Bosgarren astez, medikuak grebara deituak daude Hego Euskal Herrian

Osakidetzako eta Osasunbideko sendagileek lanuzteak eta protestak eginen dituzte aste honetan, Espainiako Osasun Ministerioak onartutako esparru estatutuaren kontra.

Mediku bat, Donostian egin zuten manifestazio batean. Artxiboko irudia da. JON URBE / FOKU
Mediku bat, Donostian egin zuten manifestazio batean. Artxiboko irudia da. JON URBE / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko ekainaren 15a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Medikuen ezinegonak ez da baretu, eta litekeena da uda ostean ere halaxe segitzea. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako sendagileak grebara deituak daude aste honetarako. Urte politiko honetako bosgarrena eta azkena izanen da, baina horrek ez du esan nahi horren ostean lan gatazka bukatuko denik. Are: greba mugagabearen mamua gero eta gertuago ikusten dute askok.

Espainiako Osasun Ministerioak hitzartutako eta onartutako esparru estatutuaren kontra daude, eta medikuen oinarrizko lan baldintzak arautzeko estatutu propio bat nahi dute. Horregatik, greba deialdia Espainiako Estatu osorako egin dute medikuen sindikatu eta elkargoek —besteak beste, Euskadiko Mediku Sindikatuak eta Nafarroako Mediku Sindikatuak— eta protesta nagusia Madrilen eginen dute, gaur eguerdian, Osasun Ministerioaren parean.

Hego Euskal Herrian ere antolatu dituzte protestak eta mobilizazioak: bihar, Txagorritxuko ospitaleko kanpo kontsultategien parean (Araba) eta Tuterako Reina Sofia ospitalearen kanpoaldean (Nafarroa) elkarretaratuko dira; ekainaren 17an, manifestazioa eginen dute Bilbon, eta beste protesta bat eginen dute Lizarrako Garcia Orkoien ospitalearen parean; eta ekainaren 19an, berriz, elkarretaratzeak eginen dituzte Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Grebaren antolatzaileek iragarri dute mobilizazioak behin-behinean etengo dituztela uztailean eta abuztuan, osasun zentroetako langileak are gehiago ez zamatzeko —lantaldeak txikiagoak baitira, oporren ondorioz—, baina asmoa dute irailean lanuzteei berriz heltzeko. Gerta daiteke, gainera, irailean greba mugagabea izatea. Hala iradoki zuten EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek, ekainaren 10ean Donostian egin zuten agerraldian.

Deialdi horiez gain, Nafarroako Mediku Sindikatuak greba mugagabera deitu du uztailaren 1etik aurrera, baina soilik arratsaldez: deialdiarekin bat egin duten sendagileek ez dute aparteko lanordurik eginen arratsaldez. Lanordu horiek boluntarioak dira berez, baina sistemari eusteko ezinbesteko tresna dira gaur egun, itxaron-zerrendak murrizteko balio baitute.

Osasunbideko sindikatuak

Medikuen sindikatuen protestak ez dira datozen egunetan osasun sektorean eginen dituzten bakarrak. Osasunbideko LAB, SATSE, SAE, UGT, Afapna eta ELA sindikatuek, esate baterako, elkarretaratzea eginen dute bihar 11:00etan, Iruñeko Vianako Printzea kontsultategiaren parean. «Kalitatezko osasun publikoa eta lan baldintza duinak» eskatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE