Billabesetako langileek greba mugagabearekin jarraituko dute, sanferminen atarian

Ehunka lagun elkartu dira negoziazioen blokeoa salatzeko eta urte eta erdiren ondoren lan hitzarmen bat eskatzeko. Iritzi diote TCC Moventis enpresak borondaterik ez duela eta Iruñerriko Mankomunitatearen azken saiakera «adar jotze bat» izan dela.

Billabesetako langileen greba, gaur arratsaldean, Iruñea erdigunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Billabesetako langileen greba, gaur arratsaldean, Iruñea erdigunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 5a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Sanferminak hastear dira. Erdigunean, jendearen joan-etorria handia da, eta guztiak zuri-gorriz jantzita egotea falta da bakarrik. Ordu gutxi falta diren honetan, billabesen greba mugagabeak aurrera jarraituko du. «Ia ezinezkoa da bertan behera uztea», ohartarazi du TCC Moventis enpresako langile batzordeko buruak, Alberto Longasek (UGT). 

Labriteko aldapan, ehunka lagun elkartu dira lan hitzarmen duin bat eskatzeko. «Moventis TCC borrokan»zioen kartelari helduz, hasi da manifestazioa. Inguruan ziren herritarrek ikusminez jarraitu diote manifestazioaren ibilbideari, eta langileek eurek oihu egin diete: «Ez zaitezte geratu begira, bat egin ezazue gurekin».

Longasek azken orduko mugimenduen berri eman die komunikabideei. Ostiralean, Iruñerriko Mankomunitateak bitartekari lana egin zuen, eta hamabi orduz egon ziren bilduta hiru aldeak —TCC Moventis, sindikatuak eta mankomunitatea—. Longasen arabera, hasieratik egindako eskaerak jarri zituzten mahai gainean, eta enpresak gutxieneko bi puntu proposatu zituen. «Ez zuten batzordeko kide bakar bat ere asebete».

Longasen arabera, «adar jotze bat» izan zen. Gaur goizean telefono dei batzuk izan badira ere, ikuspegiak ez dira hurreratu. Uste zuten jaien atarian azken orduko mugimenduren bat izango zela, baina ez da halakorik gertatu. TCC Moventis enpresari aurpegiratu dio negoziazioa blokeatu duela: «Ez du borondaterik negoziatzeko, eta mankomunitateak, eskasa». 

Mankomunitatearekin, kritiko

Ez du ulertzen mankomunitatearen jarrera. Hiri garraioko kontratua hamar urterako adjudikatu zioen TCC Moventisi. Longasek gogora ekarri du enpresak aurreko kontratuan %12 murriztu zuela prezioa eta oraingoan %15. Hori gero langileen eta autobusen baldintzen bizkar egiten dela kritikatu du. Haren esanetan, aurreko kontratuan langileei soldata %5,4 murriztu zitzaien batez beste, eta hori berreskuratzea aldarrikatzen dute besteak beste.

Dena den, Longasen arabera,  prest dira horri uko egiteko baldin eta egutegietan eta bestelako baldintzetan hobekuntzak eginez gero. Aldiz, salatzen dute enpresak ez duela aurrerapausorik eman. «Esperantza geneukan konponduko zela azken orduan».

Herritarrei ulerkorrak izateko eskatu diete: «Urte eta erdi daramagu lan itunik gabe. Guri ere eragiten digu grebak, galera ekonomikoa dugu eta. Duda genuen, baina gehiago dira animo mezuak. Erabiltzaileek badakite nola funtzionatzen duen enpresak, nola doazen autobusak».

(ID_15118455) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-07-05, Iruñea. Villavesetako gidarien greba, manifestazioa
Alberto Longas, TCC Moventiseko langileen batzordeko presidentea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.