Carmen Albak terrorismoaren gorazarrearekin erlazionatu du Mikel Zabalza

Agoizko Udalari agindu dio mural bat ezabatzeko, «ETArekin lotutako sinboloak» kendu behar direla arrazoituta. Zabalzaren familiari «mingarria» egin zaio eskaera hori

Mikel Zabalzaren irudia eta torturaren aurkako aldarria duen murala, Agoitzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Zabalza gogoan! Tortura 1960-2013: 3587 tortura salaketa Euskal Herrian, Aztnugal. Agoizko Merkatu plazan mural hori dago margotuta, eta Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak kentzeko exijitu dio udalari. Albak azaldu duenez, Auzitegi Nazionalak behartu egiten du «ETA erakunde terroristarekin erlazionatutako sinbolo oro» ezabatzera —hala nola «ETAko kideen argazkiak, lelo edo ikurrak...»—. Atzo, Espainiako Gobernuaren eskaera jendaurrean zabaldu ondotik, bere burua justifikatu nahi izan zuen Albak: «Inondik ere ez da Mikel Zabalza ETArekin erlazionatzen». Haren esanetan, aztnugal eta tortura hitzak dira arazo, estatuko segurtasun indarrak iraintzen dituztelako.

Zabalzaren sendiari, ordea, «mingarria» egin zaio Espainiako Gobernuaren azken ekinaldia. «Ez dakit zertara datorren hau», zion atzo Lourdes Zabalzak, Mikelen arrebak. « Jose Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa Zabalza atxilotu eta torturatu zuten garaian] esan zuen hutsegite bat izan zela eta ez zuela zerikusirik». Sendiak bere iritzia jakinaraziko du gaur, Agoizko Udalarekin batera emango duen prentsaurrekoan.

Zabalzaren kasuaren berri jakinda, bereziki mingarria gerta daiteke Espainiako Gobernuak Agoizko Udalari egindako eskaera. 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza, ETAko kide izatea egotzita. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Endarlatsara eraman zuten, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua. Tortura aztarnak izan arren, Espainiako Justiziak bi aldiz itxi zuen ikerketa.

Barkos: «Hanka sartzea da»

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariaren arabera, Albak erakutsi du ezjakintasun handia duela Mikel Zabalzaren kasuan. «Hanka sartze nabarmena dela esango nuke. Familiarentzat mingarria da», esan du. Horregatik, zentzuz jokatzeko eskatu dio Espainiako ordezkariari.

Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak gogor kritikatu du Albaren jarrera, eta gogorarazi du «polizien biktima» izan zela Zabalza, nahiz eta zehazki jakina ez izan nor diren haren hiltzaileak. Araizen ustez, ordezkariaren jarrera politikoki gaitzetsi beharra dago, eta Albaren dimisioa eskatu du. Adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo du. «Ez dugu ulertzen zergatik egiten den gurutzada hau, baina, Nafarroako gizarte osoak bezala, badakigu nola hil zen Mikel Zabalza».

Javier Garcia Nafarroako PPko parlamentariak Albaren jokabidea defenditu du, eta «egungo legedia betearaztera» mugatu dela deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA