EH Bilduk «oso larritzat» jo du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak atzo egindako iragarpena. Aspaldian ezarritako irizpidea baztertu, eta adierazi zuen aurrerantzean Ertzaintzak atxilotuen jatorrizko eremu geografikoaren berri emango duela, horrek delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat egiten lagunduko duelakoan.
Ikusi gehiago
Koalizio subiranistako legebiltzarkide Eraitz Saiez de Egilazek Zupiriak erabilitako argudioan egin du indar; hau da, auzi horretan PPren eta Voxen «presio ikaragarria» izan dela aitortu izanean. «Aitortu du ultraeskuin faxistak baldintzatu egiten duela», kritikatu du Saez de Egilazek, eta gogoratu bi alderdi horiek Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuetatik zortzi baizik ez dituztela. «Gehiengo osoa duen gobernu batean, EAJren politikak eta posizio historikoa baldintzatzen al ditu gutxiengo horrek?», galdetu du.
Norabide horretan, EH Bilduko kideak argudiatu du euskal politika eskuin muturraren eraginetik babestu behar dela: «Babestu behar da gure mugetatik kanpo nagusitzen ari den toxikotasunetik, oldarraldi ultratik, hemen baldintzak baititugu politika beste era batera egiteko».
EH Bildu ez da jatorriaren berri ematearen kontra azaldu den eragile bakarra. SOS Arrazakeria elkarteak ere ez du ulertu aldaketa, eta gogoratu du komunitate batzuen «kriminalizazioa eta diskriminazioa» elikatzen dituela. Argudio bera plazaratu zuen Arartekoak ere, 2004an. Orduan ekin zion Jaurlaritzak datu hori ez emateari.