Iruñerriko hiri garraioaren sektoreko lan gatazka ez da amaitu. Azken egunetan, UGT sindikatua prest agertu da billabesen zerbitzua kudeatzen duen TCC Moventis enpresarekin itun bat sinatzeko, baina langile batzordean gehiengoa duten gainerako elkarte sindikalak —CCOO, ELA, LAB eta ATTU— ez datoz bat erabakiarekin. Atzo eta gaur eginiko batzar informatiboetan, «haserrea» agertu dute UGTren jokabidearen inguruan, eta iragarri dute mobilizazioen bideari eutsiko diotela datozen asteetan ere. Zehazki, lanuzteak iragarri dituzte abenduaren 13, 19, 24 eta 31rako.
«Berrehun bat langile bildu dira batzar informatiboetan, eta argi eta garbi adierazi dute haien haserrea UGTk hartutako jarrera dela eta. Estatutuaz kanpoko itun bat gutxiengoan sinatzea erabaki du UGTk, batzordeko gainerako kideei aitortu arren oraindik ez dakitela zein den behin betiko edukia. Horrek ezinegon handia eragin die langileei eta hitzarmen duin baten alde ari garen sindikatuei», adierazi dute CCOOk, ELAk, LABek eta ATTUk, ohar batean. Salatu dute, gainera, UGT ez dela gaurko batzarrera bertaratu: «Aukera galdu dute langileei zuzenean azaltzeko zergatik erabaki duten bakarka sinatzea oraindik ezagutzen ez duten itun bat».
Horiek horrela, abenduko greba deialdiari eustea erabaki du billabesetako gehiengo sindikalak: bihar bertan eginen dute lehenbizikoa, eta datorren asteko ostiralean bigarrena. Zeresan handiena hurrengo biek emanen dute, ordea, Gabonetako bi egun seinalatuenetan zerbitzua geldiaraztea ekarriko baitute: abenduaren 24an eta 31n, alegia. Sindikatuek jakinarazi dutenez, 24 orduko lanuzteak izanen dira denak: 06:00etan hasi eta hurrengo eguneko 06:00ak arte. Lan txanda guztiei eraginen die greba deialdiak. «Argitasuna, batasuna eta errespetua merezi ditu lantaldeak, eta ez dugu atzera eginen», adierazi dute langileek ordezkariek, oharraren bukaeran.