«Espainiako Gorteek 2022an onartutako Zientziaren Legea beteko balitz, gure soldatak %30 igo beharko lirateke batez beste». Hori adierazi dute Biobizkaia ikerketa biomedikoko institutuko langileek, Bilboko epaitegien aurrean egindako elkarretaratzean. ELA sindikatuak hauspotuta, salaketa aurkeztu zuten beharginek, eta gaur egin dute epaiketa. Beren soldatak Osakidetzako beharginenekin parekatzea eta egiten duten lanak «aitortza handiagoa» izatea eskatu dute, eta zientzia arloak EAEn duen «prekaritatea» salatu.
Erlazionatuta
Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioaraba ikerketa institutuetako langileek auzitara jo zuten urtarrilean, haien soldatak Osakidetzako beharginenekin pareka ditzatela eskatzeko, besteak beste. ELAren babespean eman zuten pausoa, eta gaur egin dute Bizkaiko ikertzaileek aurkeztutako salaketaren inguruko epaiketa. Hori aprobetxatuz, elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean.
Biobizkaiko langileen lan baldintzak Osakidetzakoekin parekatzea eta Zientziaren Legea aplikatzea defendatu du ELAk, Bilbon, eta EAEn ikerketan den «prekaritateaz» ohartarazi. Sindikatuak gogoratu duenez, «institutuak Osakidetzak kudeatzen ditu, baina langile gehienak ez daude zuzenean kontratatuta».
«Zientziaren L
egea aplikatzea funtsezkoa da ikerketaren arloan egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzeko. Legea beteko balitz, institutuetako langileek %30eko soldata igoerak izango lituzkete»
ELA sindikatua
«Irabazi asmorik gabeko elkarte pribatuak gara; Espainiako erkidego gehienetan, halako ikerketa institutuak fundazio publiko gisa sortu dituzte, baina hemen ez. Beraz, langileak elkarte pribatu batekoak gara», azaldu zuten urtarrilean, salaketen berri emateko prentsaurrekoan. Ondorioz, «lan baldintzak okerragoak dira, eta ez zaie aitortzen ibilbide profesionala», gaur deitoratu dutenez. Besteak beste, lanpostuen kategoriak zehaztean, EAEko hiru institutuetako zuzendaritzekin dauzkaten korapiloetako bat zera da, ez dietela onartzen beren lanpostuak sanitarioak eta asistentzialak direnik.
Osakidetzarekiko harremana, ordea, ukaezina da: langileek Osakidetzaren logoa daramate mantalean, Osakidetzaren ospitaleetan daude institutuen egoitzak, ikerketak batik bat diru publikoz finantzatzen dira, eta institutuen batzar orokorren buruak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko goi kargudunak dira.
Zientziaren Legea
ELAk demandak aurkeztu zituen ikerketa zentroetako langileei Osakidetzako lan baldintzak aplikatzea eskatzeko. Zehazki, Espainiako Gorteek 2022an onartutako Zientziaren Legea betetzeko eskatzen dute: «Lege horren arabera, eskubideak eta baldintzak euskal osasun sistema publikokoekin parekatu behar dira».
«Araudi hori aplikatzea funtsezkoa da ikerketaren arloan egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzeko. Legea beteko balitz, ikerketa biomedikoko institutuetako langileek %30eko soldata igoerak izango lituzkete, eta hobekuntzak are nabarmenagoak izango lirateke kategoria baxuenetan».

«Goi mailako tituludunen alorrean, batez besteko soldata 28.000 euro gordinekoa da urtean. Osakidetzan, berriz, 56.000 euro inguru jasotzen dute», jarri zuten adibide gisa urtarrileko agerraldian. Soldatarik txikienetan, aldea ez da hainbestekoa, baina egoera larriagoa da: «Lanbide heziketako teknikariek 21.000 euro inguru kobratzen dute 2024an lortu genuen akordioaz geroztik; Osakidetzan, 29.000 euro. Eta akordio haren aurretik, doktoretza egiten ari ziren ikertzaileen saria gutxieneko soldataren ingurukoa zen».
Lan garrantzitsua
Halaber, ikertzaile horien lanak osasun sistemarentzat duen garrantzia azpimarratu du ELAk, eta zentro horietan maila handiko ikerketak egiten direla gogorarazi: «Besteak beste, minbiziaren, esklerosiaren eta alzheimerraren inguruan». Nabarmendu dutenez, «lan horiek funtsezkoak dira aurrerapen zientifikorako eta osasun publikoaren hobekuntzarako». Ia 600 lagunek egiten dute lan ikerketa biomedikoko hiru institutuotan: 258k Biobizkaian, 249k Biogipuzkoan, eta 50ek Bioaraban.
Dena den, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioarabako langileen eskaerak ez dira oraingoak: iazko udaberrian mobilizazioak egin zituzten. Lan Harremanen Kontseilura ere jo zuten, baina ez aurrera ez atzera geratu dira zuzendaritzekiko negoziazioak. Horregatik erabaki zuten auzitara jotzea.