Bilboko guardiako epaitegiak behin-behinean aske utzi du atzo Bilbon atxilotu zuten 20 urteko gaztea. Blocus Bilbao Instagrameko kontua kudeatzen zuelakoan atxilotu zuen atzo Espainaiko Poliziak, kontu horretatik istiluak eragitera deitzeagatik, jabetzaren aurkako delituak egiteko konspiratzeagatik eta talde antolatu bateko kide izateagatik. Aske utzi duten arren, maiztasun jakin batekin epaitegian aurkeztu beharko du bere burua.
Poliziak uste dut Telegrameko kanal bat ere kudeatzen zuela, eta horretan gaurko manifestazio batean parte hartzera eta istiluak sortzera deitu zuela. Poliziaren arabera, zenbait saltoki jomugan jarri zituen, «negozioen garrantziagatik eta eskaintzen dituzten produktuen kalitateagatik». Poliziak dio kanalean lehergailuak eta molotov koktelak egiteko jarraibideak ere kontsulta zitezkeela, baita «talde terrorista arabiarren» webguneetatik eratorritako materiala ere. Irakurleei mezuak zabaltzeko eskatzen zitzaien, mobilizazioetara jende gehiago erakartzeko.
Hiriburuetako zenbait saltokitan erakusleihoak babestu dituzte atzoz geroztik, oholak jarrita, istiluak gerta litezkeelakoan. Bilbon, esaterako, hala egin dute Plaza Biribileko, Kale Nagusiko eta Alde Zaharreko denda batzuek, eta Donostian, erdiguneko zenbaitek ere bai. Ikusgai dago, hala ere, zer gertatuko den, edo ezer gertatuko ote den. Aurreko asteburuan istilu handiak izan ziren Bilbon, eta hamazazpi lagun atxilotu zituzten.
Foruzaingoaren oharra
Gau Beltza ere bada gaur, bestalde, eta Foruzaingoak ohartarazi du maskara edo mozorro batek ez duela inpunitaterik ematen, istilu batzuk gertatuz gero, eta jakinarazi du gaur zaintza operazio berezia jarriko duela martxan, «aisialdi segurua bermatzeko, bandalokeriek ez dezaten nahasi jai egun bat». Ohartarazi du kaleko altzarien edo jabetza pribatuaren aurkako ekintzak ez direla txantxa bat, ondorioak dakartzatela eta kalteak gertatzen badira, adingabeen kasuan, gainera, gurasoak direla erantzule zibil eta ekonomikoak.