Askotan gertatzen da aurkako iritziek aldekoek baino gehiago batzen dutela. Atzo, batetik, jendetza mobilizatu zen Vito Quiles eskuin muturreko asaldatzaile espainiarrak Bilbon aurreikusita zeukan deialdia geldiarazteko asmoz. Gaur, bestetik, kargu publiko eta eragile anitzetako hainbat ordezkarik bat egin dute manifestazioen osteko istiluen aurka egiteko. Eusko Jaurlaritza izan da horietako bat. Adierazpen instituzional bat onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan, Bilboko jazoerak «irmoki gaitzesteko» eta «indarkeriazko ekintza larriak» pairatu zituztenei elkartasuna adierazteko.
Quiles Deustuko Unibertsitatean izatekoa zen atzo, baina hainbat eragilek mobilizazioak deitu zituzten asaldatzailearen agerraldia ekiditeko. Arratsaldean zenbait manifestazio deitu ziren faxismoari hiriburu bizkaitarreko ateak ixteko, eta azkenean lortu zen ekimena bertan behera uztea, inolako istilurik barik. Xaxatzaileak ekitaldia ofizialki deusteztatu zuenean, ostera, zenbait istilu lehertu ziren 19:20 aldera, Agirre Lehendakariaren etorbidean. Hainbat edukiontzi eta ibilgailuri su eman eta beste horrenbeste objektu jaurti zituzten bertaratutakoek, eta Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituen haien aurka. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur adierazi duenez, guztira hemeretzi lagun atxilotu zituzten, haietatik 11 adingabeak. Era berean, hiru lagun ikerketapean daudela gehitu du, autoak eta zaborontziak erretzeagatik eta zenbait merkataritza lokali eraso egitegatik.
Iluntzean lehertutako istiluen harira, atzo bertan hasi ziren lehen erreakzioak. Imanol Pradales Guggenheim museoan zen Hitz Sariak banatzen, eta ekitaldia eten zuen gertakarien inguruko «kezka sakona» azaltzeko. Argi utzi zuen «indarkeria» ez dela «probokatzaileei erantzuteko» bidea, eta faxismoaren aurka borrokatzeko «hitza» aldarrikatu zuen tresna gisa.
Hain zuzen, Jaurlaritzak gaur adierazi du «bizikidetzaren aurkako eraso zuzena» izan zela atzokoa: «Guztiz onartezina da talde antolatuek bizikidetza nahita asaldatzea. Horrek ez du inolako justifikaziorik». Are gehiago, argudiatu du «ezein kausak, ideologiak edo aitzakiak» ez duela indarkeria legitimatzen. «Ondoegi dakigu zer kalte eragiten duen indarkeria justifikatzeak».
Era berean, Ertzaintzaren lana goraipatu du gobernuak, esanez «irmo» jarduten segiko duela, atzokoak eta antzeko gertaerek «ondorioak» izan ditzaten: «Azkeneraino ikertu beharko dira, egileek justiziaren aurrean erantzun dezaten».
Istilu horien nondik norakoei erreparatuz, berriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak Radio Euskadin adierazi du «agitazio giro» bat dagoela, eta «muturreko mugimenduak » jarri ditu jomugan, erakundeen legitimitatea ezbaian jartzen dutelako. Aditzera eman du «kale indarkeria» baliatzen duten taldeak zein Europako beste hiri batzuetan gertatu diren jazoerek «animatuta» bertaratutako gazteak egon zirela atzoko istiluetan, eta «Europako mugimendu bortitzak berdindu nahi» zituztela. Hala, uste du Quiles bertaratu edo ez indarkeria erabiltzeko prest zegoen jendea zegoela.
Era berean, baina, Euskal Herrian jazotako beste gertaera batzuekin lotu nahi izan du atzokoa, eta iazko urriaren 12an Gasteizen Falangeren elkarretaratzearen kontra egindako protesta eta oraintsu Gasteizen egindako etxegabetzearen kontrako elkarretaratzea aipatu ditu. Iraganera begiratzeko ere aprobetxatu du, beste kasu batzuetan egin bezala, eta esan du aurrez ere gizartearen zati batek justifikatu izan duela indarkeria: «Hori ez dugu sendatua».
EH Bilduk, bere aldetik, «erabateko gaitzespena» azaldu du atzo iluntzean izandako «jokabide bortitz eta antisozialen aurrean». Talde subiranistak «bizikidetza» eta «herritarren ongizatea» ekarri ditu lehen lerrora, eta azaldu du faxismoari eta ultraeskuinari eman beharreko erantzunetik kanpo dagoela «bandalismoa». Maria del Rio Bilboko alkategaiak ere gertakari «tamalgarriak» gaitzetsi ditu, aurretiko «ereduzko erantzun herrikoi, baketsu eta demokratikoak» aldarrikatuz.
Ildo beretik, ELAk atzoko «mobilizazio baketsuak» goraipatu eta babestu ditu, baina osteko istiluak arbuiatu; ez soilik «mezu antifaxistaren balioa indargabetzen» dutelako, baizik eta indar erreakzionarioei «mesede» egiten dielako ere, egoera horietatik «bakarrik» haiek ateratzen dutelako «etekin politikoa».