Hilabete igaro da Jon Insausti Donostiako alkateak KAS Kaleko Afari Solidarioak taldearen jarduna debekatu zuenetik, eta, hori ikusirik, EH Bilduk proposatu du hirugarren sektorea barne hartuko duen mahai bat osatzea, «KAS barne, jakina», egoerari irtenbide bat emateko.
EH Bilduri iruditzen zaio ez dela berandu egoerari «begirada luzekoa» eta «integrala» izango den irtenbide bat topatzeko: «Gaur-gaurkoz, udal gobernu honek ez du martxan jarri inolako mahairik egoerari irtenbide bat bilatzeko». Oroitu dute KAS debekatzeko erabakia «aldebakarrekoa» izan zela eta, horrelakorik gertatu ez dadin, premiazkotzat jotzen dute udal mahai bat sortzea.
Ikusi gehiago
Koalizioaren esanetan, mahai horretan udaleko zenbait sail eta hirugarren sektoreko ordezkariak egongo lirateke, KAS barne. Azpimarratu dute KASen jarduna berriro baimentzea dela bidea, eta berriro eskatu diotela gauza bera Insausti alkateari, baina «orain eta hemen» eman beharreko urratsetatik abiatu beharra dagoela. «Ez da berandu egoera honi irtenbide adostuak bilatzeko eta gaian adituak zein arituak direnei entzuteko».
EH Bilduk nabarmendu du «beti» uste izan duela KAS «ekimen herritar eta solidarioa aliatua» izan dela Donostiako Udalarentzat, eta «pena» dela EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak hala ulertu ez izana. Ildo horretan, uste du KASek azken urteetan eman duen zerbitzua areagotu behar izateak agerian uzten dituela instituzioek martxan jarritako baliabideen gabeziak.
Galdera alkateari
Gaia irailaren 14ko udal batzordean landuko dutela iragarri dute, eta alkatea interpelatuko dutela azalpenak eman ditzan, «besteak beste, mahairik sortu ez izanaren inguruan».
Gainera, Donostiako Udalaren Otorduak II programak nolako zabalpena duen argitzea nahi dute — Otorduak II programak Donostiako tabernetan jateko kupoiak ematen ditu—, eta noiz hasi diren beharra duten pertsonak iragarritako 100 otorduak jasotzen.
Koalizioak gogoratu du, KASek esan bezala, «debekuaren ondorioz alternatibarik gabe utzi direla pertsona asko», itxaron zerrendak direla medio eta udal zerbitzuetan jarritako baldintzak oraindik betetzen ez dituztelako.