2022. urtean indarrean sartu zen Espainiako 11/2022 legea, Zientziaren Legea izenarekin ezagun dena. Lau urte igarota, baina, arauak «bete gabe» segitzen duela salatu du ELA sindikatuak. Zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikerketa biomedikoko langileen egoeran jarri dute begirada, sindikatuaren esanetan, «oraindik ez baitituzte lortu lan eta soldata baldintza duinak». Biomedikuntza institutuetako langileen baldintzak Osakidetzako profesionalak dituztenekin parekatzea, horra zer eskatu dieten hala institutuotako zuzendaritza taldeei nola Eusko Jaurlaritzari. Negoziazio mahaian dagoen azken proposamena, ordea, «onartezina» dela uste du ELAk: «Ez du bermatzen benetako parekatzea».
Ikusi gehiago
Kudeaketa alorreko negoziazioetan egoera «desblokeatzea» lortu dutela onartuta ere, langile zientifiko-teknikoen baldintzei buruzko proposamenak «gabezia nabarmenak» dituela adierazi du sindikatuak: «Kudeaketako langileei baino soldata txikiagoak eskaintzen dizkiete, ez dute Osakidetzako kategoriekiko benetako parekatzerik jaso, eta 2030. urtera arte atzeratu dute soldata igoera osorik aplikatzeko epea». Horrez gain, doktoregaien kolektiboa «hobekuntzetatik kanpo» utzi dutela salatu dute ere.
ELAren ustez, egungo egoerari eta baldintzei eutsita, osasun arduradunak ez dira betetzen ari Espainiako eta EAEko legeak: «Araudi horrek agintzen du [ikerketa biomedikoko langileen] lan baldintzak osasun sistema publikokoekin parekatu behar direla». Sindikatuak ohartarazi du, bestalde, egungo prekaritateak «arriskuan» jartzen dituela Euskal Herriko bikaintasun zientifikoa, talentuari eusteko gaitasuna eta osasun ikerketa publikoaren etorkizuna bera.
Horiek horrela, proposamena hobetzeko galdegin die hala institutuetako zuzendaritzei nola Jaurlaritzari, eta zenbait neurri zehatz proposatu dizkie: batetik, Osakidetzako baldintzak eta biomedikuntzako ikertzaileenak «benetan» parekatzea; bigarrenik, soldata egitura «bidezko» bat ezartzea; hirugarrenik, neurrien atzeraeragina aplikatzeko data argi bat jartzea; eta azkenik, lanpostu guztiak mantenduko direla bermatzea.
Nafarroako lanuztea, bertan behera
Nafarroan ere, ikerketa biomedikoko langileen baldintzak gatazka iturri izan dira azken hilabeteetan. Aste honetan, LAB sindikatuak jakinarazi du bertan behera utzi dituztela Navarrabiomed institutuan egitekoak ziren greba eta mobilizazioak, negoziazioetan aurrerapausoak sumatu ostean. Zehazki, Osasun Departamentuak langileen ordezkariei ziurtatu die diru partida bat jaso dutela datorren urteko aurrekontu proiektuan, biomedikuntzako lan hitzarmena aplikatu ahal izateko. «Aurrerapauso garrantzitsua da, eta garai berriari baikortasunez eta itxaropenez aurre egiteko aukera ematen digu, denbora honetan egindako esfortzu eta mobilizazioaren ondoren», adierazi du sindikatuak, ohar bidez.
Ikusi gehiago
Hala ere, LABek gogorarazi du gatazka ez dela amaitu eta langileek ez dituztela beren helburuak lortu. «Nafarroako Parlamentuak aurrekontu partida hori behin betiko onartzen ez duen bitartean, ezin dugu pentsatu konpromisoa bermatua dagoenik». Horrexegatik, mobilizazioak behin-behingoz etetea erabaki badute ere, sindikatuak ohartarazi du «oso adi» zainduko dituztela aurrekontuen tramitazioan emanen diren urratsak, «hitzarmenaren aplikazioa errealitate bihurtu arte eta ebatzi gabeko gai guztiak argitu arte».