EH Bilduk eta PPk ere osoko zuzenketa bana aurkeztuko diete Jaurlaritzaren aurrekontuei

Otxandianok esan du Jaurlaritzak ez duela borondaterik erakutsi aurrekontuak EH Bildurekin negoziatzeko. PPrentzat, proiektua «sozialista eta ezkerrekoa da erabat», eta «ezinezkoa» zaio babestea. D'Anjouk oposizioa jo du ados ez jartzearen erantzuletzat.

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko azaroaren 24a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuak gobernua osatzen duten bi alderdien gehiengo absolutuarekin onartuko dituzte, hau da, EAJren eta PSE-EEren babesarekin; egitate hori jakina zen proiektua aurkeztu zuten egunetik bertatik. Halere, Jaurlaritzak babesa handiagoa biltzeko ahalegina egin nahi zuen oposizioko taldeekin, baina negoziazioa hasi bezala amaitu da. Izan ere, joan den astean Sumarrek iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko diola proiektuari, eta gaur EH Bilduk eta PPk iragarri dute beste hainbeste egingo dutela. Hala, Noel D'Anjou Ogasun sailburuak bukatutzat jo ditu negoziazioak.

EH Bilduk proposamen zehatz bat egin zien EAJri eta PSE-EEri aurrekontuak babesteko: mila milioi euroko funts bat eratzea etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Pello Otxandiano EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaileak esan du, ordea, Jaurlaritzak ez duela aintzat hartu proposamen hori: «Gobernuaren planteamenduak ez du inolako konpromisorik jasotzen, ezta proiektua ezertan aldatzen ere: eskatzen digute aurrekontuak hutsaren truke babesteko».

Horrez gain, Otxandianok azaldu du etxebizitza arloko premiazko neurrien legea babesteko ere eskatu dietela. EH Bildu ez dator bat lege proposamen horrekin, koalizioak proposatzen duen ereduaren «kontrarreforma bat» delakoan. Hain justu, koalizioak 47 zuzenketa partzial aurkeztu zizkion lege proposamenari, baina jeltzaleek eta sozialistek bat bera ere ez zuten onartu.

Otxandianoren ustez, horrek erakusten duela Jaurlaritzak ez dituela aurrekontuak EH Bildurekin negoziatu nahi: «Ez da planteamendu serioa: aurrekontuak EH Bildurekin negoziatzeko borondate falta islatzen du. Eta berresten du gobernu honek borondatea falta duela etxebizitzaren arazoari gaurtik hasita konponbide erreal bat emateko».

«Gobernuaren planteamenduak ez du inolako konpromisorik jasotzen, ezta proiektuan ezer aldatzen ere: eskatzen digute aurrekontuak hutsaren truke babesteko»

PELLO OTXANDIANOEH Bilduren bozeramailea

EH Bilduren eledunak azpimarratu du etxebizitzaren arazoari aurre egiteko «beste eskala bateko inbertsio publikoa» behar dela, eta gogorarazi du urrats hori bera eskatu zuela joan den astean Zedarriak ikerketa foroak ere. «Egiteko modukoa» bada ere, Jaurlaritzak ez du horretarako asmorik, Otxandianoren iritziz: «Gobernuak esan du funts bat eratzeko nahia baduela, eta aurrekontuetan hogei milioi euro jarriko dira horretarako. Baina hori da gainditu behar den eskala: ez da nahikoa».

Otxandianok uste dio, halaber, Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektuak ez duela balio gizarteak egun dituen beharrei erantzuteko. Azaldu du azken urteetan Europako funtsen bidez estali direla behar horiek, baina ohartarazi du iturria ixten ari dela, laguntzak amaitzen ari dira eta. Era berean, salatu du Jaurlaritzak «uko» egin diela beste diru sarrera batzuei. Adibide gisa jarri ditu energia enpresen gaineko zerga berezia eta hiru aldundien zerga berrikuspena.

PPrentzat ere, «ezinezkoa»

PPk ere osoko zuzenketa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak eginiko aurrekontu proposamena atzera botatzeko. Javier de Andres popularren bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, proiektua «sozialista eta ezkerrekoa da erabat», eta «ezinezkoa» zaie babestea: «Ez dira gizarteak behar dituen aurrekontuak».

Popularren bozeramaileak salatu du aurrekontua %10 handitzea «neurrigabea» dela, ekonomiako gainerako aldagaiak hori baino gutxiago handituko direlako, hala nola soldatak, industria ekoizpena eta barne produktu gordina. Eta iritzi dio familiak «pobretuko» dituela horrek, diru sarrerak ez zaizkielako neurri berean handituko.

Halaber, buruzagi popularrak salatu du Jaurlaritzak diru gutxiegi jarriko duela inbertsioak egiteko. Azaldu du, esaterako, 2026an 22 milioi euro emango dituela abiadura handiko trena egiteko, eta aurten 65 jarri dituela. Eta txarretsi du Aiaraldeko eta Busturialdeko ekonomia sustatzeko diru sail jakinik zehaztu ez izana. «Zorra inbertsioak areagotzeko erabili ordez gastu arrunta finantzatzeko erabiliko du», esan du De Andresek.

Horiek horrela, oposizio taldeak adina osoko zuzenketa izango ditu Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektuak, nahiz eta Voxek oraindik ez duen jakinarazi zer egingo duen. Osoko zuzenketa horiek abenduaren 12an eztabaidatu dituzte, eta, okerrik ezean, jeltzaleek eta sozialistek atzera botako dituzte. Horren ondoren, bidea libre izango dute abenduaren 23ko osoko bilkuran aurrekontuak onartzeko.

«Benetako borondatea»

Oposizioko hiru alderdiek ezezkoa emanda, D'Anjouk amaitutzat eman ditu negoziazioak. Aurrekontu proiektua «sendoa, arduratsua eta positiboa» dela nabarmendu du, eta oposizioa jo du akordiorik ez izatearen erantzuletzat: «Politika ezin da epe laburreko maniobretara mugatu. Politikak herritarren benetako beharren zerbitzura egon behar du. Gure helburua EAJk eta PSEk osatzen dugun gehiengoa zabaltzea izan da beti». Haren esanetan, «arretaz» entzun dituzte oposizioko alderdien lehentasunak, eta «elkarguneak» ere topatu dituzte horiei dagokienez. Halere, ez dira nahikoa izan akordioak erdiesteko, D'Anjouren hitzetan, ez baitute «ados jartzeko benetako borondaterik» antzeman mahaiaren beste aldean.

Halere, Ogasun sailburuak aurrera begirako mezu bat helarazi nahi izan du, ziur baitago aurrekontuek «euskal gizartearen aurrerapenari eta ongizateari» ekarpena egingo diotela. Argudiatu du «herritarrekiko, egonkortasun instituzionalarekiko eta  Euskadiren etorkizunarekiko» konpromisoa adierazten dutela. Hala, uste du modua emango dutela zerbitzu publikoak indartzeko, herritarren eskaera nagusiei heltzeko —«bizi proiektu bati ekiteko etxe bat izatea eta Euskadiko kaleetan lasai paseatzea»—, eta «etorkizuna prestatzeko behar diren berrikuntzetan inbertitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.