Billabesen lan gatazka amaitzeko bidean egon daiteke. Iruñerriko hiri-garraio zerbitzua kudeatzen duen Moventis TCC enpresak lan hitzarmena berritzeko proposamen bat helarazi die lan batzordea osatzen duten sindikatuei: UGTk eta CCOOk gehiengoa dute batzorde horretan, eta, ohar batean jakinarazi dutenez, baiezkoa eman diote jada aurreakordioari. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek, berriz, ez dute bat egin proposamenarekin, «aski ez» delakoan. Batzorde orokorrera deitu dute sindikatu horiek, ostegun honetarako.
UGTk eta CCOOk proposamena onartuta, afiliatuei igorriko diete itunaren edukia, akordioa berrets dezaten. Baiezkoa emanen balute, beste urrats bat faltako litzateke itun berria indarrean sartu aurretik: lantalde osoak onartu beharko luke akordioa, erreferendum bidez. Ordura arte, bi sindikatuok erabaki dute lanuzteak behin-behinean etengo dituztela, lan batzordean gehiengoa dutela baliatuta —sei ordezkari ditu UGTk eta lau CCOOk—. UGTk adierazi du enpresaren eskaintza onartzea erabaki dutela, «ikusita ez aurrera ez atzera zegoela negoziazioa, eta aintzat hartuta proposamenak zenbait hobekuntza jasotzen dituela».
ELA, LAB eta ATTU sindikatuek, berriz, ez dute begi onez hartu enpresak mahai gainean jarritako azken eskaintza. Uste dute ez dela aski lantaldearen egoera egonkortzeko, eta langile batzorde orokorra antolatu dute ostegun honetarako: 10:00etan eginen dute lehen bilera, eta 17:00etan bigarrena.
Soldata igoera, KPIarekin bat
Konpainiaren eta aurreakordioaren alde egin duten sindikatuen arabera, zenbait hobekuntza jaso dituzte lan-hitzarmen proposamenean: besteak beste, soldatak igotzea KPIaren arabera; aurreko ituna iraungi zenetik orain arteko atzerapenak ordaintzea; jaiegunetan edo gauetan lan egiteagatik pagatu beharreko saria handitzea; langileen egutegietan norbere arazoetarako baimen bat gehitzea 2026an eta beste bat 2029an; eta lan egutegiak moldatzea, kontziliazioa errazte aldera. Lan itun berria onartuz gero, 2029. urtera arte egonen da indarrean.
Gaur zabaldutako oharrean, Moventis TCCk txalotu egin du «elkarrizketaren bidean eginiko urratsa», uste baitu adostasun oinarri horrek balioko duela «egungo lan gatazka bukatzeko eta hiri garraio publikoko zerbitzuan normaltasuna berreskuratzeko».
Adostutako itunaren edukiei buruz, enpresak adierazi du «akordio bikaina» dela, eta «erruz» hobetuko dituela langileen lan baldintzak: «Proposamen honi esker, berriki kontratatutako gidariek 36.000 eurotik gora kobratuko dute, batez besteko soldata 40.000 eurokoa izanen da, eta asteroko lanaldia 37 orduren azpitik egonen da. Nafarroako hitzarmen sektorialean jasota dagoena baino %30 gehiago da hori, eta 100 lanordu gutxiago».
Moventis TCCk eskerrak eman dizkie alde guztiei, «aurrerabide honetan erakutsitako erantzukizunagatik», eta langileei dei egin die «beren botoen bidez akordioa berrets dezaten».
Bi urteko gatazka
Iruñerriko hiri garraioko langileek enpresarekin duten lan gatazka ez da oraingoa. 2023ko hondar hilabeteetan hasi ziren lan itun berri bat negoziatu nahian, eta sindikatuek enpresaren borondaterik eza salatu zuten hasieratik.
Iruñerriko Mankomunitateari dagokio hiri garraioa kudeatzea, baina enpresa baten esku utzia du zerbitzua. Azken kontratua hamar urterako adjudikatu zion Bartzelonako TCC Moventis enpresari. Langile batzordeak salatu duenez, konpainia horrek %12 murriztu zuen prezioa aurreko kontratuan, eta oraingoan, berriz, %15. Hori gero langileen eta autobusen baldintzen bizkar egiten dela kritikatu dute sindikatuek behin baino gehiagotan. Haien esanetan, aurreko kontratuan langileei soldata %5,4 murriztu zitzaien batez beste, eta galdutako erosahalmen hori berreskuratzea izan da negoziazio mahai gainean egon den puntuetako bat.
Soldatari dagokionaz harago, baina, beste ertz asko ere izan ditu gatazka honek: esaterako, gaixoaldien tratamendua, lanaldien murrizketa, eta jaiegunei edo gaueko txandei dagozkien aparteko ordainsariak. Horrez gain, langileek bi urte daramate salatzen autobusen egoera kaskarra dela eta enpresak ez dituela egiten beharrezko mantentze lanak.
Langileen haserreak goia jo zuen iragan ekainean, eta langile batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek grebara deitu zuten Iruñeko sanferminen atarian. Lanuzteak atzerapen handiak eragin zituen jaietako zerbitzu berezian, eta erakunde publikoek —Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko Udalak— bitartekari lana egin zuten akordioa lortu ahal izateko, baina orduko hartan ez zuten akordiorik erdietsi. Sindikatuek salatu zuten erakundeek ezarritako gutxieneko zerbitzuak «abusuzkoak» zirela, eta horrek kolokan jartzen zuela grebarako eskubidea. Sanferminak igaro aurretik, greba bertan behera utzi zuten sindikatuek, eta irail honetan heldu diete berriz protestei. Lanuzte partzialak egin dituzte bidaiari gehieneko orduetan.