Atzera eta aurrera begiratu du Pradalesek bere hitzaldian. Legealdiaren erdira iritsi dela eta, agintaldiaren balantzea egiterakoan gogobeteta mintzatu da. Ekonomia izan da, hala ere, haren hitzaldiaren abiapuntua. Lehendakariak kezka agertu du munduan piztuta dauden gatazkak eragina izaten ari direlako herritarrengan eta enpresengan. Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu dio luza ditzala inflazioari aurre egiteko neurriak irailaren 30etik aurrera ere, eta aintzat har dezala zenbait lehengaien BEZ zerga murrizteko Jaurlaritzak egin zion proposamena.
Aurrera begirako erronkak ere finkatu ditu Pradalesek, eta gogorarazi du aurten hamahiru lege proiektu eramango dituztela legebiltzarrera. Horiez gain, hala ere, arreta zehazki bost gaietan jarriko duela jakinarazi du. Bost herri konpromiso proposatu ditu lehendakariak: klima aldaketa, adimen artifiziala, lehiakortasuna eta enplegua, hezkuntza, eta ongizatea. Hala, iragarri du 340 milioi euro bideratuko dituela beroari aurre egiteko plan bat garatzeko, eta herri estrategia bat ere bultzatuko du adimen artifizialaren estrategia lantzeko.
«Absentismoari» aurre egiteko herri akordio bat lortzen saiatuko dela ere esan du. Hain justu ere, «arduraz» jokatzeko deia egin die hala sindikatuei nola patronalari. Sindikatuei ohartarazi die egoera ziurgabeari ezin zaiola lan gatazkarekin erantzun, eta patronalari eskatu dio gazteei lan baldintza erakargarriak eskaintzeko eta lanbide arteko gutxieneko soldata bat negoziatzeko.
Etxebizitzaz eta segurtasunaz ere jardun du Pradalesek, baina, jada iragarritakoez gain, ez du beste neurririk proposatu. Esan du astelehenean aurkeztuko dutela etxebizitzaren funts soziala, «klase ertainentzako eskaintza bizkortzeko helburua duena». Eta gogora ekarri du udazkenean segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoa egingo dutela, eta hark aukera emango duela neurri posibleei buruz eztabaidatzeko.
Leial, baina kritiko
Oposizioak begi onez hartu ditu Pradalesen esanak, baina kritikak ere egin dizkio. Erronken tamainako plan bat ez aurkeztea egotzi dio EH Bilduk. Gogorarazi dio, esaterako, klima larrialdiaren azelerazio prozesu betean gobernua ez dela gai izan lurralde plan sektorial bat onartzeko, ezta euskararen biziberritzeari buruzko Jauzia Gara ekimena zehazteko ere. Bada, «jauzi kualitatiboak» eskatu dizkio lehendakariari. Hain justu ere, euskarari dagokionez, euskara ikastea eskubide subjektibotzat onartzea proposatu dio.
Oposizioaren rola hartu du PSE-EEk ere, gogorarazita gobernu programa partekatu arren jeltzaleek eta sozialistek bi tradizio politiko ezberdin ordezkatzen dituztela. Jaurlaritzan EAJk kudeatzen dituen arloetan egin du azpimarra Eneko Anduezak: kritiko azaldu da Osakidetzan, hezkuntzan eta segurtasun arloan egindako kudeaketaz. Edonola ere, tonua nabarmen apalduta, gobernu koalizioa defendatu du, eta ziurtatu du PSE bazkide «leiala» izango dela. Lehendakariak eskertu egin ditu Anduezaren hitzak.
Alderdi Popularrak, berriz, gogor egin du Jaurlaritzaren kontra. Kudeaketan eskas aritzea egotzi dio Pradalesi, eta herritarren arazoei erantzuteko gai ez izatea leporatu. Bereziki hezkuntza jarri du jopuntuan Javier de Andresek, PISA azterketaren emaitzak oinarri hartuta: Begoña Pedrosa kargugabetzeko eskatu dio. Estatutu berriaren negoziazioari buruz, bestalde, «gutxiengoak gutxiesten aritzea» egotzi dio: «Gustatuko litzaizuke Euskadiren etorkizunaz Madrilen erabakitzea, EAJ aintzat hartu gabe?».
Sumarrek, azkenik, salatu du «eskuinera lerratu» dela Jaurlaritza, eta EAJri eta PSE-EEri leporatu die gutxi batzuentzat gobernatzea. Zerbitzu publikoen narriadura salatu du Jon Hernandezek, bereziki Osakidetzarena. Eta lehendakariari eskatu dio etxebizitza merkatuan esku hartzeko, espekulazioari aurre egin ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa babestu du, bestalde, Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak, eta gobernuaren «egonkortasuna» eta lehendakariaren lidergoa nabarmendu ditu. Oposizioaren jarrera eta tonua ere goretsi ditu, baina aurrera begirako erronkei dagokienez akordioetara batzeko deia egin die gainerako alderdiei.