EHEk egindako protesta ekintza jakin baten harira, CCOOk ohartarazpena egin dio mugimendu euskaltzaleari: atzera egiten ez badu auzitara jotzea aztertzen ari da. Abenduaren 24an eman zuen EHEk ekintza horren berri: sare sozialetan bideo bat zabaldu zuen, erakusteko Gasteizen sindikatuak duen egoitza parera joan zirela bi ekintzaile Olentzeroz jantzita, eta hantxe atarian ikatza bota zutela, eta pegatinak ere itsatsi zituztela. Bi mezu zabaldu zituzten pegatinak itsatsita: CCOO euskararen etsaia! eta Euskaraz eta harro.
Ikusi gehiago
Kaleko ekintza asko egin ditu EHEk bere sorburutik, kalean ekintzak egitea izan da bere jardunaren helburuetako bat beti, eta CCOO sindikatuak administrazio publikoko hizkuntza eskakizunen harira izan duen jarrera kritikatu nahi izan zuten ekintza horren bidez.Â
Otsailean heldu zitzaion EHEri CCOOren ohartarazpena, sindikatua ordezkatzen duen abokatu talde baten izenean, postaz. Abokatu talde hori espezializatuta dago patenteetan eta marketan, eta Madrilen du egoitza. Testu horretan propio eskatu zioten EHEri kentzeko Gasteizeko egoitzako atarian egindako ekintzaren bideoa, eta ez egiteko gehiago halako ekintzarik. Izan ere, abokatu talde horren arabera, ekintza hori «kaltegarria» izan zen sindikatuarentzat, eta urratu egin zituen haren irudi, izen on eta marka eskubideak.
Ohartarazpen horretan jartzen du sindikatuaren egoitzako atean «bandalismoa» egin zutela EHEko ekintzaileek, eta Euskal Herriaren eta euskararen aurkako «gorroto» mezuak ipini zituztela. Horren berri emateko bideoa @ehebizi kontuak «baimenik gabe» zabaldu zuela ere jartzen du. Horiek horrela, «bandalismoa eta markaren erabilera laidoztatzailea» leporatu dizkiote EHEri.
Ikusi gehiago
Jakinarazpenean aipatzen da, halaber, EHEren webguneko lotura baten harira, Andoaingo Udalari ere egin zaiola «kalte». Ulertzen zaila da lotura hori, oso nahasia da erredakzioa, eta ez dute zehazten, gainera, zer harreman duen horrek kexaren abiaburua den ekintzarekin.Â
Delitu zerrenda
Ohartarazpenean zerrendatuta daude abokatu talde horren ustez EHEri egotzi dakizkiokeen delituak. Hauexek dira: laidoak, besteren jabetzako kalteak, jabego industrialeko urratzeak eta lehia desleiala. Jasota daude, halaber, ustez ekintza horretan urratutako legeak.
Horiek horrela, hiru eskabide egin zizkioten jakinarazpenean EHEri. Lehena: X sare sozialetik zabaldutako eduki «arau hauslea» kentzeko, eta beste bideren batetik zabaldu bazuten ere ezabatzeko. Bigarrena: uko egitea etorkizunean ekintza hori edo «antzekoak» egiteari. Hirugarrena: aurreko eskakizun horiek bete dituztela idatziz baieztatzea. Bost egun eman zizkioten EHEri eskabide horiek konplitzeko.Â
Eskakizun hori beteta auzia era «adiskidetsuan» bideratzeko modua izango zuela jakinarazi zioten abokatuek EHEri. «Baina emandako epean erantzunik ez bada, edota akordiorik lortzen ez bada, gure eskatzaileak eskubidea izango du auzibidea abiarazteko», jaso zuten jakinarazpenean. Ohartarazpenarekin batera agiri bat helarazi zioten abokatuek mugimendu euskaltzaleko kideei: prestatuta zegoen propio EHEko kideek bete zezaten eta adieraz zezaten prest zeudela eskabide guztiak konplitzeko. Horiek horrela, CCOOren ordezkarien jakinarazpenean nabarmendu zuten ohartarazpena «fede onez» eginda zegoela, eta auzitara jo gabe «konponbide bat adostea» zela helburua.Â
BERRIAk jakin du mugimendu euskaltzaleak ez dituela eskakizun horiek bete. Hain justu ere, aipatutako bideoa ez dute sareetatik kendu, eta ikusgai dago oraindik. Aurki gai horren inguruan agerraldi bat egiteko asmoa dute EHEko kideek.Â