeltzaleak arartekoaren auzia «polarizatzea» egotzi dio koalizioari. Ekain Rico sozialistak, berriz, leporatu dio eztabaidaz baliatu nahi izatea «barne arazo larriak» ezkutatzeko, eta esan du Euskal Herrian benetan «suntsiketa» eragin zuena ETA izan zela. Ez dago ados arartekoa euskalduna izateko eskearekin ere: «EH Bildurentzat, euskalduna ez den inork ezin du ordezkaritza posturik izan, eta hori demokraziari eraso egitea da».

Hain zuzen, urteko balantzea egiteko agerraldian, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensiok ere EH Bilduren kontra jo du. Kasu horretan, gazte mugimenduekin duen jarreragatik: «Tartean GKS izan edo Ernai izan, ezker abertzalearen inplikaziorik eza ez da onargarria».

Ortuzar eta Guggenheim

Kortajarenak izan du De Andresen esanez bestelako hizpiderik ere. Nahiz eta zuzenean aipatu ez, EAJri eta hark kudeatzen dituen erakundeei lotutako beste zenbait berriz ere aritu da. Batetik, bezperan Eraitz Saez de Egilaz alderdikideak Eusko Legebiltzarrean egin bezala, «mesedekeriaren, lagunkeriaren eta ate birakarien politikaz» mintzatu da. Hain zuzen, azken asteetan jakinarazi dute Andoni Ortuzar EBBko presidente ohia Movistarren administrazio kontseiluan arituko dela, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia BBK fundazioko presidente izendatu dutela. Haren esanetan, halako jarrerek «asko haserretzen» dituzte euskal herritarrak.

Horrez gain, Urdaibaiko Guggenheimen auziaz ere aritu da, eta Busturialdeko herritarrak zoriondu ditu «agortutako garapen eta gobernantza eredu bati» gailentzeagatik. «Ez gaitu ordezkatzen proiektuak kosta ahala kosta egin behar direla dioen gobernantza ereduak», esan du. Hain zuzen, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak hauteskunde kanpainan adierazi zuen museoa «kosta ahala kosta» egingo zutela.

Ez da iritzi berekoa EAJ. Abaroaren esanetan, arduradun instituzionalek «arduraz eta ausardiaz» jokatu dute, eta nabarmendu nahi izan du hala ingurumen arrazoiak nola arrazoi tekniko, ekonomiko eta sozialak izan direla erabakiaren oinarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.