Prentsaren aurrean agertu da gaur CCOO sindikatuaren Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritza, joan den astean Argia aldizkariak Nor dago oldarraldiaren atzean? ikerketa lana argitaratu ondoren, haien jardunaren inguruan izandako eztabaidaz mintzatzera. «Argi daukagu hizkuntza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela, eta, horrekin lotuta, enplegua defendatu behar da, hori ere eskubidea delako», adierazi du Alfonso Rios hizkuntza politikaren arduradunak. Hala ere, ontzat jo du sindikatuko kide batek Errenteriako Udaleko (Gipuzkoa) hizkuntza eskakizunen auzian izandako jokabidea, hau da, lan eskaintzan interesik ez zuen jendea ere bilatzea helegiteak aurkezteko: «Beldurra badago, orduan bai, orduan egingo genuke, eta hori izango litzateke langileak antolatzea».
Ikusi gehiago
Errenteriako Udalak berriki etendako lan deialdi bat izan zen Argia-ren ikerketaren abiaburua. 25 administrari lanpostu hautatzeko zen, eta C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat. Erreportajeak egiaztatu zuen «euskararen aurkako talde antolatu bat» aritu zela deialdiaren aurka, eta bertan parte hartzeko interesik ez zuen jendearen bila aritu zirela helegiteak aurkezteko. Kanpaina horren atzean Euskara Denontzat taldea egon zen, eta haren buru, Sabin Zubiri CCOOko kidea. Riosek azaldu du zuzendaritzak ez zekiela sindikatuko kide bat auzi horretan esku hartzen ari zenik: «Zenbait pertsona sindikatuko militanteak izan daitezke, eta beste eragile batzuetakoak ere bai. Beste tokietan egiten dutenari buruz guk askotan ez dakigu ezer».
«Norbait babes bila etorriko balitz sindikatura, esanez bere herrian beldur dela arazoak izan ditzakeelako, orduan bai, orduan babesa emango genioke»
ALFONSO RIOS EAEko CCOOko hizkuntza politikaren arduraduna
Hala ere, ez du jokabide hori gaitzetsi, eta are, esan du gauza bera egingo luketela: «Norbait babes bila etorriko balitz sindikatura, esanez bere herrian beldur dela arazoak izan ditzakeelako, orduan bai, orduan babesa emango genioke». Propio galdetuta ea lanpostuan interesik ez duten hautagaiak bilatuko lituzketen helegiteak faltsutzeko, berretsi du baietz: «Gure ustez, ez da faltsutzea. Azken finean, sindikatuaren babesaren bila datorren pertsonak badu interesa lan eskaintza publikoan; esaten badigu beldur dela edo ez dela ausartzen, orduan bai, orduan bilatuko genuke [jendea helegiteak aurkezteko]».
Ikusi gehiago
Bestela ere, sindikatuak hizkuntza politikaren alorrean dituen irizpideak defendatu ditu Riosek. Haren arabera, CCOOren proposamenek «erdiko bidea» osatzen dute, euskara ikasteko erraztasunak jasotzen dituelako; tartean, euskara ikasteko doakotasuna C1 mailara arte zabaltzea, eta enpresetan ere liberazioak bideratzea. Ildo horretan, «hizkuntza eskakizunak errespetatzea ezinbestekoa» dela esan du, baina bi printzipioren mende utzi du: «proportzionaltasuna eta progresibitatea».
«Ez da albistea CCOOk posizio diferenteak izatea hizkuntza koofizialen inguruan: Kataluniako errealitate soziolinguistikoa ez da Euskadikoaren berdina, batzuek edozer diotela ere»
SANTI MARTINEZ EAEko CCOOko idazkari nagusia
Hain zuzen, Riosek zehaztu du derrigortasun indizea dela hori antolatzeko tresna, euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den ezartzen baitu. Eta hor dago eztabaida juridikoaren parte bat: hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, ehuneko hori gutxienekotzat hartzen zen, eta hortik gorako eskakizunak ezarri dituzte askotan erakundeek —adibidez, Errenteriako Udalak—; hainbat epailek, ordea, ondorioztatu dute gehienez eska daitekeela ehuneko hori.
Azken ikuspegi horrekin bat dator CCOO: hizkuntza eskakizunak indizetik gora jarriz, legea urratzea egotzi die administrazioei. Adibide bat jarri du Riosek: «Ezin da berdina eskatu Azkoitian eta Bastidan, bi herri horietako errealitate soziolinguistikoa eta euskararen ezagutza ez delako berdina, eta, beraz, betekizunak eskatzeko abiapuntua ere ez delako berdina. Hori, gustuko izan ala ez, legezkoa da, eskakizunei buruzko [Jaurlaritzaren] dekretuak hala dio».
«Apartheid soziala»
Ildo horretan, Santi Martinez CCOOko idazkari nagusiak normaltzat jo du sindikatuak jarrera bera ez izatea Euskal Herrian eta beste lurralde batzuetan: «Ez da albistea CCOOk posizio diferenteak izatea hizkuntza koofizialen inguruan: Kataluniako errealitate soziolinguistikoa ez da Euskadikoaren berdina, batzuek edozer diotela ere. Aldiz, bai da albiste ustez euskara defendatzen duten sindikatuek eta elkarteek epaitegien aurrean kontzentrazioak egitea lanpostuak salbatzen dituzten epaiak errekurritu ditzaten. Hori anomaloa da».
CCOOko zuzendaritza osoaren babespean egin dute agerraldia Martinezek eta Riosek, eta deitoratu dute gaiaren inguruan «argudioekin eztabaidatu ezin izatea». Are, sindikatuaren kontra «apartheid sozialeko estrategia bat» abiatu dela salatu du Martinezek, eta adibide gisa jarri du Korrikaren antolatzaileek zuzendaritzaren partaidetzari «betoa jarri» izana: «Jazarpen kanpaina honen biktima nagusia euskararen sustapena izango da».