EH Bildurentzat apartekoa da gaurko hausnarketa eguna: «Beste hilketa matxista bat egon da»

Feministek antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitu du Oihana Etxebarrietak. Maribel Vaquero jeltzalea merkatu batean egon da, PPko Esther Martinez bezala; Patxi Lopez sozialista paseoan ibili da, eta Lander Martinez, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Oihana Etxebarrieta, gaur, Bilbon. EH BILDU
Oihana Etxebarrieta, gaur, Bilbon. EH BILDU
xabier martin
2026ko azaroaren 28a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk bertan behera utzi zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan egin behar zuen kanpaina amaierako ekitaldia, eguneko gainontzeko ekitaldiekin egin zuen moduan. Koalizio abertzaleak azaldu zuen Bilbon izandako hilketa matxistak galarazi egin duela kanpainari bere horretan eustea. Gaur, berriz, Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxenbarrietak adierazpenak egin ditu, Bilbon, hausnarketa egunaren harira. Hautagaiak azaldu du kanpainan ere esplikatu dutela hauteskunde hauek erreferendum baten modukoak direla, eta, kanpaina bera bezala, «hausnarketa eguna ere apartekoa» dela.

«Atzo, hilketa matxista bat egon zen hemen, Bilbon, eta horrek are gehiago hausnarrarazi behar digu datozen urteetan zer bide hartu nahi dugun», adierazi du Etxebarrietak: «Guk argi dugu: ez dugu pauso bat bera ere atzera egingo. Horregatik utzi genuen atzo kanpaina bertan behera, indarkeria matxista normalizaziotik kanpo uzteko».

Eragile feministek deitutako mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk, Euskal Herriko herri eta hiri askotan, eta Bilboko arratsaldeko martxan ere egongo dira koalizioko kideak. «Herritarrei esaten diegu hausnartu beharra daukagula zer-nolako geroa nahi dugun».

(ID_16678508) ESPAÑA ELECCIONES PNV
Maribel Vaquero Donostiako San Martingo merkatuan, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Merkatuak eta museoak

Beste alderdi batzuetako hautagaiek egun askoan egin ezin izan dituzten jarduerak egiteko aprobetxatu dute hausnarketa eguna. Esaterako, EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquero Donostiako San Martin azokan ibili da erosketa batzuk egiten. Bertako produktuen aldeko hautua nabarmendu nahi izan du Vaquerok, eta, merkatuan barna, hainbat postutan gelditu da. «Hausnarketa egunean, pentsa dezagun denok Euskadiren geroa nolakoa izaten nahi dugun», esan du hautagaiak.

Patxi Lopez, berriz, Portugaleten (Bizkaia) ibili da paseoan, goiz epela zela baliatuta; Begoña Gil emaztea izan du alboan. Portugaleteko Fair Saturday festibala dela eta, zenbait musika talde aritu dira kalean, eta Lopezek horietako batzuen zuzenekoak ikusten igaro du goiza.

EAEko PPren Kongresurako zerrendaburu Esther Martinezek merkatu batean eman du goiza, Bilboko Erriberakoan hain zuzen. «Bilboko tokirik esanguratsuenetako batean gozatzen» egon dela esan du.

Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburu Lander Martinez ere Bilbon egon da gaur goizean, baina museo batean: Arte Ederren Museo berrituan. Esana zuen hura ikusteko gogoz zegoela, eta hausnarketa egunean hartu du tartea nahi hori betetzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA