Alderdien jarduera politikoa hauteskundeei begirako argipean doa aurrera sarri, eta, bozak gerturatu ahala, argi hori indartsuagoa bihurtzen da. Urtebete baizik ez da geratzen udal eta foru hauteskundeetarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta alderdiek azeleragailuari eragin diote azken hilabeteetan, betiere argitara ematen diren inkesten eta batez ere barne galdeketen gaineko arreta galdu gabe. Boto emaileen aurrean kontakizun zehatzak eratzen jarraitzeko garaia da, eduki askotarikoei dagokienez: etxebizitza, euskara, osasuna... Kontakizun horien bozgorailuek gora egingo dute hauteskunde kanpaina iristen denean, baina, dagoeneko, alderdien arteko harremanari badario hauteskunde usain ezaguna.
Udalerri eta lurralde jakinei loturiko gaiek pisu handia izaten dute udal eta foru bozetan; badira, ordea, denei eragiten dieten edukiak ere. Alderdi bakoitzak lurralde bakoitzean duen egoera aztertzeko, hiru politologorekin aritu da BERRIA.
ARABA
Begiradak Gasteizen
Duela hiru urte, EAJ-PSE bikoak ez zuen behar besteko ordezkaritza izan Arabako Foru Aldundia bere kabuz bereganatzeko, eta PPren laguntza ezinbestekoa izan zen Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi bihurtzeko. EH Bilduren hazkundeak berriro eragingo ote du halako egoera bat? Zuriñe Rodriguez politologoak dioenez, alderdiek Gasteizen jarriak dituzte begiak, hura da «benetako gudu zelaia». Uste du aldundia, «garrantzitsua izanda ere, bigarren mailan» utziko dutela, eta horrek isla izango duela hautagaiei begira; alegia, Rodriguezen apustua da alderdiek Gasteizerako gordeko dituztela beren hautagairik onenak.
Eta horrek badu lotura foru aldundiarekin; gogoratu du EAJk argitu behar duela Gonzalez ahaldungai nagusi izango den berriro, «edo agian Gasteizko alkategai, jeltzaleek ez baitute alkategai ona Gasteizen». Horren arabera, emaitzak era batekoak edo bestekoak izan daitezke Araba osoan. Gonzalezi «arabartasun argia» ikusten dio, eta PPrekin eta PSErekin harreman onak edukitzeko gaitasuna ere bai. «Haren soslaia ez da EAJren hautagaien artean soslairik ohikoena: lehen-lehenik arabarra da, herritarrei oso lotua».
Rodriguezek azpimarratu du PP bere «hautagai sendoenak Gasteizen» jartzen ari dela, ez foru mailan, eta horrek lagunduko duela, beharbada, «PSErentzat errazagoa» izatea berriro PPrekin aliantza bat egitea Batzar Nagusietan, EAJko ahaldun nagusi bat izendatu dezaten, esaterako, «EH Bilduren hazkundeak ez baitu zertan gelditu», haren ustez. Baina, politologoak dio EH Bilduk ere Gasteiz duela begiz joa, han baitu bere hautagai sendoena: Rocio Vitero, azken bozetako irabazlea. «Gakoa da Gasteiz dela Euskal Herri osoan lehia handiena izango duen hiriburua, eta ez soilik EAJ eta EH Bilduren artean: PP eta PSE ere jokoan sartzen dira han. Laurak egon ziren oso hurbil azken bozetan». Hala ere, Vitero jotzen du faboritotzat: «Gasteiztar arrunt baten soslaia dauka: euskaldun berria, ezkerrekoa, guraso etorkinekin... eta haizea alde dauka, EH Bilduren hazkunde orokorrari esker».
«Euskal Herri osoan lehiarik handiena izango duen hiriburua da Gasteiz, eta ez soilik EAJ eta EH Bilduren artean, PP eta PSE ere jokoan sartzen baitira han»
ZURIÑE RODRIGUEZ Politologoa
Rodriguezek azaldu du litekeena dela Batzar Nagusietan berriro EAJ, PSE-EE eta PPren arteko aliantza bat egotea, «zeren eta aliantza horrek ez die higadura handirik ekarri oraindik PSEri eta EAJri, PP ikusezin bati esker». Bestela gertatzen da Gasteizko Udalean. Uste du PPk kanpaina gogorra egingo duela han.
PSE-EE, berriz, ez du egoera oso onean irudikatzen, Maider Etxebarria alkatea «nahiko galdua» ikusi baitu bere kudeaketan, eta ez du baztertu sozialistek beste alkategai bat aurkeztea. «Beharbada Madrilera joan daiteke, alderdiaren barruan lan egitera», aurreratu du Rodriguezek. Edonola ere, EAJk eta PSEk udal gobernuan jarraitze aldera, litekeena da PPren babesa behar izatea berriro, eta hor bada berrikuntza bat: «PPren hautagai Iñaki Calvo oso hautagai sendoa da, gaztea, euskalduna eta gasteiztar petoa. Urtebete darama oposizioburuaren lana egiten, nahiz eta zinegotzi baizik ez den. Kontua da PPren ildo gogorrekoa dela, Marotoren lorratzekoa edo». Horrek guztiak esan nahi du Gasteizko lehia inoiz baino irekiagoa izango dela.
BIZKAIA
Ezkerraldearen puzzlea
Bizkaian ez da aldaketa handirik espero foru aldundiari dagokionez. Silvan & Miracle aholkularitzako politologo Mikel Gomezek dio lurralde egonkorrena dela, EAJren nagusitasunari esker, baina, azken urteetan, joera batzuk azaleratzen ari direla. «Azken bozetan esanguratsua izan zen EAJren boto galera eta EH Bilduren gorakada, baina bien arteko tartea oso handia da oraindik: hamar puntu baino gehiago». Hauteskunde deialdi batetik bestera gainditzen ez den tartea da hori, Gomezen ustez, eta, beraz, jeltzaleak berriz gailenduko direla espero du. «PSE-EEren babesarekin, foru aldundia gobernatzea lortu beharko luke».
Bilbo eta Bizkaiko erdiguneko udalerrietan indarrez jarraitzen du EAJk, baina zenbait udalerri handiri arretaz erreparatu behar zaiela uste du. «Santurtzin egon daitezke aldaketak, esaterako, alkatearen dimisioaren auzia dela eta; sozialistekin batera gehiengoa balute ere, ez dut argi ikusten hor EAJ-PSE gobernu bat eratuko denik, ustelkeria zipriztinak tarteko». Ikusi beharko litzateke PPk zinegotzia ateratzen duen ala ez; «azkenerako, PSE prest badago Santurtzi EAJri emateko, agian PP ere bere alea jartzeko prest legoke, ezkerreko udal gobernu bat galarazteko».
Gomezek udaletan jartzen du arreta handiena. Getxon ere arazoak izan ditu EAJk, eta zenbait zinegotzik dimisioa eman behar izan dute, irregulartasunak tarteko. Bizkaiko udalerririk populatuenetan hirugarrena da hura. «Antzeko auzia dago han, baina, Getxon, EAJren boto emaile batzuen ihesaldiren bat egonez gero ere, nahiko segurua da jeltzaleek eutsi egingo diotela udalerri handi horri, PPk bermatuko lukeelako haren udal gobernua».
«Ezkerraldean, gehiengoa jada ez dute osatzen Espainiatik iritsitako etorkinek, baizik haien seme-alabek eta ilobek, eta PSE belaunaldi errelebo bati aurre egin beharrean da»
MIKEL GOMEZ Silvan&Miracle aholkularitzako politologoa
Hala ere, politologoak garbi esan du EAJri ez zaiola komeni PPrekin aliantzak egiten hastea udalerriei eusteko. «Gauza asko gertatzen ari dira estatuan, PPrekin eta Voxekin, eta horrek bere pisua dauka». Getxoko Udalak EAJrentzat duen garrantziaren arabera, beharbada PPrekiko jarrerari buruzko erabaki bat hartu beharko dute jeltzaleek, Gomezen ustez. Durangon aktibatu zen aukera hori 2023ko bozetan, EH Bilduren udal gobernua galarazteko, eta, beraz, ezin da baztertu PP ezinbestekoa litzakeen formula aplikatzea berriro, bilkideen gobernuak eragozteko zenbait udalerritan, esaterako Durangon bertan. Gernikari ere arreta jarri beharko zaiola gogoratu du politologoak. Hura kasu berezia dela esan du, EAJ banatu egin zuelako Gorroñoren hautagaitzak. Azken udalerri bat ere aipatu du politologoak: Galdakao. EH Bilduren eskuetan egon da azken legealdietan, eta, orain, Usansolo udalerri gisa eratuta, ikusi beharko da horrek zer eragin duen Galdakaoko boto emaileen soziologian. «EH Bilduk ez luke arazo handirik izan behar udal horri eusteko, baina ezin da jakin».
Ezkerraldean, berriz, Santurtzitik harago, Portugalete PSErena izango dela aurreikusi du Gomezek, baita Sestao jeltzaleen esku geratuko dela ere, ziurrenik. «Barakaldon ez dago argi EAJk edo PSEk irabaziko duen, baina bietako bat izango da. Hala ere, eskualde horretan EH Bildu hazi egin da azken urteetan, eta ikusteko dago joera horrek aurrera jarraitzen duen eta, etorkizun hurbil batean, bilkideak benetako alternatiba izan ote daitezkeen».
Gomezek azpimarratu du udalerri oso handiak direla Ezkerraldekoak eta langile klasea nagusitzen dela han. «Gehiengoa jadanik ez dute osatzen Espainiatik iritsitako etorkinek, baizik haien seme-alabek eta ilobek, eta PSE belaunaldi errelebo bati aurre egin beharrean da. Euskararen aldekoak dira gehienak, eta euskaren inguruko auzian nola jokatzen duen oso gertutik aztertu beharko da».

GIPUZKOA
Bikoa eta PPren beharra
«Gipuzkoa izan da EAEren egungo alderdi sistemaren aitzindaria edo, beste modu batera esanda, EAEk Gipuzkoaren gero eta antz handiagoa dauka», esan du Ion Ansa politologoak. Alderdi guztiak bi taldetan banatu ditu Ansak: batzuk «jarraitutasunaren poloan» sartu ditu, eta beste batzuk «aldaketaren poloan». Lehen multzoan, EAJ da liderra, eta bigarrenean, EH Bildu. «PSE jarraitutasunaren poloan lerraturik dago, eta biek batera gaitasuna izan dute Gipuzkoako erakunde nagusiak gobernatzeko, baina orain beste baten babesa ere behar dute batzuetan». Hirugarren indar horren rola Ahal Dugu-k joka dezakeela uste du Ansak, «aldaketaren multzotik», edo PPk, «sistematik at jokatzen duen alderdiak».
Jarraitutasunaren poloa beherantz doa, azken bozak aintzat hartuta. EAJk eta PSEk, batera, 35.000 boto galdu zituzten duela hiru urte Gipuzkoan. EH Bildu, berriz, gora dator, eta, Ansaren hitzetan, «ez dago arrazoirik pentsatzeko joera horrek goia jo duela». Kontua da aldaketaren poloak ez duela nahiko indar errelebo bat suertatzeko foru aldundian, Ahal Dugu beherantz baitoa. Politologoak ez du uste Gipuzkoan orain espazio horretako botoak osorik eskuratuko dituenik koalizio abertzaleak. Eta datu bat eman du: «Azken foru hauteskundeetan, EH Bilduk 120.000 boto atera zituen, 2011n aterata zeuzkanak gutxi gorabehera, eta Ahal Dugu ez zegoen orduan».
Urtebete barruko bozetan, gakoetako bat izango da EH Bildu «bere jatorrizko espazio naturaletik harago» joateko gai izango ote den: «Ez Oiartzunen edota Hernanin, adibidez, baina agian bai Irunen, Errenterian edota Zumarragan». Udalerri horietako langile auzo berrietan koalizioa nagusitzen hasi dela azaldu du Ansak, 1960ko hamarkadan iritsitako migranteen seme-alabek eta ilobek beste modu batera jokatzen dutelako beren arbasoekin alderatuta.
«Jokoan dauden multzo horietan bertakotasunak erabakitzen du: klase ertaina dira, euskal herritarrak, eta ez Espainian jaio eta hona etorritakoak; PSE ez da ondo neurtzen ari euskararen auzia»
ION ANSA Politologoa
EAJk, berriz, ez du zertan izan deskalabrua aurrez aurre. «Oraindik ere bere emaitza naturaletan dabil». Eta erantsi du jarraitutasunaren poloaren liderra denez, horrek berak galarazi egiten duela EAJ amiltzea. PSE-EEren geroa bestelakoa da, ordea, Ansaren arabera. «Egia da gobernantzaren giltza hark duela eta izango duela. Hark erabaki dezake jarraitutasunaren eta aldaketaren artean. Baina, orain, Eneko Andueza ardatz identitarioa sartzen ari da ekuazio horretan, eta Ahal Dugu ere horretan sartu da».
Analisi hori okerra dela uste du Ansak, «jokoan dauden multzo horietan —batez ere, langile klasea— bertakotasunak erabakitzen baitu: euskal herritarrak dira, ez Espainian jaio eta hona etorritakoak; ez dute zertan soilik Espainia mailako alderdiei begira egon. Ez alferrik, zerbaitek azaldu behar du EH Bilduk eta EAJk botoen %70 biltzea Eusko Legebiltzarrean».
Ansak uste du PSE-EE ohartu dela EH Bildu sartzen ari dela bereak izan diren arrantzalekuetan, eta horrek erreakzio bat ekarri duela. «Horrela ulertu behar da euskararen inguruan egiten ari den politika, adibidez. Baina ez dira ondo neurtzen ari. Bertakoak dira mezu oldarkor hori jasotzen duten gehienak, euskararen aldekoak alegia». EH Bildu «jarrera integratzailearekin» dabil gainera, «adimen handiz», eta ardatz nazionala ez ei dago eztabaidaren lehen lerroan, gainera. «Polarizaziorik ez du nahi EH Bilduk, bai baitaki horrek EAJri egingo liokeela mesede. Aldaketa lasaia dauka helburu».
Foru gobernuan erreleboa egon dadin zailtasunak dauden bezala, Donostiako Udalean ere ez da espero aldaketarik udal gobernuan, poloen egitura tarteko, baina udal bozak nork irabazten dituen jokoan dago. «EAJk 7,3 puntu galdu zituen azken bozetan; EH Bilduk, 5,8 irabazi. Joera oso nabarmena da, eta, horren aurrean, EAJk Goiaren erreleboa aurreratu du Insausti prestatzeko». Alkate berriak migranteak eta segurtasuna nahasteko apustua egin du, atxilotuen jatorria emateko erabakiarekin. «Eszeptikoa naiz horrek benetan botoa ekartzen ote duen», dio Ansak. «Askoz ere garrantzitsuagoa izango da etorkizuneko proiektuak mahai gainean jartzea, eta, arazo guztien artean, etxebizitzarena nagusitzen dela argi dago, ez segurtasunarena. Horrela ulertu behar da Jon Insaustik eta Denis Itxasok etxebizitzaren edukian duten lehia».