Iruñea. Sanferminak. Billabesetako langileen greba. Gutxieneko zerbitzuak. Bada, Billabesetako langileek ez dute baztertu gutxieneko zerbitzuak ez betetzea. «Hala ere, negoziazioetan aurrera egiteko aukera bat utziko dugu, erabaki hori hartu aurretik», ohartarazi du gaur Alberto Longasek, TCC Moventiseko langileen batzordeko presidenteak. «Erabaki horrek kaleratzeak eragin ditzake, eta, beraz, azken aukera izango da. Ikusi beharko dugu negoziazioek nola egiten duten aurrera». Momentuz, greban jarraituko dute —uztailaren 2an hasi zuten—.
TCC Moventiseko langile batzordearen ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Iruñean. Gutxieneko zerbitzuak ez betetzea azken aukera da, baina aukera bat. Aukera hori «atzeratzen» ari dira, ikusteko ea gatazkan aldaketarik baden. «Pixka bat itxarongo dugu, ikusteko ea enpresa eta Iruñerriko Mankomunitatea orain baino gehiago inplikatzen diren», Longasen esanetan.
Argitu dutenez, langileek planteatu diote gutxieneko zerbitzuak ez betetzea langile batzordeari, eta batzordeak baloratu egin du. Langile batzordeak ezin du «bermatu» hurrengo egunetan gutxieneko zerbitzuetako autobusak kalera aterako direnik, «erabaki hori langile bakoitzaren jarrera pertsonalaren mende ere badago eta». Langileek salatu dute gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla eta langileen greba eskubidea «larriki» urratu dutela.
Asteburura begira
Jende ugari espero da asteburuan Iruñean, eta horietako askok Iruñerriko autobus zerbitzua erabiliko dute, billabesak. «Ez dago errefortzurik», Longasen esanetan. «Iruñerriko Mankomunitatearen eta enpresaren ardura izango da hau [lan gatazka] geratzea asteburua baino lehen».
«Lan hitzarmen duina» eta lan baldintzak hobetzea da langileen helburua. Longasek zehaztu du soldata %5,38 murriztu zietela, enpresak aurreikusi zuelako galerak izango zituela. Diru hori ez dute berreskuratu oraindik. «Hori bai», jarraitu du, «mankomunitateak enpresaren diru kontuak orekatu zituen hiru alditan, diru publikoarekin». Langile batzordeak mankomunitateari egotzi dio diru horrekin bere gain hartu zuela TCC Moventisek lehiaketa irabazi zuenean hartu zuen arriskua, zerbitzua %12 merkeago eskainiz. «Zerbitzua %12 merkatzeak berekin ekarri zuen gure soldata jaistea eta zerbitzuaren kontzesioa egoera negargarrian dauden autobusekin amaitzea», salatu du Longasek. Autobusen egoeraz, Longasek gogoratu du enpresak autobusak prest jartzen zituela ezusteko IAT ibilgailuen azterketa teknikoa pasatzeko.
Langileen baldintzen bilakaera azaltzen jarraitu du Longasek. «Kontzesio berrian enpresak %14 merkatu zuen zerbitzuaren prezioa, eta langileak berriro pobretzen saiatu zen, gure soldaten igoera funtzio publikokoari lotuz», kontatu du. Langileek enpresari erantzun zioten beraiek ez zirela funtzio publikoko langileak, eta funtzio publikoari lotzeko prest zeudela baldin eta beste lan baldintza batzuetan ere funtzio publikokoak aplikatuko balitu: lanorduetan —100 ordu gutxiago urtean— eta gaixoaldien tratamenduan. TCCk ezetz esan zien.
«Bazterrean utzita»
Langileen esanetan, bidaiari kopuruen markak hausten ari dira urtero, eta enpresari eskatu diote soldatetan galdutako %5,38 hori berreskuratzeko. Enpresak ezetz erantzun zien. Langileak, Longasen arabera, prest zeuden galdutako %5,38 hori berreskuratzeari uko egiteko beste lan baldintza batzuk hobetuz gero. «Gure eskaerak ez zituzten serio hartu», esan du.
Enpresak eta erakundeek «bazterrean utzi» dituztela sentitzen dute langileek: Iruñerriko Mankomunitateak, garraio publikoaren arduradun eta lehiaketaren baldintzak ezarri zituen erakundeak, guztia gertatzen utzi duelako; Nafarroako Gobernuak «gehiegizko» gutxieneko zerbitzuak onartu dituelako; eta Iruñeko Udalak, urteko jai nagusietan greba bat izanda ere «ez duelako interesik izan ekarpenen bat egiteko».
Jasotako babesa eskertu diete herritarrei. Langileen arabera, herritarrek borrokan jarraitzera animatu dituzte, ulertu egin dituzte langileen eskaerak, eta «logikoak» iruditu zaizkie.